«Jarrera arrazistak isilarazi behar ditugu»

Tolosaldeko Ataria 2017ko mar. 21a, 14:01

Gaur Arrazakeriaren Aurkako Eguna izaki, Anaitze Agirre Larreta Gipuzkoako SOS Arrazakeriako komunikazio arduradun eta ikertzailearekin izan gara. Igandean Donostian burutu zen arrazakeriaren aurkako martxaz edota zurrumurruen aurkako sareaz aritu gara besteak beste, berarekin.

1997. urtean hasi zen SOS Arrazakeria martxa antolatzen. Agirrek azaldu digunez, lehen urte hartan errefuxiatuak eta asilo eskaerak izan ziren aldarrikapenerako gaiak. "21 urte igaro dira, gai berarekin jarraitzen dugu, eta gainera egoerak okerrera egin du. Beraz, jarraitu behar dugu lanean, aldarrikatzen, eta batez ere, gizarteari esaten gure esku ere badaudela soluzioak. Esaterako, politikariei euren lana bete dezaten eta sinatu dituzten akordioak bete ditzaten exijitzen jarraitu behar dugu", adierazi du Anaitze Agirrek.

SOS Arrazakeriako kideak ohartarazi du bestalde, etorkinen eta errefuxiatuen aurkako zurrumurruak areagotzen ari direla: "Jendeak erreparo gutxiago du jarrera arrazistak erakusteko eta iritziak zabaltzeko, eta hori geldiarazi beharra dago". Agirrek dioenez, jarrera arrazista eta diskriminatzaileak erakusten dituztenen aurrean erreakzionatu beharra dago: "Isilarazi egin behar dira nolabait, bestela, arrazoi dutela pentsatzen dute, geroz eta ozenago hitz egiten dute, eta azkenean giro soziala asko gaiztotzea lortzen dute. Jende asko gaude pentsatzen dugunak guztiok ditugula eskubideak, izan ere, lehendabizi gizakien duintasuna dago, eta horren alde egin nahi dugu".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!