Lomce eta Heziberri-ri «hortzak erakusteko» greba, gaur

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko mar. 23a, 07:55

Ikasle Abertzaleak-en ustez, erreformak ez dira ikasleen mesederako; Euskal Eskola Nazionala aldarrikatu dute.

Ikasle Abertzaleak-ek grebara deitu ditu ikasleak gaurko. DBHko eta batxilergoko ikasleei zein unibertsitatekoei egin diete «kaleak hartzeko» deia, horrela «inposatutako errebalidei aurka egiteko eta sistema berari hortzak erakusteko. Ez gaude ados hartutako erabakiekin, ez dira gure mesederako eta gure iritzia ez dute kontuan hartzen». Greba egin eta gero, 19:30ean, eskualde mailako manifestazioa egingo dute Tolosako Trianguloatik abiatuta. Urtero egiten dute greba deialdia Espainiako Gobernuak hezkuntza sistemaren inguruan hartutako erabakien kontra azaltzeko, «baina ez digute jaramonik egiten, eta beraz, geroz eta gogorrago ateratzen gara kalera. Aski da esateko garaia da».

Ikasle Abertzaleak-eko kideek esan dutenez, «hezkuntza eredu berri baten» alde egin dute azken urteetan, eta oraindik ere egindako erreformen aurka egiteko garaia da. «Desjabetuok, ezer galtzerik ez dugunok, urtero erakutsi dugu dena emateko prest gaudela sistema hau apurtzeko eta etorkizun berria eraikitzeko», esan dute.

ESKULANA NAHI DUTE

Indarrean dagoen hezkuntza eredua kapitalista dela esan dute eta horrek langile klasea «miseriara kondenatzen» duela nabarmendu dute. «Hezkuntzaren bidez zapalkuntza sistemak beharrezkoa duen eskulana egituratzen du», gaineratu dute.

Azken urteotan «inposatutako» erreformak bide horretan doazela esan dute: «Horren adibide ditugu azken urteotan inposatu dizkiguten erreformak: erreforma horiek ez dira ikasleon mesederako, eta hauen atzean interes ekonomikoak besterik ez daude. Ezin dugu ahaztu ere aurtengo ikasturtean bukatzen dela Lomce-ren aplikazioa azken fase honen erakusleiho ditugularik errebalida ezagunak».

Hezkuntza «zapaltzaileek boterea mantentzeko» egituratu dutela salatu dute eta gaztetatik «otzan» izaten irakatsi nahi dietela, «azterketak bezalako mekanismoen bidez ikasleak sailkatzen dituzte, ikasleon arteko lehiakortasuna sustatuz. Azken finean, ikasleon sistemaren engranaje hutsa bihurtzea dute xede».

Honen guztiaren adibide garbia Lomce bera dela diote ikasleek eta ez diola mesede egiten herri langileari. «Lege honen barruan egituratutako aldaketa orok hezkuntza homogeneo bat lortzea du helburu, denok eduki berdinak barneratzea, denok ekoizpen sisteman zapaldu gisa barneratzea eta horrekiko otzana izatea. Ezagun ditugu lege honek dakartzan aldaketak, eta urteak daramatzagu ikasleok horren aurka antolatzen eta borrokatzen».

Lanean jarraituko dutela esan dute eta Euskal Eskola Nazionala aldarrikatzen dutela, «hezkuntza eredu propioa nahi dugu» eta indarrean dagoen unibertsitate eredua suntsitzeko lanean jarraituko dutela esan dute.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!