«Herri eredu berria» eraiki bidean

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko api. 12a, 12:00

Ernai gazte antolakundeak II. Kongresua burutu berri du eta funtzionamendu eta antolaketari lotutako aldaketak iragarri ditu; Gazte Akelarrea dute orain, jomugan

«Gazteon arazo eta suminduratik abiatuta, nola piztu ditzakegu borroka ezberdinak? Nola gauzatu ditzakegu gazteon arazoei irtenbidea emango dioten proiektu alternatiboak? Nola hauspotu dezakegu gazte eremutik estatu propioaren aldeko bidea?». Ernai gazte antolakundeak II. Kongresua egin berri du eta hor kokatu dute ere, Inurritegia prozesua. Hausnarketa prozesu sakona burutu dute azken hilabeteetan eta aipatutako galderak dira, besteak beste, mahai gainean jarri dituztenak, Beñat Leunda (Orexa, 1991) Ernaiko kideak esan duenez. «Ernaiko kideak nola antolatu behar garen galdetu diogu geure buruari, herriz herri egindako batzarretan. Erronka argia da, gaurdanik gure nahi eta beharrei erantzungo dien estatu eta herri eredua eraikitzea», esan du orexarrak.

Inurritegiko ondorioak
Inurritegia prozesuan hainbat ondorio atera dituzte; funtzionamendu eta antolaketari lotuta aldaketak emango dituzte, izaera ekologista barnebildu dute, Euskara Plana abiaraziko dute erakunde barruan, barne prozesu feministarekin jarraitzeko asmoa azaldu dute... Prozesu luzea izan dela dio Leundak eta behin oinarriak zehaztuta lanerako garaia dela orain. Izan ere, «euskal herritarron nahi, behar eta interesak erdigunean jarriz gaurdanik era burujabean jarduteko garaia da, Madrilgo Mordaza Legea, LOMCE, lan erreforma eta bestelako inposaketei aurre eginez, herritarron zerbitzura hemen erabakiz eta erabakiak errespetatu araziz». Hori guztia lortzeko ordea, «alderdietatik haragoko tsunami herritar bat» josi behar dela gaineratu du. «Kataluniarrak eta eskoziarrak frogatzen ari diren bezala, aukera erreala da. Baldintzak aprobetxatzen baditugu, urte gutxiren buruan lortuko dugu», esan du gazteak.

Etorkizun justuago bat eraikitzeko gazteak «protagonista eta motorra» izan beharko direla dio Leundak, «aurreko zikloa ixten ari den honetan, gazteoi dagokigu herri honen orainaldiko nahiz etorkizuneko historia marraztu eta eraikitzea».

Gizarte justuago baten bila
Fase politiko berri baten aurrean egonda Ernairen helburuak «gizarte justuagoa, demokratikoa eta parekideagoa lortzera begirakoak» izango direla dio. «Agerikoa da estatu antidemokratiko, ustel eta desastre hauekiko dependienteak izatearen kostea zein den: formakuntza europarra, estatu espainol mailako bizi baldintza prekarioak. Datu pare bat; hego Euskal Herriko gazteon langabezia tasa %41ekoa da, Europako bataz bestekoaren bikoitza. Urtero 6.000tik gora dira atzerrira alde egiten duten gazteak. Nahikoa da», esan du. «Estatu hauekiko dependienteak izateari utzi eta herritarron nahiz gazteon zerbitzura ariko den estatu propio bat eraiki behar dugu, hori da gure interesak babestu eta era duinean lan, ikasi eta bizitzeko zentzuzko aukera bakarra».

Askotan esaten da gazteek ez dutela interesik politikan baina Leundak ezetz dio. «Gure ustez politikarekiko kezka eta bereziki, haserrea, inoiz baino presenteago dago gazteongan. Horren adierazle, martxoko ikasle greban 17.000 ikaslek hartu zuten parte. Ez zaigu arrazoirik falta. Izan ere, gazteoi prekarietatea, zabor kontratuak, enplegurik ezean ikasketak luzatzen aritu beharra, debalde egin beharko lan praktikak, LOMCE, Heziberri edota EU2015 bezalako hezkuntza erreformak, etxebizitza eskubidea utopia bilakatu izana, ikasketak eta lana uztartu beharra edota kaleratzeak baino ez zaizkigu eskaintzen. Azken batean, sekulako sakrifizioak egin beharra gutxiengo pribilegiatu bat inoiz baino gehiago aberasten ari den bitartean. Iruzur honen aurrean, logikoa da sumindu eta haserretzea».

Leundak deskribatzen duen egoera «gordin» horren aurrean kokatuko da Ernai eta horretara begirako antolaketa zehaztu du. Hau da sareak osatzearen garrantziaz ohartuta, horri emango diote garrantzia.

‘Gazte akelarrea’
Inurritegia prozesua amaituta, beste erronkarik ere badute datozen egunetan, batetik, apirilaren 28an, 19:00etan, batzar
irekia egingo dute datorren ikasturteari begira, Ernai BerAmesten lelopean. Eta bestetik, Gazte Akelarrea egingo dute bihar hasi eta apirilaren 16a bitarte, Sugarren Dantzan Independentziara lelopean. Tolosaldetik 50 pertsonatik gora joango dira. Zornotzatik Igorrera martxa egingo dute lehenik, eta ondoren topagunea egingo dute tailerrak, hitzaldiak eta kontzertuak uztartuz. «Eztabaidatu, ikasi, sugarren bueltan dantzatu, gazte ezberdinak ezagutu, parranda egin eta gazteon aldarrikapenak lau haizetara zabaltzeko aukera paregabea izango da», esan du gazteak.

Aurtengo ekimenaren berezitasuna martxa eta topagunearen nahasketa egingo dutela dela dio Ernaiko kideak. Bihar abiatuko dira mendi martxan Zornotzatik Igorrera eta hilaren  16an Gernikan ospatuko den Aberri Egunarekin egingo dute bat.

Topaguneko hitzaldietan hainbat gai landuko dituzte; herri boteretzea prozesu iraultzaileetan, herrien sostengarritasuna, MST-ko eskola nazionala, lan prekarioen aurkako borrokak, ekonomia feminista, errefuxiatuen afera edo marxismoa, esaterako. Eta tailer eta txapelketak ere egingo dituzte; serigrafia, harrigintza, txalaparta eta pasta tailerrak, eta beste alde batetik, esku pilota eta eskalada txapelketak. Era berean, elektrotxarangak, zumba, high line erakustaldiak, giza-futbolina eta tirolinan ere egongo dira aukera. Kontzertu sorta luzea ere izango da aukeran eta Gatibu, Sociedad Alkoholika, Willis Drummond, Gatillazo, Anari, Huntza, Koban, Riot Propaganda, Mafalda edota La Jodedera taldeak ariko dira. Aurretiazko salmenta egin dute jada, baina egunean bertan ere erosi ahal izango dira eguneko bonoak.
Laugarren urtez Aintzina gazte erakundearekin elkarlanean antolatu dute udaberriko festa; Gazte Danbada, Gazte Martxa eta Gazte Burutakzioaren ondotik dator, beraz, Gazte Akelarrea. Egitarau zehatza eta informazio gehiago gazteakelarrea.info webgunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!