42 enpresa berri sortu dira 2016an, Tolosaldea Garatzenen eskutik

Tolosaldeko Ataria 2017ko mar. 15a, 16:09
Ekintzailetza Sailaren balantzea egiteaz gain, enpresa haztegiko kide berrien aurkezpena egin dute.

Ekintzailetza Sailetik azaldu dutenez, 2016 urte oparoa izan da. Bestalde, Lehiberri zentroko haztegia beteta dago, lau enpresa berrirekin.

Ixiar Arratibel Tolosaldea Garatzeneko lehendakariordeak azaldu duenez, "Ekintzailetza Sailak duen helburu nagusia enplegua sortzea da". Enpresa proiektu bat aurkezten duenari aholkularitza eskaintzen zaio eta tutoretza pertsonalizatua ematen zaio, besteak beste, autoenplegu informazio orokorra emanez, bideragarritasun planean oinarritutako negozio ideien azterketa, banakako tutoretza enpresa plana garatzeko, enpresa kudeaketa mailako prestakuntza, finantzaketak lortzeko erraztasunak hitzarmen ezberdinen bidez, diru laguntzen kudeaketa eta enpresa hazitegi zerbitzua.

Arratibelek gaineratu duenez, "enplegua sortzeaz gain laguntza ematen dugu hainbat helburu lortzen saiatzeko". Hori horrela, ekintzaileari informazio, aholkularitza eta laguntza ematen zaio mikroenpresa asmoak garatzeko; ekintzaileari oinarrizko kudeaketa gaietan prestakuntza ematen zaio; enpresa proiektuen finantzaketa erraztu eta ahalbideratzen da; enpresa berriak kokatzeko espazioak ahalbideratzen dira; ekintzaileen ekosistema erakargarri bat lortzeko baliabideak sortzen dira eta autoenpleguan lan ekimenak bultzatzen dira.

Urte oparoa izan da 2016a ekintzailetasunari dagokionez, enpresa sorrerari eta honi dagokion lanpostu sorrerari dagokionez. 42 enpresa sortu ziren aurreko urtean Tolosaldean, horietako 28 Tolosan. "Honi esker 76 lanpostu zuzen sortu dira eta proiektu horiek guztiak martxan jartzeko egin den inbertsioa 2,6 milioi eurokoa izan da", azaldu du Jon Zubeldiak, Ekintzailetza Saileko arduradunak. Enpresa bakoitzaren bataz besteko inbertsioa 61.000 euro ingurukoa izan da. "2014. urtetik hasita hobera doan tendentzia bat nabari dugu. 2015. urtean datuak nahiko onak izan ziren, eta 2016an igoera hori kontsolidatu egin da".

Sortutako enpresa gehienak enpresei nahiz norbanakoei zuzendutako zerbitzuei lotuak daude, merkataritza eta ostalaritzak agertzen direlarik jarraian. Hainbat alorretakoa dira sortutako enpresak: arropa eta osagai dendak, tailer mekanikoak, arkitektura estudio, aholkularitza etxeak, komunikazio, diseinu eta publizitate arloko enpresak, dron bidezko filmaketa eta edizioak, software garapen zerbitzuak, marketin digital zerbitzuak, fisioterapia, osteopatia, fisiologia zerbitzuak...

Sortutako enpresak 42 izan badira ere, "askoz gehiago izan dira, ideia bat buruan dutela Tolosaldea Garatzenera aholku eske hurbiltzen direnak", zehaztu du Zubeldiak. "2016an 196 pertsona pasa ziren Lehiberri zentroan kokatzen den Ekintzailletza Sailetik dituzten asmoak azalduz. Gehienak ere haserako informazioa orokorraren bila hurbildu ziren". Enpresa martxan jarri zuten ekintzaileen profilari begiratuz, bataz besteko adina 36 urtekoa da eta %47,61 emakumezkoa eta %52,38 gizonezkoa. Horrez gain, prestakuntza maila ertaina duena, aldez aurretik laneko esperientziaren bat izan duena eta Tolosaldeko herriren batean bizi dena.

Lau enpresa berri haztegian

Ekintzailetza Sailaren jardunaren balantzea egin ondoren, Lehiberriko enpresa haztegian jarri diren lau enpresa berriaren aurkezpena egin zen. Joseba Sanchezek Luar Ingurumena enpresa jarri du martxan, Iñaki Gereñuk eta Jon Aldalurrek Igora Drone, Javier Subijanak SIT enpresa, eta Nejc Rudelek Marina Master.

Sanchezek azaldu duenez, "Luar Ingurumena enpresarekin herri handi eta txikiei laguntzen diet tokiko garapenean eta ingurumenean". Haztegian egoteak "bezeroekiko erreferentzia bat ematen dizun leku bat izatea" eskaintzen dio Sanchezi.

Igora Drone enpresak ikus-entzunezko ekoizle moduan egiten du lana. "Gure erreminta nagusia dronak dira, eta biok pilotu profesionalak gara", azaldu du Gereñuk. "Hobby moduan hasi zen zerbaitetik lanak ateratzen hasi ziren eta ikusi dugu aukera enpresa bat sortzeko".

Bere aldetik, Javier Subijanak azaldu duenez, bere SIT enpresak "zerbitzu energetikoak ematen ditu, ziklo osoa kontuan hartuta. Hau da, auditoria eta aholkularitza energetikoa egin dezaket, fakturak aztertu, led argiak jarri, enpresetako makina eta motorren funtzionamendua eraman...".

Azkenik, Marina Master enpresak kirol portuen kudeaketarako software garapena, salmenta eta instalakuntza zerbitzua eskaintzen du.

Lau enpresek hiru urterako hitzarmena sinatu dute Tolosaldea Garatzenekin. Guztira zazpi enpresentzako lekua dago Lehiberrin, eta 2013an hasi ziren enpresentzako haztegi zerbitzua eskaintzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!