Peña II.a bakarrik geratu da promozioko lehian

Asier Imaz 2017ko api. 25a, 18:00
Peña II. finalerdietan da. ITZEA URKIZU

Beñat Urretabizkaiak 22-19 galdu zuen larunbatean Bakaikoa etxarriarraren aurka; tolosarrak, aldiz, 11-22 irabazi zion igandean Elordi mallabiatarrari.

Promozio Mailako Banakako Txapelketa lau eskualdeko ordezkarirekin hasi zen, aurreko asteburuan. Jaka lizartzarrak ezin izan zuen bere partida jokatu, eta Erasun zizurkildarrak 22-21 galdu zuen Irustaren aurka. Lehen jardunaldian aurrera egitea lortu zutenak Peña II.a eta Urretabizkaia II.a izan ziren. Final laurdenak asteburu honetan jokatu dira, eta horietatik bakarrak egin du aurrera, Jon Ander Peña tolosarrak, Elordiri 11-22 irabazi ondoren. Beñat Urretabizkaiak Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatu zuen Bakaikoaren aurka. Partida parekatua izan zen. Azken tantoetan bi pilotariak irabazteko aukerak zituzten, baina etxarriarra nagusitu zitzaion ikaztegietarrari. Aipatu Bakaikoa itsusi ibili zela tanto erabakigarri horietan, Urretabizkaia II.ari enbarazu egitera iritsiz.

Finalerdietan ariko dena, beraz, Jon Ander Peña izango da. Promozio Mailako lau onenen artean sartu da tolosarra. Partida hori prestatzeko 15 egun izango ditu Peña II.ak, asteburu honetan ez baita Promozio Txapelketako partidarik jokatuko. Sasoi betean dagoen eta finalean sartzeko faborito nagusienetakoa den bat kaleratu beharko du Peña II.ak horretarako: Arteaga.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!