«Zaintzaren kate globalak jorratzen dira 'Compañeras de viaje' dokumentalean»

Jon Miranda Labaien 2017ko mar. 21a, 07:51

2009an sortu zen Bidez Bide Gizarte Sustapenerako Kultur Arteko Elkartea. Transnazionala da bere jarduna eta Soraya Ronquillo elkarteko lehendakariak aipatzen duenez, «genero eta deskolonizazio» ikuspegiak lantzen ditu.

Zein nolako jarduna daramazue zuen elkartean?

Gaur egun, ikasketak homologatzeko proiektua dugu esku artean. Batez ere, zaintza lanetan edo etxeko lanetan diharduten emakume migratzaileekin egiten dugu lan. Praktikan ikusten dugu beste herrialdeetatik datozen emakumeek badituztela ikasketak, beraz, desmitifikatu egin nahi da kontrako ustea. Familia transnazionalen elkartzea bultzatzen dugu eta diziplina arteko taldeetan egiten dugu lan. Aurreiritziekin bukatzeko eta ikusezin diren errealitateak bistaratzeko, ikus-entzunezko materialak ere lantzen ditugu.

Zergatik lantzen dituzue ikus-entzunezko edukiak?

Batez ere modu egokia iruditzen zaigulako genero eta kultur arteko ikuspegitik errealitatearen analisi kritikoa egiteko. Diskurtso hegemonikoari aurre egin eta beste mezu alternatibo batzuk bultzatzeko balio digute ikus-entzunezko lanek. Erreminta pedagogiko bezala ere baliatzen ditugu, kontzientziazio eta eraldaketa soziala bultzatzeko.

Zer da 'Compañeras de viaje' dokumentalean kontatzen duzuena?

Venezuela, Nikaragua, Peru eta Honduraseko zazpi emakumeren testigantzak jaso ditugu ikus-entzunezkoan. Guztiak egiten dute lan Euskal Herrian, adineko pertsonen edo umeen zaintzan edo etxeko lanetan. Euren egunerokotasuna jasotzen da eta hemen lan emaile dituztenen egoerak ere agertzen dira. Horietako asko emakumeak dira, etxetik kanpora lan prekarioetan aritzen direnak eta laguntza behar dutenak. Bide batez, etorkinak diren emakume horiek amatasuna nola bizi duten ere jasotzen da dokumentalean. Distantzian, ozeanoaren bi aldeetara, familiak nola kudeatzen diren ikus daiteke, gehienetan euren jatorrizko herrialdean beste emakume batzuk zaintzen baitituzte euren seme-alabak. Zaintzaren kate global horiek jorratzen dira.

Nola osatu zenuten dokumental hau?

2010ean grabatu genuen eta horretarako diziplina arteko talde bat osatu genuen, Oskar Tejedorren zuzendaritzapean. Bestela ere landu izan ditugu film laburrak, argazki erreportajeak eta animazio lanak.

Kontzientzia kritikoa sustatu nahi duzuela diozue.

Bai. Gogoeta bultzatu nahi dugu. Migratzeak sentimendu ugari sortzen ditu: mina, pena, tristezia. Baina aldi berean emakume hauen autoestimuak gora egin du, ekonomia hobea dute eta ahalduntzen doaz pixkanaka. Migrazioak emakume hauen bizitzan du eragina, baina baita ere hemengo familietan eta han utzi dituztenetan. Inpaktu horren inguruan gogoeta egin nahi dugu. Zein ongizate nahi dugu? Zein bizitza bizi nahi dugu? Nola antolatu nahi dugu zaintza eta zeintzuk hartu behar dute ardura hori? Gizon eta emakumeoi, jatorriz hangoak eta hemengoak garenoi dagokigu galdera horiei erantzuna ematea.

Larunbatean, 17:00etan, Tolosako kultur etxean izango da zita.

Saiatzen gara horrelakoetan gure hausnarketak konpartitzen eta larunbatean, adibidez, gurekin batera, dokumentalean agertzen den emakumeetako batek hartuko du parte solasaldian.

 

Soluzioak: asiloa eta harrera

'Soluzioaren parte zara' leloarekin Xenofobia eta Arrazakeriaren aurkako martxan izan ziren Tolosaldeko herritarrak igandean.

Gaur da Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna eta egun horren bueltan urtero antolatzen dute martxa Sos Arrazakeriakek, Medicus Mundi Gipuzkoak eta ONGD Euskadiko Koordinadorak, Trintxerpetik Donostirako bidea eginez. 57 gizarte taldek baino gehiagok babestu zuten igandeko martxa, Soluzioak: asilo eskubidea eta harrera eraginkorra leloarekin ospatutakoa. Tolosaldeko hainbat herritar eta elkarte ere han izan ziren.

EKIMENAK TOLOSALDEAN

Gaurko egunaren inguruan ekimenak antolatu dira Tolosaldean. Larunbatean, esate baterako, Booloo elkarte senegaldarrak Berastegiko gazte festetan emanaldia eskaini zuen.

Larunbatean, bestalde, Tolosako kultur etxean, 17:00etatik aurrera Compañeras de viaje dokumentala eskainiko du Bidez Bide elkarteak. Hilaren 28an, berriz, Alegian ikusgai izango da Elizpe zinean, Fatima filma, 19:00etatik aurrera.

Erlazionatuak

Soluzioak: asiloa eta harrera

Tolosaldeko Ataria 2017 mar 20 None

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!