Bi banderarekin etxeratu da TAK, Gipuzkoako batel txapelketatik

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko api. 10a, 11:34
Jubenilen batela, denboraldi hasieran.

Infantil eta jubenilen estropadetan garaile suertatu da eskualdeko taldea, emakumezkoetan; Irati Romerok, Laiene Izagirrek eta Iñaut Izagirrek ziabogarik onenaren saria ere jaso dute

Indartsu dator Oriaren ertzeko harrobia. Bai, behintzat, joan den igandeko estropadetako emaitzei begiratuz gero: Gipuzkoako batel txapelketan bi bandera irabazi zituen Tolosaldeko Arraun Klubak.
Pasai San Pedroko uretan izan ziren norgehiagokak, eta zortzi kategoriatatik bitan eskuratu zuten garaipena, lehorreko arraunlariek: emakumezkoen infantil mailan eta emakumezkoen jubenil mailan. Infantiletan, 04:59ko denborarekin eskuratu zuten Gipuzkoako txapelketako bandera, eta seina eta zazpina segundoko aldea atera zieten, gainera, Getariako eta Orioko arraunlariei, hurrenez hurren. Jubenil neskek, berriz, 10:00an geratu zuten kronoa; 9 segundo atera zizkioten sanjuandarrei, eta 20 Hibaikari.
Aipatzekoa da, emakumezko promesen txandak emandakoa: txapeldunorde suertatu zen TAK, baina 19 ehuneneko baino ez ziren izan Tolosaldekoen eta Hibaikako txapeldunen artean.
Gizonezko infantilak ere igo ziren podiumera, hirugarren sailkatu baitzen TAKeko batela, Illunbe trintxerpetarren eta Zumaiaren atzetik.
Azkenik, bi laugarren postu ere batu zituzten TAKen palmaresera: gizonezko kadeteena eta gizonezko seniorrena.

Balizak inguratzearen artea

Bandera izan ohi da arraunlariaren helburu, baina, Gipuzkoako batel txapelketak bestelako gaitasunak ere txalotu zituen igandean: patroienak.
Horrela, ziabogarik onenaren saria ere eskuratu zuten TAKeko hiru patroik: Irati Romerok emakumezko promesen txandan; Laiene Izagirrek gizonezko infantilen txandan; eta, azkenik, Iñaut Izagirrek, gizonezko kadeteen txandan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!