Beren eskaerei "entzungor eginda", Asuncioneko hitzarmena berritu izana salatu du TOPAk

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko mar. 30a, 19:38

Hitzarmen berria ondo aztertu eta gero, koordinakundeak informazio batzarra iragarriko du, Aste Santu ondoren.

Aurreko guztiak bezala, aldarrikapen eta protesta urtea izan zen 2016an, TOPArentzat. Aurreko urteek baino garrantzi handiagoa zuen, ordea, iazkoak: Osasun Sailaren eta Asuncion klinikaren arteko hitzarmena bukatzen zen, eta koordinakundeak aukera bat ikusi zuen, Tolosaldeko osasun zerbitzua bestelako baldintza batzuetan kudeatzen hasteko.

Ordea, urtea amaitzearekin batera, Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde koordinakundeak jakin zuen, erakunde publikoak hitzarmena berritu zuela enpresa pribatuarekin. Horren aurrean, Osasun Sailak hitzarmena berrikusi eta ebaluatzeko txostenik ez egin izana salatu du TOPAk, agerraldin batean. Bide beretik,bereziki gaitzetsi dute TOPAk, herritarrek, alderdi politikoek, elkarteek eta sindikatuek osatuko luketen eskualdeko Osasun Mahaiari uko egin izana; foro horretan Asuncion klinika publiko egiteko aukerak aztertu nahi zituzten.

Koordinakundeak aho-bizarrik gabe azpimarratu du, beren eskaerei "entzungor" egin dietela, eta duela gutxi jaso dutela hitzarmenaren nondik norakoa: "Urte amaieran hitzarmena berritu zuten, baina hilabete eta erdirako, eta pentsatu genuen EAEko gobernu berria osatu bitarteko epea bete nahiko zutela".

Epe labur hori pasatuta ere, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak berritu egin du Tolosako Asuncion klinikarekin zuen hitzarmena eta, azaldu dutenez, urtero-urtero luzapenak egiteko aukerarekin, gehienez ere 5 urte pasatu bitarte.

Gaur egun indarrean dagoen hitzarmena eskuratzeko zailtasunak ere salatu nahi izan ditu TOPAk, "modu ofizialean eskatu eta ukatu" egin dietela azalduz. Ondorioz, hitzarmena sakonago irakurri eta mamitu nahi dute, eskualdeko herritarrei beren irudipen eta aldarrien berri eman aurretik. Iragarri dute, ordea, Aste Santuen ondoren egingo dutela informazio batzarra, hitzarmenaz eta horren aurrean antolatuko dutenaz aritzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!