Iritsi da final handien eguna

Tolosaldeko Ataria 2017ko api. 28a, 20:43

Aiztondoko XX. Pilota Topaketaren azken partidak larunbatean jokatuko dira, Adunan, 16:00etan.

Aiztondoko XX. Pilota Topaketaren azken partidak larunbatean jokatuko dira, Adunan, 16:00etan
Iñaki Lizaso

Pilota Topaketari martxoaren 11n eman zitzaion hasiera, eta konturatzerako iritsi da XX. edizioaren final handien eguna.

144 pilotarik parte hartu dute aurtengo ekitaldian eta ondoen moldatu direnak iritsi dira finalera.
Ligaxka eta azken kanporaketetako partidak topaketa antolatzen duten herri guztietan jokatu ziren: Adunan, Alkizan, Amasa-Villabonan, Asteasun, Larraulen eta Zizurkilen. Finalen egoitza izatea, berriz, aurtengoan Adunari tokatu zaio. Topaketa aurrera eramateko berriz, Aiztondo mankomunitatearen, eta Asteasuko eta Amasa-Villabonako udalen sostengu ekonomikoa beharrezkoa izan da.


Finalean sei partidaz gozatu ahalko da Adunako pilotalekuan 16:00etatik aurrera.


Aurre-benjaminetan Amasa-Villabona ordezkatuz Otaegi eta Gonzalez bikotea ariko da eta Adunako elastikoarekin berriz Lanzeta eta Iraola.


Benjamin mailan, Amasa Villabonako Otaegi eta Barbero bikoak Asteasuko Iruretagoiena eta Segurolaren aurka jokatuko dute.


Hirugarren partida, alebin mailako Cestau eta Zabala adunarrak jokatuko dute eta beren aurkariak Alkizako Auzmendi eta Pellejero izango dira.


Jarraian, adin maila bereko neskak palaz ariko dira. Adunako Navarro eta Tejeria batetik eta bestetik Asteasuko Aranburu eta Otegi.


Bosgarren partidan, infantil mailakoan Adunako Olasagasti eta Aburuzak Asteasuko Agirrezabal eta Huizi izango dituzte aurkari eta jaialdiko azken partidan, infantil mailan ere, baina palaz, lau neska hauek jokatuko dute: Asteasu ordezkatuz Arrieta eta Herrero eta Amasa-Villabona ordezkatuz Perez eta Urdapilleta.


Aiztondoko XX. Pilota Topaketako parte hartzaile guztien artean pilotak ere zozketatuko dira finaletan zehar. Horrez gain, aipatu sarrera doakoa izango dela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!