Udaleku irekiak Aiztondoko gazteentzat

Tolosaldeko Ataria 2017ko api. 18a, 10:30

Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitateko bulegoetan eman beharko da izena goizez, 943 69 39 30 telefonoan, maiatzaren 5a baino lehen. Begiraleak aukeratzeko deialdia ere egin da eta hauek apirilaren 20ra arteko epea dute izen emateko.

Ekainaren 26tik uztailaren 21era arte ludoteka eta udalekuak antolatu ditu Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitateak. 2005 eta 2011 urteen bitartean jaiotakoak (biak barne) udalekuak izango dituzte eta 2012tik 2014ra bitartekoek berriz, ludoteka zerbitzua. Ezinbestekoa da izena emateko orrian kontu korrontearen zenbakia jartzea. Izena emateko orriak herri bakoitzeko liburutegi eta udaletxeetan izango dira eskuragarri.

Bi ordutegi izango dira aukeran, 09:30tik 13:00etara eta 09:30tik 13:30ra. Lehen kasuan, 75 euro ordaindu beharko dira (eta bigarren dota hurrengo seme-alabagatik 63 euro) eta bigarren kasuan 105 euro (bigarren edo hurrengo seme-alabagatik 92 euro).

Begiraleak aukeratzeko deialdia

Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitateak udaleku irekietarako begiraleen hautaketa deialdia egin du. Apirilaren 20ra arteko epea dago izen emateko, 943 69 39 90 telefonoan eta azterketa eguna, maiatzaren 5ean izango da Zizurkilgo Pedro Mari Otaño ikastetxean, 19:45ean.

Ondorengo baldintzak bete beharko dituzte begirale izan nahi dutenek: 18 urteak beteak izatea edo 2016an betetzea; euskara ondo menderatzea; elkarrizketa-talde dinamika gainditzea; eta curriculuma eta agiriak aurkeztea.

Hautaketa prozesuan baloratuko da: denbora libreko begirale edota zuzendari titulua edukitzea; heziketarekin zerikusia duten ikasketa, ikastaro eta monografikoak eginak izatea; elkarrizketa-talde dinamika (parte hartzea, gizarte trebetasunak, talde lanerako gaitasuna, euskara maila...); esperientzia antzeko lanetan; langabetu edo ikaslea izatea; eta Alkiza, Aduna eta Larraulen erroldatuta egotea.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!