«Txapela aurrean asmatzen duenarentzat izango da»

Tolosaldeko Ataria 2017ko mar. 21a, 11:53

Apirilaren 1ean, larunbatean, jokatuko da Binakako Promozio Mailako finala, Tolosako Beotibar pilotalekuan. Txapelaren lehian, aurrez-aurre, eskualdeko bi pilotarik neurtuko dituzte indarrak: Jon Ander Peña tolosarrak eta Jon Erasun zizurkildarrak.

Jon Ander Peña eta Jon Erasun ondo ezagutzen ditu Anizeto Lazkanok, baita Arteaga ere, Asegarce-n teknikari lanetan ibili zenetik. Berarentzat finala oso polita izango dela aitortzen du tolosarrak.


Zer iruditu zaizu orain arteko Promozio Txapelketa?
Laso eta Iturriaga oso ondo ikusi ditut txapelketa guztian zehar, baina azken unean kale egin dute. Nire ustez momentu baxuan harrapatu ditu fase honek. Bestalde, Arteagaren jokoa azpimarratuko nuke. Txapelketako onena izaten ari da; ikaragarri jokatu du. Peña ere oso ondo ibili da, baina atzelaria eskuetako arazoekin izan du, eta ez du hortik laguntza handirik izan. Ikusi beharko da finala nork jokatzen duen. Salaverri sartuko dela pentsatzen dut. Ibai Zabala lehen mailan ibilitako pilotaria da, eta finala berak jokatzea txapelketarentzat ona ez litzatekeela izango pentsatzen dut.


Eskualdeko bi pilotari iritsi dira finalera.
Hori oso polita izan da Tolosaldeko pilotarentzat, bizirik dagoela erakusten duelako; lana ondo egin dela erakusten du horrek. Pozgarria da.  


Nork irabaziko du finala?
Salaverrik jokatzen duen edo ez ikusi beharko da. Arteaga eta Erasun zerbait gorago daudela dirudi; segurtasun gehiago ematen dutelakoan nago.


Bi aurrelari handi ikusiko dira, behintzat.  
Etorkizun handia duten bi aurrelari dira, eta gakoa hor egongo da. Asmatzen duenak txapela eramango du.


Erasun beti bezala, ixil-ixilik lanean, baina finaletik finalera.
Oso momentu onean dago zizurkildarra, pilota ondo ukitzen ari da gainera. Finalean pilota gutxi galtzen eta kantxa kubritzen saituko da, eta horretan maisua dela esan beharra dago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!