Sinadura bilketa jarri du abian Aralar Bizirik plataformak

Tolosaldeko Ataria 2017ko mar. 28a, 11:39

Aralar Bizirik plataformak sinadura bilketa abiatu du Aralarren pista berriak eraikitzeko proiektuak bertan behera uzteko eskatzeko.

Bestetik, Aralar Natur Parkeari dagokion edozein erabaki «naturaren babesaren menpe jartzea» eskatzen dute «indarrean dagoen ingurumen legedia errespetatuz, beharrezkoak diren adituen azterketak eginez eta gizartearen parte hartze eta eztabaida bultzatuz». Markel Olano diputatu nagusiari eta Arantza Ariztimuño Mendi eta Natur Ingurunearen zuzendariari zuzendutakoa da eskaera.

Change.org plataforman eman daiteke atxikimendua eskaerari. Lehenengo astean 2.500 babes sinadura jaso dituztela azaldu dute bultzatzaileek.

Sinadura bilketaz gain, Aralar Bizirik-etik Aralarko gatazka konpontzera bidean hartzen duen erabakia izeneko mozioa aurkezten ari dira Enirio-Aralar Mankomunitateko udaletan eta Tolosakoan, azken hau Aralar Natur Parkeko Patronatuan parte hartzen duelako. Hain justu, Tolosan gaur egingo den osoko bilkurako gaietako bat izango da mozioa.

Lau eskari egiten dituzte mozioaren bidez. Lehenengoa da Saltarrikoa zein beste pista proiektu guztiak gelditzea. Bigarrena, Enirio-Aralarko Mankomunitateak 2003an onartu zuen Ekintzen Egitamua berrikustea, «eman daitezken erabilerak naturaren babesaren menpean jarriz eta, onartzeko prozesuan, herritarren parte hartzea eta eztabaidari bide emanez». Hirugarren puntuan, «Enirio-Aralar mendi publikoa izanik, Mankomunitatea erakunde gardena eta irekia izatea» eskatzen dute, «informazioa zabalduz eta Enirio-Aralarren zainketan herritarrak parte hartzeko bideak ipiniz». Azkenik, laugarren eskaria herri bakoitzak mankomunitatean duen ordezkaritzaren inguruan da: «Aralarren inguruko gai garrantzitsuenetan gutxienez, udal horietako bilkuretan eztabaidaturiko eta bozkaturiko erabakia» eramatea ordezkariak mankomunitateko batzarretara.

BILERA ORENDAINEN

Landarlan ingurumen elkarteak eta Aralar Bizirik plataformak antolatuta, «Aralarren egin nahi duten ia 20 kilometroko pista proiektuaren inguruko informazio bilera» izango da bihar, 19:00etan, Orendaingo liburutegian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!