Trianguloa: Heziketa zikloen plaza

Tolosaldeko Ataria 2017ko mar. 24a, 15:51

Iazko arrakastak hauspotuta, Tolosaldeko Lanbide Heziketa ikastetxeek bigarrenez prestatu dute Lanbide Azoka: martxoaren 31n eta apirilaren 1ean izango da, Tolosako Trianguloa plazan.

Eskualde txikia izanagatik, Tolosaldeko Lanbide Heziketa zikloen eskaintza oso zabala da. Guztira, alor ezberdinetako 20 ziklo eskaintzen dituzte eskualdeko ikastetxeek eta, hain zuzen, eskaintza zabal horren erakusleiho bihurtuko da hurrengo ostiralean eta larunbatean Tolosako Trianguloa.

Bigarren urtez jarraian, Lanbide Heziketa Azoka antolatu dute Tolosaldea Garatzen Garapen Agentziak, Tolosaldeko Lanbide Heziketako ikastetxeek, Peñascal fundazioak, Tolosa Euskararen Hiriak eta Tolosako Udalak. Lehiberri zentroan egin zuten aurkezpena, eta Olatz Peon Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak eskualdeko lanbide heziketaren eskaintza balioetsi zuen: «Langile kualifikatuak hezten dituzte, lan merkatura begira. Guztia, gainera, euskaraz egiten dute, eta azpimarratzekoa da».

Gaur egun, Tolosaldean 1.200 ikasle ari dira Lanbide Heziketa ikastetxeetan, eta urtero 600 ikasle berri hartzen dituzte. Tolosaldea LHIIko zuzendariak, ordea, ikasle gehiago behar dituztela dio: «Enpresek eskaera handiagoa egiten digute, izan ere, Lanbide Heziketako ikasleek prestakuntza tekniko gorena jasotzen dute. Soldata onak dituzte, eta ikasleen %80 inguru lanean hasten dira, ikasketak amaitu bezain pronto». Horren harira, aipatzekoa da Peonek emandako datua: «2013an eskualdean 3.500 lan kontratu sinatu zituzten, eta iaz 5.000 inguru».

Etorkizunari begira jarri, eta balizko bide bat aukeratzeko garaian daude ehunka gazte, eta Lanbide Azokak hainbat ate proposatuko dizkie horretarako. Izan ere, eskualdean eskaintza zabala du Lanbide Heziketak, Amaia Karrera Inmakulada Lanbide Heziketa Ikastolako ordezkariak azaldu bezala: «Hainbat familia profesionaletan aritzeko aukera dugu, Tolosaldetik irten gabe, 5 ikastetxetan, eta hori altxor bat da».

Larunbatean, berriz, herritar guztientzat zabalduko dute azoka. Interesa eta jakin-mina duen edonork gerturatu ahal izango du azokara eta ikasketa guztien inguruko azalpen teorikoak eta praktikoak eskainiko dituzte lanbide heziketako zikloen arduradunek: «Ikastetxeek eskaintzen dituzten zikloen informazioa zuzen-zuzenean ezagutu eta eskuratzeko aukera izango da, baita beste ezaugarri eta ekimenen praktikak, lan poltsa, DUAL prestakuntza, ETHAZI metodologia, etab ingurukoa ere», azaldu dute ikastetxeetako arduradunek.

Eginez ikasi, zure apustua euskaraz

Eginez ikasi, zure apustua euskaraz da aurtengo azokaren leloa. Tolosaldeko Lanbide Heziketako ikastetxeen hizkuntza nagusia euskara da; eskualdeko ziklo guztiak euskaraz eskaintzen dituzte, eta euskararen garrantzia azpimarratu nahi izan dute aurtengo edizioan.

 

EGITARAUA

MARTXOAK 31, OSTIRALA

09:00-14:00. Ikastetxeetako ikasleen bisita gidatuak: Erniobea ikastetxea, Orixe ikastetxea, Leitzaran ikastetxea, Laskorain ikastola, Erniobea ikastetxea, Zubimusu ikastola, Uzturpe ikastola eta Herrikide ikastetxea.

APIRILAK 1, LARUNBATA

10:00-14:00. Tolosaldeko Lanbide Heziketako ikasketa eskaintzen azalpen teorikoak eta praktikoakjasotzeko eta ikasteko aukera. Publiko guztiarentzat irekia.

 


TOLOSALDEKO IKASTETXEAK

FRAISORO NEKAZARI ESKOLA

Lorezaintza eta loregintza.

Nekazaritza eta abeltzaintza.

Baso kudeaketa eta natura.

INMAKULADA IKASTETXEA

Erdi maila.

Mendekotasun egoeran dauden pertsonei arreta egiteko teknikaria.

Erizaintza laguntzailea.

Farmazia-Parafarmazia

Goi maila.

Gizarte integrazioa.

Osasun dokumentazioa eta administrazioa

Diagnosi irudia eta medikuntza nuklearrra.

TOLOSALDEA INSTITUTUA

Erdi maila.

Soldadura eta galdaragintza

Mekanizazioa

Mikroinformatika sistemak eta sareak

Instalazio elektriko eta automatikoak

Merkataritza jarduerak

Goi maila.

Administrazio eta finantzak

Automatizazioa eta robotika industriala

Sareko informatika-sistemen administrazioa

Fabrikazio mekanikoko produkzioaren programazioa

Eraikuntza metalikoa

Instalazio termikoak eta fluidodunen mantentzea

PAPER ESKOLA

Erdi maila.

Kimikagintza.

Goi maila.

Kimika industriala.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!