"Laguntza humanitarioa amaitzen baldin bada, sahararrak gosez hilko dira"

Iñigo Terradillos / Itzea Urkizu 2017ko mar. 29a, 10:03

Iazko udan haur saharar bat hartzea erabaki zuten Egoitz Luisak eta Alazne Ruizek, Oporrak Bakean kanpainaren barruan. Martxoaren 31 arte izena eman daiteke. 

Saharar herriarekiko elkartasunak harra piztuta, iazko udan Oporrak Bakean egitasmoan estreinakoz parte hartu zuten, Egoitz Luisak eta Alazne Ruizek Abenduan kanpamenduetara bidaiatzeko aukera izan dute, eta herri sahararraren eguneroko gordina gertutik ezagutzekoa.

Nola eman zenuten haur saharar bat etxean hartzeko pausoa?

Alazne Ruiz. Norbere aldetik pentsatu izan genuen lehenago ere, gurasoen etxean bizi ginela. Iaz aukera ona iruditu zitzaigun.

Egoitz Luisa. Erabakia nahiko erraz hartu genuen. Saharako auzia beti izan dugu buruan, txikitatik lurralde anai moduan ikusi baitugu Sahara, Euskal Herritik.

Gazteak zarete, eta etxean ez duzue beste haurrik. Erraza izan al da haur bat etxean hartzea?

A.R. Bai. Ni irakaslea naiz, eta udan bi hilabetez oporrak izateak asko lagundu digu.

E. L. Eta haurrarekiko harremanetan ez dugu inolako arazorik izan; dena oso erraz joan zitzaigun.

A. R. Etxekoekin eta kuadrillakoekin harreman oso ona egin zuen. Gainera, udalak ludoteka moduko bat ere eskaintzen zuen uztailean, eta goizetan hara joaten zen.

E. L. Tolosaldea Sahararekin elkarteak berak ere jarduerak antolatzen ditu, beraz, denbora falta izanez gero, elkartetik beti izaten dira laguntzeko prest.

Haurrari buruz ari zarete. Zuen kasuan nor zen?

A. R. Gure etxera Nourdine etorri zen, 10 urteko mutil bat. Dajlako kanpamenduan bizi da, eta lau anai-arrebetan zaharrena da.

Zer moduzko uda igaro zenuten?

A. R. Oso ona. Oso mutil erraza zen, eta ez genuen arazorik izan.

E. L. Eta izan genituen gorabehera txikiak ere normalak izan ziren: ezagutzen ez duen herri batera lehenengoz bidaiatu duen haur batek izan ditzakeenak. Dena den, haurrak gure ikuspuntua oso ondo ulertu zuen.

A. R. Lehen aldiz hartu zituen autobusa eta hegazkina, eta elkarren artean komunikatzeko ere zailtasunak genituen, hizkuntzagatik. Bada, astebeteren buruan, euskaraz moldatzen ginen oinarrizko gauzak elkarri esateko. Guk beti euskaraz hitz egin izan diogu, eta bera bizkorra da, beraz, azkar barneratzen zuen hizkuntza. Pentsa, orain Whatsappez hitz egiten dugu, eta audioak euskaraz bidaltzen dizkigu.

E. L. Denetik egiteko aukera izan zuen, eta berriro etortzeko gogoz dela esaten du.

A. R. Usabal kiroldegian igeriketa ikastaroa izan zuten, eta ura ikaragarri gustuko du. Guk zaldiak ditugunez, zaldian ibiltzeko aukera ere izan zuen. Eta bizikletan ere zoratzen ibiltzen zen.

E. L. Mutil mugitua zen, eta gure zaletasunek ere mugitzea eskatzen digute, beraz, oso ondo egokitu ginen, bai bera eta bai gu.

Osasunez, zer moduz iritsi zen?

A. R. Egia esan ondo zegoen, eta bere itxurak, gainera, ez zuen bat egiten hemen sahararrez dugun irudiarekin. Ez zen hain argala, eta ilehoria samarra zen.

E. L. Elkarteak dena antolatzen du, harrera familia bakoitzak, bere gizarte segurantzarekin, haur bakoitzari mediku azterketa orokorra pasatu diezaion.

A. R. Haginlariarengana eta okulistarengana ere joaten dira. Gure kasuan, ez genuen bestelako espezialistaren beharrik izan.

E. L. Osasun arreta horren beharraz are gehiago jabetzen zara, gainera, kanpamenduetan duten egoera gertutik ezagututakoan. Ez dute baliabiderik, eta benetako garrantzia du.

Oporrak Bakean egitasmoaren helburua da haurren osasuna zaintzea eta uda gogorra arintzea. Baina, saharar kanpamenduen errealitatea plazaratzeko modu bat ere bada, ezta?

E. L. Bai. Bagenekien saharar herria herri zapaldu bat dela, baina ez genuen auzia sakonago ezagutzen. Nourdine etorri zenean gertuagotik ezagutu ahal izan genuen guztia, eta interesa are gehiago piztu zigun.

A. R. Harrigarria zen, haurrak, 10 urterekin, bere herriaren egoeraz zekien guztia: badaki Maroko beretzat etsaia dela, egoera txarrean daudela, eta beste zerbait behar dutela. Zorionez, hemen, 10 urteko haur batek ez du horrelako gauzekin pentsatu ere egin behar.

E. L. Guk esaten genion Euskal Herrian euri asko egiten zuela, belar asko zegoela, animalia asko zeudela eta udan hondartzara joaten ginela, eta berak erantzun: «Saharan belarra asko-asko, eta Saharan itsasoa». Hasieran ez genuen ulertzen, baina gero konturatu ginen Mendebaldeko Saharaz ari zela, eta bere benetako herriarekin amesten ari zela. Poz handia eman zigun horrek.

A. R. Bai, berak uneoro bereizten zituen «kanpamendua» eta «Sahara-Sahara».

Ez dute aukerarik hura ezagutzeko?

A. R. Dirudienez, ohitura dute, gameluak edo ahuntzak hartu, eta otsaila inguruan eremu askatuetara joateko; bero gutxiago egiten du. Noudinek zati bat ezagutzen du.

E. L. Mendebaldeko Sahararen zati handiena Marokoren menpe dago, baina zati txiki bat Frente Polisarioak kontrolatzen du, eta hara bidaia dezakete epe laburretan. Horrez gain, historiak belaunaldiz belaunaldi pasatzen dira, eta sahararrek desio hori dute buruan: noizbait beren lurraldera itzultzea, eta bizitza hobe bati ekitea.

Abenduan han izan zineten. Zer moduzko esperientzia?

A. R. Iaz uholdeak izan zituzten eta, beraz, iritsitakoan, lehen irudia harrigarria da: etxe batzuk erorita, beste etxe batzuk eraiki berri,...

E. L. Bost kanpamendu daude, bostak Aljeriako lurretan, eta Dajla kanpamendua urrunen dagoena da: Tindufetik 200 kilometrora. Hegazkinetik jaitsi, eta autoz 200 kilometro basamortuan egitea izan zen lehen ezustekoa. Bi ordu eta erdian, ezker-eskuin begiratu, eta guztia hutsik dago, ez dago ezer. Horrez gain, miseria handia dute. Beren egoera ere lazgarria da, ez dutelako diru iturririk, ezta lanerako aukerarik ere.

Ez dute beren bizimodua han errotu nahi, baina 41 urte daramatzate egoera horretan. Zer diote etorkizunari buruz?

E. L. Ez dago argi. Europatik ez dute behar adina indar egiten hango arazoa konpondu dadin, baina, aldi berean, sahararrei eskatzen diete modu baketsuan lan egiteko. Egunen batean Marokori presioa egin beharko zaio, herri sahararrari autodeterminazio eskubidea aitor diezaion. Nik zerbait ikasi baldin badut, hori da: hemendik ikusten dugunarekin ezin diegu hangoei irakaspenik eman. Biziraute bat da haiena.

A. R. Beharbada beste modu batera egin zitzaketen gauzak, baina aukera handirik ez dute. Astean behin olioa iristen zaie, beste aste batean arroza,... Hortik bizi dira, ez baitago ez lanik ez diru iturririk. Hala ere ez dute etsipenik.

E. L. Une honetan bi modu daude haiei laguntzeko. Bata momentuko laguntza da, arropa eta janaria bidaliz. Baina, argi izan behar dugu, laguntza humanitarioa amaitzen baldin bada, sahararrak gosez hilko direla han. Etorkizuna izango badute, beren herrian izango dute, haiek erabakitzen duten bezala, eta Maroko beren lurraldetik aterata. Beraz, laguntza humanitarioa eman behar zaie, bai, baina ez da bizirauten laguntze hutsa: saharar herriak eskubide batzuk ditu, eta eskubide horien jabe egiteko pausoak eman behar dituzte, bai saharrarek, eta baita elkartasuna adierazten diegunok ere. Eta, are gehiago Euskal Herritik doan laguntzak, hemen ere, gehiago edo gutxiago, eskubide beren inguruan hitz egiten aritzen garelako.

Erlazionatuak

«Ume hauen irribarreak asko balio du»

Tolosaldeko Ataria 2017 mar 22 Anoeta

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!