Hekimeneko zuzendaritzako kide berria, 'Ataria'

Tolosaldeko Ataria 2017ko mar. 30a, 10:00

Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteak urteko batzar nagusian 'Tolosaldeko Ataria' zuzendaritzako kide izendatu berri du, 'Eta Kitto!'-rekin batera.

Joan den astean, martxoaren 23an, ostegunean, Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteak urteko batzar nagusia egin zuen Martin Ugalde Kultur Parkean, Andoainen.

Gai ordenari jarraituz, aurreko urteko jardunaren memoria eta balantze ekonomikoa aurkeztu eta onartu zen lehenik, eta 2017 honetako ekintza plana eta aurrekontua gero. 80.000 euro inguruko aurrekontuarekin itxi zuen aurreko ekitaldia eta antzekoa onartu zen 2017rako.

Hurrengo puntua zuzendaritza berritzeari zegokiona izan zen. Tokikom Elkartea izan da Hekimenen sorreratik (2012) tokiko hedabideon sentsibilitatea eta izaera ordezkatu duena zuzendaritzan, eta uztea erabaki du. TOLOSALDEKO ATARIA-ri eta Eibarko Eta Kitto! hedabideei proposatu zitzaien ardura hori hartzea eta biak onartu zuten. Hau honela, Berria, Argia, Elhuyar, 11Tb, Euskal Irratiak, Jakin, Gaur 8, ATARIA eta Eta Kitto! izango dira Hekimeneko zuzendaritza osatuko dutenak ekitaldi honetan.

Une erabakigarrian gaudela sentitzen du euskalgintzak eta, honen baitan, euskal hedabide sareak. Hekimen euskal hedabideen elkarlana antolatzera eta erakunde eta gizartearekiko interlokuzio kanal bateratua eta indartsua gauzatzera etorri zen. Bada zereginik, partekatzen ditugun helburu nagusietan euskal hedabideon arteko kohesio eta batasuna lortzetik hasita. TOLOSALDEKO ATARIA bat dator eta prest dago zeregin horretan bere aletxoa jartzen ahalegintzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!