«Abiadura minimo bat ziurtatuko digute eta konexioa ez da moztuko»

Tolosaldeko Ataria 2017ko mar. 23a, 14:47

Herrigunetik pixka bat «aparte» dago Murkaiku baserria eta orain arte internet konexioarekin arazoak izan dituzte, Eider Arozena (Lizartza, 1977) baserritarrak aipatu duenez.

Nola moldatu izan zarete orain arte internet konexioarekin?

Guk interneta badugu, wifi bidezko konexioa dugu eta horrek huts egingo baligu, pintxo bat erabiltzen dugu baina oso giga gutxikoa. Gainera batzuetan kosta egiten zaio konektatzea.

Behi ustiategia duzue. Zein erabilera ematen diozue internetari zuen jardueran?

Administrazioak geroz eta aukera gehiago ematen digu kudeaketa internet bidez egiteko. Gure kasuan, txekor eta behien gidak egiten ditugu internetez eta bankuko gestioak egiteko ere baliatzen dugu. Aurrera begira bideo-zaintza jarri nahiko bagenu aukera hori izango genuke.

Zein abantaila izango dituzue?

Azkarrago joango da, abiadura minimo bat ziurtatzen digute eta konexioa moztea zailagoa izango da, kable bidez datorrelako.

Lanerako bakarrik ez duzue erabiliko. 

Egia esan, bi alaba ere baditugu eta hazten doazen neurrian, geroz eta gehiago jotzen dute internetera eskolako lanak egiteko eta zalantzak argitzeko.

Noizko izango duzue banda zabal ultra azkarra etxean?

Uda honetarako. Esan digute operadoreak jarriko direla gurekin harremanetan eta eskaintzak ikusi ondoren, gehien interesatzen zaigunarekin egin ahal izango dugula kontratua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!