Pistan eta errepidean, Unai Iribar nagusi

Tolosaldeko Ataria 2017ko api. 4a, 15:10

Espainiako Kopako lasterketak jokatu dira asteburuan.

Asteburu honetan amaitu da Donostian Espainiako Pistako Txirrindularitza Kopa, eta Limousin taldeko hiru txirrindulari izan dira bertan, Euskadiko selekzioak eramanda.

Mutilen junior mailan, Unai Iribar ibartarra lidertzarekin iritsi zen larunbateko jardunaldira, eta txapelketak ez dio ihesik egin, Donostian jokatu ziren hiru probak irabazita. Altzoko Iñaki Murua ere txukun aritu zen Euskadiko selekzioaren izenean, eta ongi borobildu zuen jardunaldia. Nahia Amondarainek ere denboraldi bikaina egin du kadeteen mailan, eta horren erakusgarri da Kopako sailkapen orokorrean lortu duen bigarren postua.

Iribar, errepidean ere ongi

Larunbateko nekea gaindituta, igandean beste lasterketa bat irabazi zuen Iribar ibartarrak Valladoliden, Gipuzkoako selekzioak eramanda. Espainiako Errepideko Kopako probarik garrantzitsuenetakoa da Valladolidekoa, eta maila handiko nazioarteko txirrindulariak biltzen dira bertan. 60 lagun inguruko tropela helmugara iritsita, esprintean irabazi zuen lasterketa Ibarrakoak.

Iribarrek jokatuak ditu dagoeneko errepideko lau proba, non bi garaipen eta bi bigarren postu lortu dituen. Pistako denboraldia amaituta, beraz, kontuan hartzeko aurkaria izango da hemendik aurrerako lasterketetan.

Itzulia eskualdean barrena

Atzo hasi zen Euskal Herriko Itzulia, Iruñean. Eskualdetik hirugarren etapan pasako da tropela, bihar, Gasteiz-Donostia bitartean. Santa Agedatik barrena iritsiko dira, Alkizako igoera egin eta Andazarratera joateko. 13:00etan hartuko dute irteera eta 15:00ak pasata iritsiko dira eskualdera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!