Mendi ibilaldia antolatu du Aralar Bizirik plataformak Goroskintxuko pista berrira

Tolosaldeko Ataria 2017ko mar. 17a, 17:58

Pisten aurka dagoen plataformatik diotenez, «pista berriaren inpaktuak» ezagutzea da helburuetako bat.

Aralar Bizirik plataformak ibilaldia antolatu du igande honetarako Goroskintxuko pista berrira. Antolatzaileek azaldu dutenez, ibilaldiaren helburua «Eniro-Aralar Mankomunitateak Diputazioaren babesarekin 2016ko urri-azaroan egin duen Goroskintxuko pista berriaren inpaktuak ezagutzea eta baita hainbat txokotako edertasun eta natur balioez gozatzea» da.

Lizarrustiko Parketxeko aparkalekuan elkartuko dira 09:30ean eta 10 kilometroko ibilaldia egingo dutela azaldu dute. Elkartzeko beste aukera bat, 11:00etan Intzesaon dela azaldu dute Aralar Biziriketik.

Ibilgailuak partekatzea gomendatzen dute eta ibilgailuetan tokia izanez gero, partekatzeko Ataungo udaletxeko plazan 09:00etan elkartuko direla jakinarazi dute. Bestalde, oinetako eta jantzi egokiak eramatea aholkatu dute, eta ibilaldian parte hartzea eta erantzukizuna parte hartzailearen ardurapean dagoela gaineratu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!