Hezkuntza parekidearen balioa eta beharra aldarrikatu dute, Zizurkilen

Tolosaldeko Ataria 2013ko mar. 1a, 10:25

Zizurkilgo Udaleko Parekidetasun batzordeak hainbat ekitaldi antolatu ditu martxoaren 8an Emakumearen Nazioarteko Eguna izango dela eta. Manifestu bat prestatu dute, ekitaldi guztietan presente egon dadin, eta bertan hezkuntza parekidearen balioa eta beharra aldarrikatu dute.

Manifestuaren eta ekitaldien berri Eva Usandizaga Parekidetasun zinegotziak eta Ainhoa Larrea udal teknikariak eman dute. «Martxoaren 8an oraindik orain aldarrikatzeko eta eskuratzeko eremu asko ditugu emakumeok, baina harreman afektibo sexualetan erreparatu dugu aurten, jakina delako emakumeen aurkako indarkeria, bere zentzurik zabalenean ulertuta, estu lotua dagoela maitasunaren, maitasun ereduen eta erakartze ereduen inguruko gizarte imajinarioarekin», azaldu du Usandizagak.

Sozializazio prozesuak maitasunaren eredu zehatza ezarri diela emakumeei esan du Usandizagak: «Ondokoen zerbitzura jarri gaitu, ‘maitasunagatik edozer’ egiteko prest dagoen emakumearen irudia goraipatuta». Maitasun istorioak irudikatzen dituzten film eta kantuak ikusi eta entzun besterik ez dagoela gaineratuz. Nor bere burua ezagutu eta maitatzen irakasten duen eredua aldarrikatu nahi dutela azaldu dute, «norberaren askatasuna beste edozeren gainetik jartzen duena eta harreman parekideetan maitatzeko eskubidea aldarrikatzen duena». Bide horretan, giltza hezkuntza parekidea dela dio Usandizagak. «Ikastetxeetan, etxean, komunikabideetan edota kalean jasotzen ditugun mezuek maitatzen irakatsi behar digute neskei eta mutilei», gaineratu du Parekidetasun zinegotziak.

Egitaraua

Martxoaren 3tik 10era. Itziar Nazabal margolariaren Sexuaren plazerra eta Ametsezko marokoar kaleak erakusketak, Atxulondo kultur etxea. Astegunetan eta larunbatean, 16:00etatik 20:00etara; igandean, 11:00etatik 14:00etara.

Martxoaren 5ean. 50 sombras de Grey liburuaren eta emakumearen rolaren inguruko mahai ingurua, 19:00etan, Atxulondo kultur etxean.

Martxoaren 8an. Elkarretaratzea, 19:00etan, Joxe Arregi plazan. Gezurrezko printzea antzezlana, 20:00etan, Atxulondo kultur etxean.

Martxoaren 9an. Irteera Oteiza museora eta Iruñera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!