Erasun, 22-13 irabazi eta finalera

Tolosaldeko Ataria 2017ko mar. 17a, 23:45
Jon Erasun, debuteko egunean, artxiboko argazkian

Pilotari zizurkildarrak eta Arteaga II.ak 22 eta 13 irabazi diete Oñatin Laso eta Iturriagari, eta promozioko txapelketako finala jokatuko dute. Partida bikaina jokatu du Jon Erasunek. Garaipen honekin, dezente erraztu diete Jon Ander Peña tolosarrari finalerako bidea, aski izango baitu, Iruñean, 16 tanto egitea partida hori jokatzeko.

Partida haustera atera dira Asier Arteaga, Orendaingo Errotako Anaren semea, eta Jon Erasun, eta berehala egin dituzte finalean sartzeko behar zituzten sei tantoak. Ez dute horregatik maila jaitsi eta nagusitasun osoz, 22 eta 13, irabazi diete bikote nafarrari. Gaur ere, azken partida guztietan maila hau ematen ari baita, partidu osoa egin du Erasunek: pilotakada ikaragarririk jo ez badu ere, ez da bere ezaugarri nabarmenena, ez du pilota bakar bat ere galdu, pilota gutxi utzi dio Lasori erramatatzeko gisan, asko baztertu du ezker paretean eta Arteagak zaindu ezin zituen zuloak zaindu ditu. Oso pilotaria da.

Partida galduz ekin zioten txapelketari zizurkildarrak eta lasartearrak, baina txapelketa aurrera joan hala gero eta joko sendoagoa egiten aritu dira. Finalerdietako ligaxka partidarik galdu gabe amaitu dute eta, ziurrenera, moral eta konfiantzaz gaiezka joango dira finala jokatzea. Sari galanta profesionaletan lau hilabete pasatsu daramatzan Erasunentzat.

Emaitza honekin, Jon Ander Peñak,  Iruñean jokatzen du larunbat aratsaldean Ibai Zabala bizkaitarrarekin Gorka-Martijaren aurka, nahikoa du 16 tanto egitea finala jokatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!