Tolosaldeko Giltzarria

Inkesta: M19erabaki

Tolosaldeko Ataria 2017ko mar. 20a, 17:02

Eskualdeko hamar herritarri egin diegu galdera Tolosaldeko Giltzarriak deitutako galdeketaren inguruan.

«Aurreneko pausoa da; hemendik aurrera asko etorriko dira»

NEKANE BAUTISTA

AMEZKETA

Aspaldi herri hau Amezketa eta baita Euskal Herria, bere hitza eskatzen ari da, erabakitzeko eskubidea, eta inork pausorik ematen ez duenez, herritarrok erabaki dugu horren ekimena hartu behar dugula eta horretan hasi gara. Hau aurreneko pausoa da, hemendik aurrera asko etorriko dira. Pentsatzen dugu badela garaia Euskal Herriak hitza hartzeko eta horregatik da horren garrantzitsua gaur (atzo) bozkatzera etortzea. Hasiera baino ez diogu eman prozesu guztiari.

«Bozkatzera etortzea garrantzitsua da; herritarron aukera da»

IZARO ARREGI

ORENDAIN

Bozkatzera etortzea garrantzitsua da herritarroi aukera ematen zaigulako, eskubidea daukagu eta bozkatzeko aukera ematen zaigu, Euskal Herriaren etorkizunerako, modu jakin batean nahi dugun euskaldun jendearentzat.

Orendainen gainera festa giroan ospatu nahi izan dugu, musika badugu, umeentzako ere margoak eta abar atera dituzte eta ondoren zahagi ardoa ere izango da. Eguraldiak lagundu digu eta bozkatzera etortzeko aitzakiarik ez da.

«Planteatu zaigun galderaren aurrean bozkatu behar dugula iruditzen zait»

XABIER ARTOLA

IRURA

Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendu bat da, orain dela hiru bat urte hasi zen martxan honako hau guztia errealitatea izateko eta gaur (atzo) iritsi da eguna. Galdera planteatu zen, ea euskal estatu burujabe bateko herritarrak izan nahi ote dugun eta horren aurrean iruditzen zait bozkatu beharra dugula.

Azken batean bozkatzeko eskubidea dugu eta aprobetxatu egin behar dugu. Animatu dut jende guztia bozkatzera etortzera.

«Martxoaren 19ko herri galdeketa inflexio puntu bat izango da»

JOSE LUIS ZUBIRIA

BERASTEGI

Pentsatzen dut oso inportantea dela herri batek aukera izatea bozkatzera joateko eta horregatik etorri naiz nire botoa ematera.

Nire ustez Tolosaldeko Giltzarriak martxoaren 19rako deitu duen herri galdeketa inflexio puntu bat da, gauzak egiten hasteko momentua da. Bigarren puntua ondoren etorriko da, benetako erronka orduan hasiko da.

«Inportantea da ezagutzea jendearen borondatea zein den»

OLGA VILLA

LARRAUL

Gaur bozkatzera etorri naiz iruditzen zaidalako nahi eta nahi ez, herritar bezala Euskal Herriaren alde zenbat eta ahalegin gehiago egin eta zenbat eta modu desberdinean egin hobea izango dela. Herritar bezala nire betebeharra zela iruditu zait, independentziaren alde nagoelako. Martxoaren 19a beharrezko egun bat zen, Tolosaldean hemen Larraulen ikusten dugun irudia errepikatzen ari da. Inportantea da jendearen borondatea zein den ezagutzea.

 

«Denon artean gauzak lortu ditzakegula erakusteko, beharrezkoa»

ZIORTZA ARTOLA

ALEGIA

Nola ez, bozkatu dut. Egun handia da gaur guretzako, eta etxeko guztiak etorriko gara bozkatzera. Gonbidapena luzatu diegu ahal duen guztiei bozkatzera etortzeko.

NIk uste dut behar-beharrezko galdeketa bat dela euskaldun sentitu eta garenontzako, eta parte hartzea ezinbestekoa dela. Denon artean gauzak lortu ditzakegula erakusteko honelako gauzak beharrezkoak iruditzen zaizkit. Uste dut nahikoa lan egiten ari dela jendea eta gustura nago.

«Bozkatzera etortzea aukera bat da, eskubide bat, eta erabili beharrekoa»

KOLDO BARRIOLA ETA AMAIA JAUREGI

IBARRA

Bozkatzera etortzea aukera bat da, eskubide bat, eta gure ustez erabili behar den eskubidea da. Oraingoz lasai dago giroa, baina egunak aurrera egin ahala seguru animatuko dela jendea. Jai giroan emango dugu eguna Ibarran, aldarrikapenak eta jaiak bat egingo dute gaur, eta guk ere parte hartu nahi dugu egun honetan.

Egun garrantzitsua da gaurkoa.

«Jakin dezatela borrokarako eta gurea dena defendatzeko prest gaudela»

AINHOA GABIRONDO

ANOETA

Momentu honetan dugun egoera aldatzeko garaia da. Isilik egonda ez dugu ezer lortzen, eta agian gaur egindakoarekin ere ez dugu ezer lortuko, baina jakin dezatela borrokarako eta gurea dena defendatzeko prest gaudela. Herritarrek zer pentsatzen duten jakin nahi dut. Baiezkoari edo ezezkoari baino garrantzia gehiago ematen diot parte hartzeari. Eta noski, baiezkoa aterako balitz askoz hobeto aurrera jarraitzeko; dena azkarragoa eta errazagoa izango litzateke.

«Herriaren jarrera zein den ikusteko balioko du galdeketak»

IDOIA URKOLA

AMASA-VILLABONA

Erabakitzeko zer nahi dugun gutxienez aukera izan behar dugu. Jendeak parte hartze handia izan du, eta goizean harrituta geratu naiz zenbat jende dabilen. Herriaren jarrera zein den ikusteko balioko du galdeketak, eta horren arabera hurrengo pausuak emateko. Jendeak parte hartuko duela iruditzen zait eta jendeak ilusioa daukala.

Emaitzen ostean gora jo beharko da ikus dezaten benetan herritarrok zer nahi dugun, eta pausoz pauso aurrera jarraitzea.

«Nik garbi daukadalako ez dudala ezer jakin nahi Madrilekin»

KAKUN ORBEGOZO

IKAZTEGIETA

Demokraziako agerraldi bat da, behar-beharrezkoa. Ez horregatik bakarrik, nik garbi daukadalako ez dudala ezer jakin nahi Madrilekin. Gure herria denon artean gobernatu behar dugu, eta hemen gauzak adostu. Giza katean goran zegoen eta jaitsi egin dela iruditzen zait, baina era berean zaila da hor goran mantentzea. Boluntarioen lana da asko, eta ez da erraza hainbeste denboran mantentzea. Ilusioa badago, eta hau maratoi bat da. Iritsiko da guretzat ona izango den eguna.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!