«25-34 urte artekoen euskararen erabilpenak asko kezkatzen gaitu»

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko api. 28a, 17:38

I barra-barra euskaraz ekimeneko sortzaileetako bi dira Onintza Aranalde eta Begoña Ballesteros ibartarrak. Euskara dakitenen kopuruak gora egin badu ere, erabilpenak behera egin duela kezkatuta hasi ziren buruari eragiten eta pixkanaka joan nahi dutela diote. Lehen pausoa euskaraz dakitenei astebetez eta 24 orduetan euskaraz egitea eskatzen diete. «Hau hasiera bat da, hamabost egun hauek pasatzean, bildu, balorazioa egin eta ikusiko dugu aurrera begira zer egin», esan dute.


Zer da I barra-barra euskaraz?
Onintza Aranalde: Ekimena sortu da herri mailan egin diren azken neurketek diotelako euskararen erabilera jaitsi dela, nahiz eta ezagutza handitu den. Datuak ikusita taldetxo bat elkartu eta erabaki genuen zerbait egin behar zela.
Begoña Ballesteros: Maiatzaren 12an emango diogu hasiera kanpainari. Baina parte hartu nahi dutenek txapak asteartean eta ostegunean jaso ahal izango dituzte.

Ezagutzen dutenek hitz egitea da helburua.
B. B.: Oraingoz dakitenei egiten diegu dei, euskaraz egin dezaten.
O. A.: Zerotik ez hasteko, jada hainbat pertsonarekin jarri gara harremanetan, baina gonbita zabala da. Lehen helburua, aurtengoa, dakigunok hitz egitea da.

Herenegun egin zenuten lehen bilera, zer moduz joan zen?
O. A.: Kanpainaren berri eman genuen eta datozen hamabost egun hauetan egingo ditugun ekitaldien inguruan hitz egin genuen. Ilusioz gaude eta gure nahia da herrian euskararen aldeko ekarpen handia izango dela.

Norbanakoei egiten diezue dei.
O. A.: Herriko eragile asko daude, baina ekimena sortzen hasi ginenean norbanako gehiago ginen. Euskararen munduan ibili garen asko, eta baita herritar berriak ere. Hori ere erronka baita guretzat, ekimenera ahal den jende gehiena, berria, erakartzea.

Haurrek euskaraz egiten dute nagusiki, arazoa helduengan dago.
A.O.: Haurrek euskaraz egiten dute, ikastolan euskara hutsean aritzen dira, eta ezagutza oso altua da, baina adin bat iristen da, non erabilpenak behera egiten duen. 25-34 urte artekoen erabilpenak asko kezkatzen gaitu.

Zer eskatzen diezue hortaz, ibartarrei?
B. B.: Eskatzen duguna da astebetez euskaraz hitz egitea dakien jendearekin. Konpromiso hori hartu dezatela. Bestelako ekitaldietan parte hartu nahi badute, hobeto.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!