Tolosaldeko Giltzarria

Lehen aldiz X bat markatzera

Tolosaldeko Ataria 2017ko mar. 19a, 10:45

39.442 herritarrek izango dute gaur, estatus politikoaren inguruko iritzia emateko aukera; guztira, 45 bozkaleku ireki dituzte Tolosaldean. 09:00etatik 20:00etara egongo da bozka emateko aukera, eta herri bat baino gehiagotan hasi dira giroa alaitzen, kalejira, musika eta bestelako ekitaldiekin.

Birjinitate galtze bat izango da gaur, Tolosaldean. Birjinitatea galtzea, lehen aldiz izango delako, nazio ereduaren inguruko iritzia hautetsontzietan sartzeko aukera. Akaso 18 urte bete eta lehen hauteskundeetan, urduri, botoa ematearen parekoa izango da sentsazioa.

Edo, akaso ez. Herritarrek ez baitute, sekula, herri honetako eztabaida eternalaren inguruko iritzia bozkalekuetan plazaratzeko aukerarik izan. Herria, nazioa, estatua, errepublika,... Zenbat buru, hainbat aburu zioen esaera zaharrak, eta aburu guztiek botoa ematea izango da helburu, Giltzarriarentzat.

Orobat, hautesle errolda 39.442 pertsonakoa da, 16 urtetik gorako herritar guztiek baitute galderari BAI edo EZ erantzuteko aukera. Botoa hautetsontzian sartu ahal izateko, berriz, ezinbestekoa da norbere burua identifikatu eta herri horretan bizi dela egiaztatzea. NAN agiria edo pasaportea erabili ahal dira eta, bi dokumentu horietan erroldatzea argitzen ez bada, udaletxeko errolda agiria gehitu behar da.

Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko kide izan? galderari erantzuteko, Tolosaldeko Giltzarriak eskualdeko postontzietan banatutako gutun azal eta botoak erabiltzeko aukera dago, batetik. Bestela, bozkaleku bakoitzean ere badago botoak hartzeko aukera. Hori bai, botoa etxetik emanda edo bozkalekuan hartuta ere, X bat idatzi behar da aukeraren laukitxoan: X bat BAi erantzunari, edo X bat EZ erantzunari.

45 mahai 28 herrirentzat

Eskualdeko gizarteak norbere herrian eman behar du galdeketako botoa, horretarako ezarritako bozkalekuetan.

Udalerri bakoitzak mahai bana du, Ibarrak eta Tolosak izan ezik hurrengo orrialdeetan zehaztuta daude leku zehatzak, baina bizilekuak ez du baldintzatuko botoa emateko mahaia; norberak nahi duen mahaira bertaratu ahal du, 09:00etatik 20:00etara bitarte.

Egitarauak

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!