Etorkizun hurbileko finala

Tolosaldeko Ataria 2017ko mar. 22a, 10:13

Binakako Promozio Mailako txapelketaren finala Tolosako Beotibar pilotalekuan jokatuko da apirilaren 1ean, larunbatez. Bertan eskualdeko bi ordezkari egongo dira: Jon Ander Peña tolosarra eta Jon Erasun zizurkildarra.

Etorkizun handiko bi pilotari direla erakutsi dute txapelketa honetan. Sei hilabete ez dira debuta egin zutenetik, eta jada lehen finalean daude. Ikasteko asko duten arren, etorkizuna hain urrun ez dagoela esan daiteke.

Finala, apirilak 1, Tolosako Beotibarren

Arteaga II-Erasun

Peña II-Salaverri

 

JON ANDER PEÑA

«Ea finalean husten garen, urduritasuna kontrolatuz»

Txapelketan zuen ibilbidea ikusita, finalera unerik onenean iritsi zaretela esan daiteke.
Egia da hasiera oso ona ez genuela egin. Irregular ekin genion txapelketari, baina zortez finalerdietako ligaxkara sailkatzea lortu genuen. Hor bi partida oso onak jokatu ditugu.  


Arteaga II-Erasun ere joko bolada bikainean daude.  
Txapelketa izugarria egiten ari dira. Lehen ligaxkan oso ondo jokatu zuten, bost partida irabaziz. Finalerdietan, berriz, hirutik hiru irabazi dituzte.


Fisikoki eta eskuetatik nola zaude?
Fisikoki ondo nago, oso gustura. Aste honetan entrenamendu gogorragoak egingo ditugu, hurrengoa lasaiago hartzeko eta finalera ahalik eta hobekien iristeko. Eskuetatik ere ondo nago.


Txapelketako zure bikotea Ruben Salaverri da, baina eskuetako arazoak medio, Ibai Zabalak ordezkatu du behin baino gehiagotan. Finalerako osatuko al da Salaverri?
Nik uste dut baietz. Bi aste gelditzen dira, eta eskuak osatzeko denbora izango duelakoan nago. Dena dela, batak zein besteak jokatu ni oso gustura ibiltzen naiz beraiekin, oso atzelari txukunak direlako.


Finaleko gakoa non egongo da?
Atzean ea nork dominatzen duen eta gero huts gutxien zeinek egiten dituen. Aurrean ere ea nork asmatzen duen gehien.  


Debuta egin berria zara, eta jada final batean zaude. Nork esango zizun hori duela ez horrenbeste.
Duela bost hilabete egin nuen debuta, eta orain final batean nago. Oso gustura nago aukera honekin, eta ea ahalik eta urduritasun gutxienarekin jokatzen dudan; ea finalean husten garen.

 

JON ERASUN

«Gurea ematen baldin badugu aukerak izango ditugu»

Ia hiru hilabete egitera doa txapelketa. Zer moduz iritsi zara azken partida honen atarira?
Fisikoki eta eskuetatik ondo doa dena. Gustura nabil eta ea finalaren egunera ere horrela iristen garen.


Bikote bezala eta norbanako bezala ere, momenturik onenean zaudetela dirudi.
Txapelketa hustu samar hasi nuen, eta behetik gora joan naizela uste dut. Azken zati honetan nahiko ondo jokatzen ari gara, eta ea beste bi aste irauten digun joko horrek.


Non egongo da finalaren gakoa?
Finaletan urduritasunak zeresana edukitzen du. Gure aldetik, ahal baldin badugu gurea ematen saiatu behar dugu, eta horrela egiten baldin badugu, nire ustez, finala irabazteko aukerak izango ditugu.  


Peña II.ak bezala duela hilabete gutxi eman zenuen profesionaletarako jauzia. Eta tolosarra bezala, zure lehen finalean zaude.
Oso pozik nago guztiagatik. Duela lau hilabete debutatu nuen profesionaletan, eta oso gustura eta pozik nabil. Nire ustez lana ondo egiten ari naiz, eta orain final bat jokatzeko aukera izatearekin ere gustura nago.  


Lana aipatu duzu. Orain arte Erasun atzelaria atzelari segurua bezala ezagutzen genuen, kantxa ondo betetzen zuena. Orain, ordea, pilota bizi mugitzen duzula aipatzen dute guztiek; kolpea irabazi duzula.   
Oraindik gazteak gara, eta indarra hartzeko daukagula uste dut. Gimnasioan eta fisikoki lana egin dugu, eta indarra hartzen ari naizela uste dut. Oraindik gehiago hartzeko tartea badagoela ere pentsatzen dut; ea kolpe pixka bat hartzen dudan.  


Kolpe hori nabaritu al duzu zuk pilota astintzerako unean?
Bai. Nire ustez orain pilota hobeto mugitzen dut; indar gehiagorekin ateratzen zaidalakoan nago. Eta horrela bat hobeto sentitzen da.


Finala Tolosako Beotibar pilotalekuan jokatuko da. Jon Ander Peña bertakoa da, baina zuretzat ere etxe baten modukoa da pilotaleku hori.
Txiki-txikitatik beti etorri gara pilotaleku honetara; entrenatu ere beti hemen egiten dugu. Berarentzat gertuago egongo da, baina niretzat ere hau etxe bat bezalakoa da, bai.


Eta finala herritik gertu jokatze horretan, eta aurkaria ere eskualdekoa izatean, giro handia egongo dela aurreikus daiteke.  Sumatzen al duzu zure inguruan horrelakorik?
Nire ustez herritik jende pixka bat animatuko da. Ea denen artean giro ona jartzen duten eta finalaz gozatzeko aukera ematen diegun.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!