Aniztasuna eta bizikidetza esparru guztietara

Imanol Garcia Landa 2017ko api. 6a, 15:36
Prentsa agerraldia egin aurretik Migrazio Mahaia elkartu da, diagnostikoaren eta planaren berri izateko.

Migrazio saileko bide orria izango den Bizikidetza eta Aniztasun Planaren aurkezpena egin dute.

Tolosaldeko Bizikidetza eta Aniztasun Planaren aurkezpena egin dute, Tolosaldea Garatzeneko Migrazio sailak eta Ikuspegi Immigraziorako Euskal Behatokiak garatua. «Planaren helburu nagusia da diskriminaziorik ez egitea, eta aniztasuna eta kulturartekotasuna lantzea, eta azken finean horren bitartez bizikidetza hobe bat lortzea», azaldu du Olatz Peon Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak.

Diskriminazioa hiru mailatan banatu daitekeela zehaztu dute planean: instituzionala, egiturazkoa eta interpertsonala. Hori horrela, esparru bakoitzerako ekintzak zehaztu dituzte, guztira hogei, diskriminazioari aurre egin, eta aniztasuna eta bizikidetza lantzeko. Gorka Moreno Ikuspegiko zuzendariak esan duenez, «jarri diren ekintzak egingarriak dira». Ekintzetan aniztasun handia dagoela esan du: «Adibidez, esparru instituzionalean,  udaletan adierazpen instituzionalak egitea aniztasunaren inguruan. Beste batzuek, egiturazkoetan, aurrekontua eskatzen dute, esaterako, lan arlora eta enplegura zuzentzen direnak, edo euskara sustatzearenak». Maila interpertsonalean nagusiki «iritzi eta estereotipoei aurre egitea» da helburua.

Esaterako, esparru instituzionalean jorratu nahi duten ekintzetako bat honakoa da: «Tolosaldeko udalek zero tolerantzia adostu dezatela eta elkarbizitzaren udal dispositiboak eratu (diskurtso politikoan, adierazpen instituzionaletan, etab.)». Esparru estrukturalean, ekintzetako bat euskara eta lan formakuntza eta orientazioa lantzeko programak garatu eta bultzatzea da. Dimentsio interpertsonalari dagokionez, ekintzetako bat Bizilagunak ekimenari ikusgarritasun handiagoa ematea da, «eta inpaktua zabaldu Tolosaldeko herri guztietara, programan parte hartzea sustatzeko».

Beharrezkoak eta egingarriak

Plana diseinatzerakoan albo batera utzi dituzte «plan mardul eta potoloak». Morenok dioenez, «horrelakoetan gauza asko sartzen ziren, baina gero gauza gutxi lortzen ziren, planak ez baitziren inondik inora bideragarriak». Osatu duten planak «xumetasuna» adierazten duela dio: «Uste dut hori dela bere elkargunea. Alegia, detektatzea eta azpimarratzea zeintzuk diren beharrezkoak diren ekintzak eta era berean zeintzuk diren egingarrienak. Eta bi irizpide horiek erabilita, benetan aurrera eraman daitekeen plan bat osatzea».

Plana bide orri bat dela esan du Morenok: «Ez gatoz dena eraldatzera. Goazen forma bat ematera, jada egiten diren gauzak ordenatzera testuinguru batean, goazen ahal bada ekintza berriak sartzera. Koherentzia bat ematea eta horren barruan gauzak egitea».  Plana osotasunean Tolosaldea Garatzeneko webgunean dago zintzilik.

Bere aldetik, Peonek azaldu du plan horrek badituela aurrekariak. 2007an egin zen lehenengo Immigrazio Plana, Elkar ezagutzen izenekoa. «Ordudanik, egoera aldatzen joan delako ere, pentsatu genuen beharrezkoa zela migrazio gaiak lantzeko diagnostiko bat egitea eta diagnostiko horretan jasotzea ere gure egin beharraren ildo nagusiak, azkenean bide orri bat osatzea, eskualdeko Migrazio sailak kontuan izango duena».

Arlo instituzionalean udalek «ezbairik gabe garrantzia handia» dutela dio Peonek: «Hainbat erabaki hartu behar ditugu, baina lehenengo eta behin jabetu behar dugu diskriminazio hori ere badela, eta askotan ez gara horretaz jabetzen». Plan berriak migrazio izena ez izateak ere garrantzia duela gaineratu du Peonek: «Garai batean harrera programa bat egiten zen kanpotik etortzen zirenak artatzeko. Pauso bat areago eman behar dugu, eta dagoeneko gure herrietan denbora bat bizitzen ari diren pertsona horien eta gure arteko bizikidetza nolakoa den aztertu eta hobetzen joan».

Planaren aurkezpenean Maribel Vaquero aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendaria izan da. «Diskriminazio ezari, aniztasunari eta bizikidetzari balioa eman nahi diogu», esan du Vaquerok. «Legealdia hasi zenean, aldundian migrazioa eta kulturartekotasunari bereizgarri bat eman behar geniola ikusi zen, eta aniztasunean azpimarra ere jarri. Aldundiak nahi du Gipuzkoa bereizketarik gabeko lurraldea izatea».

Arlo horretan Tolosaldeak egiten duen lana goraipatu du, eta lan hori «maitasunarekin» egiten dela gaineratu du. «Diagnosi batetik abiatzea eta gero lan hori beste fase batera eramatea oso aukera ona da. Zoriondu nahi dugu lan horregatik eta bidelagun izango gaituzue».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!