Tolosaldeko Giltzarria

«Herriak esan behar die politikariei zein bide jarraitu behar duten, ez alderantziz»

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko mar. 17a, 07:56
Beñat Sarasola eta Jone Amonarriz, Tolosaldeko Giltzarriako kideak

Bide luzea egin du, Gure Esku Dagok, 2014ko giza-kateaz geroztik. Euskal Herria eskuz esku zeharkatzen hasitakoak tokian tokiko eskuak bilakatu ditu, orain, protagonista, nazio ereduaren inguruko eztabaidan. Izan ere, datorren igandean Euskal Herriko 35 herritan egingo dituzte galdeketak, eta eskuek sartuko dituzte botoak hautetsontzietan, hainbestetan aldarrikatutako eskubidea, behingoz gauzatuz.

Beñat Sarasola (Andoain, 1976) eta Jone Amonarriz (Tolosa, 1993) Tolosaldeko Giltzarriko kide dira, eta igandeko hitzorduak pilatutako lana bizkar gainean duten arren, pozarren dira, txikitik handira eragiteko grinaz.

Bederatzi hilabeteko bide publikoa osatu du Giltzarriak, hasieratik ezarritako helburura iristeko: galdeketara. Zein osasunekin iritsi da, Tolosaldeko Giltzarria, martxoaren 19ra?

Beñat Sarasola: Pletoriko, erabat osasuntsu eta ilusioz beteta. Joan den ekainaren 4an aurkeztu genuen, baina aurretik ere, urtebete pasatxoko ibilbide bat du lan honek. Eta, noski, azken puntu honetan ilusioz beteta gaude.

Jone Amonarriz: Eta, aldi berean, pozik, bere garaian markatu genuen erronka horretara iritsi garelako, eman nahi izan ditugun pauso guztiak emanda. Guk horri garrantzi handia eman diogu, eta nik uste dut horregatik gaudela pletoriko.

Zuek biok Gure Esku Dagoko Tolosako lantaldeko kide zineten, eta gerora sortu zen Tolosaldeko Giltzarria, galdeketari begira. Aldaketa horretan, galdeketa gauzatuko zela pentsatzen zenuten, ala bazenuten beldur puntu bat?

B.S.: Bai, bai, beldur ikaragarria zen, eta baita ziurtasun falta ere. Batez ere, bazirelako aurretik esperientzia beretik pasatutako beste batzuk, eta haien bizipenak-eta entzunda genituelako. Baina, aldi berean, ikusten genuen, lan askorekin, egoera bideragarria zela eskualdean. Normaltasun horrek ahalbidetu du puntu honetara iristea eta, martxoaren 19an, jendeak galdeketa horri boto baten bidez erantzutea.

J.A.: Oso baliagarria izan zaigu aurretik zenbait galdeketa eginak egon izana. Herri horietako esperientzia ezagutzeko aukera izan dugu, eta herri horietako jendearen laguntza ere jaso dugu: zein pauso eman, nola, zein momentutan,... Zentzu horretan ez gara zerotik hasi, eta espero dugu gu ere lagungarri izatea beste herri edo eskualde batzuentzat. Prozesua hasi genuenean, gainera, esku artean izan genuen, uneoro, Gure Esku Dagoren Herri Galdeketen Protokoloa; baina ez genekien hori aurrera eramateak zein lan-dimentsio eskatuko zigun. Ia itsuka abiatu ginen, eta ikusi dugu horrelako galdeketa bat antolatzeak sekulako lana eskatzen duela, kanpotik ikusten ez den lana; galdeketa serioa da, eta prozesu luzea du aurretik.

B.S.: Aipatzekoa da Gure Esku Dagotik gentozenok abiatu ginela, eta talde hartako kide kopurua eskuetako hatzekin konta zitekeela. Bide horretan, niretzat ezusteko bikaina izan da ikustea, zenbat boluntario bildu diren herri guztietan: taldean sartu, ahaldundu, gaian jantzi, protokoloa bera goitik behera irakurri,... Lan horri guztiari aurre egiteko gai izan gara, besteak beste, herrietako kideek parte hartu dutelako.

28 herri eta oso errealitate demografiko desberdinak biltzen ditu Tolosaldeak. Aniztasun hori zailtasun bat izan al da galdeketaren protokoloa martxan jartzerakoan?

J.A.: Zailtasuna eta onura izan da, aldi berean. Alde batetik, errealitate horrek ahalbidetu egin digu eskualde mailan indarrak batu eta funtzionatzea. Era berean, ordea, horrek koordinazio lan handia eskatu digu; ez da broma 28 herri koordinatzea.

B.S.: Eta hori, gaur egungo baliabide eta teknologiekin. Jendearen inplikazioa behar-beharrezkoa da, eta eskualdeko herritarrek bikain erantzun dute. Ordu pila bat eskaini dizkiogu proiektuari, baina aberasgarria izan da, eta askotariko jendea ezagutzeko aukera eman digu.

J.A.: Bai eta, gainera, Gure Esku Dagoko talderik ez zegoen herrietan ere jendea aktibatzea ahalbidetu du Giltzarriak.

Erabakitzeko eskubidea gauzatzea Giltzarriaren helburu behinena den arren, prozesua herri-kohesiorako tresna ere izan da?

J.A.: Dudarik gabe, bai.

B.S.: Noski, inongo zalantzarik gabe. Eta hori erakusten dute azken hilabeteotako hitzordu eta egitasmoek. Aurkezpena ekainaren 4an izan zen, eta oso anitza izan zen. Gerora, adibidez, galdera adosteko bilkuran ere jende asko elkartu zen, eta azken asteotan Giltzarriaren aldeko mozioak onartu dituzte hainbat udaletan. Horrenbestez, horrelako herri-ekimen batek erakusten du helburuetako bat gauza daitekeela: herri-kohesioa.

Iritziak iritzi, jendeak erabakitzeko ariketa hori egitea izan da zuen jomuga, hasieratik. Sentsibilitate desberdinetako jendea erakartzea zuen erronka nagusienetako bat izan al da?

B.S.: Lehenengo erronka, eta potoloena, galdeketa gauzatu ahal izatea zen. Ez da erraza izan, protokoloa oso-oso zorrotza delako. Gaian gehiegi murgildu ez duen jendeak pentsa dezake ariketa soil bat dela, baina ez: momentu batzuetan, hauteskunde ofizialak baino zorroztasun handiagoa eskatzen du. Behin helburu horretara iritsita, galdeketa anitza izatea izan da bigarren jomuga. Guk ez dugu sekula erantzun baten edo bestearen aldeko hauturik plazaratu: gure lana paperak eskuragarri jartzea da, herritarrek aukera hori egin dezaten, baiezkoa ala ezezkoa erantzunez. Ez dakit guztiengana iritsiko ote garen, baina hori martxoaren 19an ikusi beharko da.

'Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko kide izan?', hori da herritarrek erantzun beharko duten galdera. Garrantzi handia ematen zaio, sarri, galderari; zuen ustez, gakoa izan daiteke?

J.A.: Nire ustez, iritzi desberdinetako jendearen erantzunek lekua izan behar dute galderan. Tolosaldean aukeratu dugun galdera oso irekia da zentzu horretan: inklusiboa da eta aniztasunetik atera da. Galderari garrantzia ematen zaio, bai, galdera delako batzen gaituena, eta aukera eman behar duelako iritzi desberdinetatik erantzuteko.

B.S.: Galdera adosteko gunea ere oso irekia izan zen. Beotibarren elkartu ginen 140 pertsonatik gora, eta han ere bermatuta zegoen aniztasuna. Alegia, nahi zuenak aukera zuen bertaratu eta bere ekarpena egiteko. Beraz, galderak berak baino, garrantzia galdera osatzeko prozesuak izan du.

J.A.: Eta prozesuan bertan egiten den pedagogiak ere bai. Azken finean, entzunez ezagutzen ditugun kontzeptu asko daude, sekula sakondu gabeak, aukerarik suertatu ez delako. Bada, prozesu horrek ahalbidetu du parte hartu genuenok elkarrekin ikastea, eta honen guztiaren zentzua ulertzea.

EAEko bi alderdi indartsuenek bat egin dute, bai Gipuzkoako Foru Aldundian, bai eskualdeko hainbat udaletan, martxoaren 19ko galdeketa babesteko. Gutxitan sortzen den adostasuna izaki, azpimarratzekoa da zuen egitasmoari begira, ezta?

B.S.: Dudarik gabe, bai. Hala ere, uste dut horrekin ezin garela konformatu, eta saiatu egin behar dugula, hurrengo ariketetan, orain gurekin bat egin ez duten horiei berriro atea zabaltzen, beren ahotsa entzun dadin. Egia da, dena den, eskualdeko bi alderdi nagusiek Giltzarria babestea sekulako kohesioa izan dela, eta oso modu naturalean gertatutakoa, gainera. Ez da aurre-baldintzarik eta halako ezer egon: denek sinesten dute bide-orri honekin eta denek sinesten dute Giltzarriak proposatu duen ariketa honekin.

J.A.: Aberasgarriena horixe da: herritarrek eta erakundeek bat egitea, gizarte osoari begirako proiektu honekin, nahiz eta kasu honetan herritarrak, herritik eta herriarentzat aritu.

Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko bide hori eskualdeetatik herrialdeetara, eta herrialdeetatik erkidegora noizbait iritsiko bada, Eusko Jaurlaritzaren inplikazio handiagoa beharko du?

B.S.: Bai, baina gu jakitun gara, datozen ariketa demokratiko horiek guztiak oso garrantzitsuak izango direla horretarako. Azken finean, herriak esan behar die politikariei zein bide jarraitu behar duten, eta ez alderantziz. Horretarako, noski, derrigorrezkoa da herritarrek galdeketetan parte hartzea: emaitza islatuko da eta, hori ikusirik, neurriak hartu beharko dituzte beste erakundeek, erantzun egoki bat emateko. Bitartean, zaila izango da.

J.A.: Urrutira joan gabe, Kataluniako adibidea hortxe daukagu. Han argi ikusi da, herritarrek zerbait eskatzen badute, agintariek bete egiten dutela. Hemen ere Kataluniako gauza bera gertatuko bada, herritarrok mugitu beharko dugu, orain arte baino gehixeago.

Horretarako izango da, besteak beste, datorren igandea. Eskubide demokratikoen eta aldarrikapenen eguna izango da, baina, festa eguna ere bai?

B.S.: Bai, zalantzarik gabe. Festa ariketa bera izango da eta, gainera, festa ukitu hori ematea ere oso garrantzitsua izango da, herritarrak berak sentitu behar duelako ariketa horren parte. Hau ez da kanpotik etorri den egitasmo bat; herriak berak sortu duen giro baten ondorio da. Horregatik, festa giro hori nabarmenduko da 28 udalerrietan.

J.A.: Festak zentzu guztia du, egitera goazena ospatu egin behar dugulako; lehen aldiz erabakitzera goazelako. Nik, hala ere, desberdindu egingo nituzke festa eta galdeketa bera, galdeketaren seriotasuna hor baitago. Askotan, Gure Esku Dago mugimendua festarekin eta ospakizunekin erlazionatu izan da, kontu ludikoagoekin. Egia da bere ibilbidea horrela hasi zuela, baina egungo fasea kontu serioa da. Galdeketak dituen zilegitasun, berme eta seriotasuna azpimarratu behar dira.

Legeak ertz estuak jarri dizkizuela diozue. Igandean ere, bete beharreko hainbat irizpide izango dira, ezta?

B.S.:Irizpideak hauteskunde ofizialetan markatutako berak dira, botoa ematerakoan. Gainera, horren inguruko zalantzak sumatzen ditugu, jada, herritarrengan. «Zer egin behar da?», «Nola?», «Non?»,... galdetzen dute askok. Bada, egin beharrekoa argia da: norberak bere nortasuna azaldu behar du, botoa eman aurretik, herri horretakoa dela eta herri horretan botoa eman dezakeela erakusteko. NANa, pasaportea edo errolda-agiria aurkeztu beharko dira horretarako, nahitaez. 28 udalerrietako herritarrek, norbere herrian eman beharko dute botoa, baina nahi duten mahaia aukeratu ahal izango dute horretarako.

J.A.: Aipatzekoa da, era berean, martxoaren 19an galdeketak egingo dituzten herri eta eskualde guztietako ordenagailuak sistema informatiko batera konektatuta egongo direla. Sistema horrek bermatuko du, herritar batek boto bakarra eman ahal izatea.

Igandean, zenbat herrik erabakiko dute Euskal Herriaren estatus politikoaren inguruan?

J.A.: Denera 35 herritan izango dira galdeketak. Tolosaldeko 28 herrietan, Oarsoaldeko lau herrietan, Astigarragan, Hernanin eta Larrabetzun (Bizkaia).

Behin baino gehiagotan errepikatu izan da, Gure Esku Dago mugimenduak 2014ko giza katean jo zuela goia, eta orduz geroztik indarra galdu duela. Zer duzue esateko horri buruz?

J.A.: Nik kontrakoa esango nuke. Kanpora begira, mediatikoki, giza katea espero gabeko boom bat izan zen. Hori ukaezina da, eta Gure Esku Dagok ezingo zukeen bere ibilbidea abiarazteko modu hoberik aurkitu. Bide hau oso luzea da, ordea, eta indar-erakustaldiak egiteko uneak dauden bezala, badira beste momentu batzuk oso behera jaisteko, herrietara. Gure Esku Dago, gaur egun, puntu horretan dago: dinamika nazio mailatik herrie tara jaitsi da, bere zentzua hartuz. Eta, horrexegatik, inoiz baino indartsuago dago: herriak aktibatu egin dira, eta Gure Esku Dago bere jomugetara iristen ari da, erabakia aldarrikatzetik erabakia gauzatzera pasatuz. Espero gabeko lekuetan galdeketak antolatzen ari dira, eta horrek areagotzen joateko itxura guztia du.

B.S.: Giza katean 150.000 pertsonak parte hartu zuten. Baina, tantaka-tantaka, kontuan hartuko bagenu galdeketa guztietan botoa emanez zenbat pertsonak parte hartu duten, zifra hura oso txiki geratzen da. Oso txiki,

ikusirik, 2017an zenbat galdeketa egiteko asmoa dagoen. Gurea lehenengoen olatuan dago, baina maiatzaren 7an badator beste bat, eta baita ekainean ere; udazkenera begira ere, aurreikusten da beste galdeketa olatu bat. Aurten, 150.000 pertsonako zifra hori oso txiki geratuko da. Egia da denak ez garela egun eta leku berean bilduko, noski, baina jendearen ahalduntze eta parte hartze hori gorantz doa, etengabe.

2017a urte garrantzitsua izango da Gure Esku Dagorentzat?

B.S.: Bai, batez ere, dinamika sorrarazi duen helburua gauzatuta ikusiko duelako; gauzatze horrek ondorioak izango ditu, ziur. Oso urte garrantzitsua izango da, beraz.

J.A.: 2017an, gainera, ez dira herri galdeketak bakarrik izango. Herrietako Gure Esku Dago taldeetatik Itun Herritarra osatzen hasiko gara aste honetan, eta itun herritar hori Bilbon aurkeztuko dugu, ekainaren 10ean, mobilizazio jendetsu batean. Hori ere beste indar-erakustaldi bat izango da, eta Itun Herritar honek zeresana emango du.

Itun horrek bilduko duena aurreratzeko moduan zarete?

J.A.: Itun horren helburua da, orain arte erabakitzeko eskubidearen bueltan sortu diren adostasunak jasotzea, herri honek nola erabaki nahi duen zehaztea, herri honek zein printzipioren bueltan erabaki nahi duen zehaztea,... Termino horietan, testu bat sortuko dugu. Ez da oso luzea izango, baina sakona izango da, eta etorkizunean Euskal Herri mailako itun nazionala osatzeko abiapuntua izan nahi du.

Hori ekainean izango da, baina, martxoaren 19ra itzuliz: emaitza ez da loteslea izango, baina zertarako izango da baliagarri igandeko galdeketa eta galdeketako emaitza?

B.S.: Hasteko, jendeak iritzia emateko aukera izango du, eta hori egitea posible dela ikusiko dute herritarrek. Gainera, igandean gure estatus politikoaren inguruan erabakiko dugu, baina, aurrera begira, igandekoak ahalbidetu beharko luke, beste edozein gairen in

guruan erabakitzeko tresna bat izatea. Horrez gain, emaitza? Emaitza hurrengo egunean aztertuko dugu ikuspuntu guztietatik. Dena den, herri-mobilizazio forman osatuko dugu emaitza; botoen norabidea neurtzeko baino gehiago, Tolosaldea ariketa honen inguruan zenbateraino mugitu den ikusteko balioko du emaitzak. Beharbada, etxe askotan ez du inork botorik emango, baina ziur naiz, egunotan, gaia hizpide izango dutela; duela hiru urte hori pentsaezina zen. Lorpen izugarria iruditzen zait hori.

J.A.: Galdeketen garrantzia azpimarratzerakoan, ezinbestekoa da esatea, igandekoa ez dela Tolosaldea mailako galdeketa soil bat izango, eta Euskal Herrian ekarpen bat egingo duela. Gure Esku Dagoren helburua da erabakitzeko eskubidearen inguruko eztabaida nazio mailara eramatea eta, horra iristeko, tokian tokiko galdeketak ezinbestekoak dira.

Txikitik handira joateaz ari zaretenez, azken galdera bat: Euskal Herri mailako galdeketa bat, utopia edo etorkizuna da zuen begietan?

J.A.: Etorkizuna izatea nahiko genuke, eta horregatik ari gara bide hau egiten. Guk ez dugu Euskal Herri mailako galdeketa bat antolatuko, ez dut uste. Gure Esku Dago dinamika herritarra da eta autofinantzatua. Horregatik, aipatu bezala, nazio mailako galdeketa baterako baldintzak sekula sortzekotan, herritarrek hala eskatu dutelako eta agintariek hala egin dutelako sortuko dira.

B.S.: Erakundeek antolatutako galdeketa izan beharko luke nazio mailakoak, bai. Gure lana gehiago izan da herri-dinamika bat sortzea, eta herritarrei erakustea, berme guztiekin egin daitekeela horrelako zerbait; jendeak barneratu egin behar du hau erabat legezkoa dela. Behin hori eginda, eta emaitzak ikusirik, ea erakundeek gaiari lehentasuna ematen dioten, eta beren agendetan lehenesten duten. Gu prest geundeke, gure esperientzia mahai gainean jarriz, balizko galdeketa nazional horretan laguntzeko.

J.A.: Hori izango da, beraz, martxoaren 19ko galdeketaren helburua: herritarrek irudikatzea posible dela, eta gure esku dagoela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!