Korrika 20 -2017-

Korrikaren lekukoa, Atarikideen eskura

Tolosaldeko Ataria 2017ko mar. 23a, 11:20

Laster bidera aterako gara, mundura aterako gara, herriz herri igaroko gara. Horixe dio 20. Korrikaren abestiak. Euskal Herri osoko errepideak, martxoaren 30ean Otxandion hasi eta apirilaren 9an Iruñean amaituz zeharkatuko ditu Korrikak.

Bi urtetik behin euskaltzaleek hutsik egiten ez duten hitzordua da, eta TOLOSALDEKO ATARIA ere bertan izango da. Duela bi urteko ohiturari jarraituz, ATARIA-ren lekukoa harpidedunen batek eramango du.

ATARIA-ren lekukoak, Tolosako kaleetan barrena izango ditu bere metroak, eta lekukoa eraman nahi duenak zozketan parte hartu baino ez du egin beharko. Horretarako 943 65 56 95 telefono zenbakira deitu beharko da martxoaren 30a baino lehen, edo ataria.eus webgunean sartuta ere eman daiteke izena.

Bakoitzak ahal duen neurrian egingo dio bere ekarpena Korrikari. Laguntza ekonomikoaz gain, errepide ertzera ateratzea edota lasterka egitea izango da euskara eta Korrika babesteko bidea. Hasi txikienetatik eta helduetara. Eskuz esku igaroko da lekukoa, eta lekukoarekin batera baita emozio eta ilusioak ere.

Tolosaldean, aurtengoan, bi aldiz egingo du sartu-irtena. Apirilaren 4an, Lizartzatik barrena sartuko da eta Tolosako kaleetatik pasa ostean, Anoetatik Adunarako bidea hartuko du eskualdetik ateratzeko.

Lau egun beranduago, berriz ere, Tolosaldera sartuko da Goierri aldetik. Ikaztegietan hartuko dute lekukoa 04:49 aldean, eta Alegiatik Amezketarako bidea hartuko du aspaldiko partez, eta Abaltzisketatik Larraitzerako kilometroekin esango zaio agur Korrikari, eta Iruñerako bidean jarraituko du lekukoak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!