«Orain beste maratoi bat egitea dagokigu»

Tolosaldeko Ataria 2017ko mar. 15a, 10:39

Saharako Maratoia seigarren aldiz korritu du tolosarrak; Afrikako herriarekin lotura sakonagoa dauka, ordea, Agustin Agotek.

Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa eratu zeneko urteurrenaren harira, urtero Saharako Maratoia antolatzen da. Aurten, otsailaren 28an izan zen, eta bertan, euskal ordezkaritzaren tartean, Tolosaldeko sei lagun izan ziren; horietako bat  Agustin Agote tolosarra. Besteak: Gregorio Eizagirre (Leaburu-Txarama); Jexux Pagola (Tolosa), David Etxabe (Tolosa), Joxean Larrarte (Irura) eta Migel Campos (Ibarra).


Zer moduzko esperientzia izan da?
Ona. Urtero bezala, esperientzia polita izan da. Saharar herriarekin izandako harremana, bertan ditugun proiektuak… oso ondo joan da. Kirol arlotik begiratuta ere, maratoia bikain atera da. Pozik.


Aurtengoa zure seigarren parte hartzea izan da, eta ez zara bakarrik joan?
Taldetxo bat ibiltzen gara asteburuetan korrika. Saharako Maratoiaz asko hitz egin diet, eta aurten, inauteriak tartean zirela, datak egokitu eta denok bertara joan gara.


Beraien begiek zer ikusi dute han?
Oso pozik etorri dira, baina inpaktu handiarekin. Bertako egoera, errealitatea eta zergatia ezagutu dute. Pilak kargatuta etorri dira. Maratoiaren helmuga han pasa genuen, baina hemen beste mota bateko maratoia egitea tokatzen zaigu orain: hango berriak eta beharrak zabaltzea.


Lasterketarekin amaitzeko, Saharan maratoi bat nolakoa da?
Hemengoarekin alderatzen baldin badugu oso desberdina da. 09:30ak inguruan ematen zaio irteera maratoiari, nahiko berandu. Gero 30 gradutik gorako eguraldia tokatzen zaizu. Esperientzia bezala oso polita da, basamortu erdi-erdian korritzen baituzu. Eskuin-ezker eta aurrera-atzera begiratu eta dena laua ikusten duzu; paraje ikusgarria da benetan.


Hondar gainean korri egitean zailtasuna areagotu egingo da, ezta?
Maratoiaren lehen erdian harria eta harea besterik ez dago. Beste 6-8 kilometrotan dunak eta hondarra. Pixka bat erosoago joateko aukera azken kilometroetan izaten duzu, baina ordurako, nekea pilatuz joan da, eta 30 graduek hor jarraitzen dute.


Tolosaldetik, Euskal Herritik eta mundu guztitik joaten da jendea?
Aurten, lasterketa guztietan 500 parte hartzaile izan gara. 30 herrialde desberdinetako jendea joan gara.


Gregorio Eizagirre leaburuarra ere bertan izan da korrika; aurtengoa 10. aldia zuen.
10 kilometroko lasterketak egiten ditu Gregoriok. Han izan da, bai, eta berak ere ederki gozatu du.


Oraindik han jarraitzen duela esango nuke.
Tolosaldea Sahararekin Elkarteak Mijic lurralde liberatuan anbulatorio berri bat eraiki nahian dabil. Horrez gain, egin berria den eskolari bi gela gehiago erantsi zaizkio. Aste hau lan horiek ikusteko hartu zuen Gregoriok. Bestalde, berak hemen izan zuen haur bat ezkondu egiten da, eta bere emaztea eta alabarekin ezkontzara gonbidatua izan da. Horregatik ere han geratu da, ospakizunetarako.


Izan ere, bigarren familia bat duzue zuek han.
Nire hango etxeko ama niretzat beste ama da; hango seme-alabak nire anai-arrebak diren bezala. Oso erlazio sakona sortzen da; oso berezia.


Bertara joan zarenean, beti familia berera joaten zara, ezta?
Bai. Alde batetik, oso ondo hartzen nautelako, eta bestetik, beraiek ez luketelako ondo ikusiko beste etxe batera joatea. Kezkatu egingo lirateke, niri egiten didaten harrera ona ez ote den galdezka. Jasotzen dudan tratua oso berezia da; goxoa, familia girokoa.


Urteurrenaren harira izaten da maratoia, baita aldarrikapena eta elkartasuna ere.
Otsailaren 27a da beraien Aberri Eguna. Egun oso berezia da beraientzat. Desfileak eta beste hainbat ekimen egiten dituzte. Maratoia bertan dela aprobetxatuz, hitzaldi desberdinak ere antolatzen dituzte, hango errealitatea erakusteko. Ospitaleak, eskolak, bestelako zentroak, ezintasuna duten jendearentzat programak eta abar erakusten dituzte. Aste horretan hara joaten garenoi bertako egoera azaltzen digute, bertako beharrak eta lorpenak zeintzuk diren erakutsiz; gero bueltan etortzen garenean, hori kontuan hartuta, ahal dugun neurrian laguntzeko.


200.000 lagun bizi dira euren lurraldetik kanpo Algeriako basamortu batean kokatuta. 41 urte daramatzate horrela.
Urtetik urtera gabeziak gero eta handiagoak dira. Iaztik hona aldea nabaritu dugu; medikazio aldetik adibidez biltegiak hutsik daude. Janaria ere gero eta eskasagoa da. Askotan jan gabe oheratu behar izaten dute. Egoera, beraz, gero eta kaxkarragoa da. Denboran luzatzen ari da gainera. Gure etxeko alaba zaharrena, adibidez, exodoan jaio zen, zuhaitz baten azpian. Populazio zibilari marokoar, alemaniar edo frantziar hegazkinak napal-a eta produktu kimiko desberdinak botatzen ari zitzaizkion bitartean. Sarraskia sekulakoa izan zen. Sahara basamortuko eremu gogorrenean daude orain, Hamadan, harrizko basamortuan. Anekdota bezala, gure amaren amak, bere sinismenean lur eremu hori infernua bezala ezagutzen zuen. Orain infernu hori euren bizirauteko lekua bilakatu da.


Nola dago giroa itxaropenaren aldetik?
Adineko jendearen eta gazte jendearen artean aldea nabari da. Gerra ezagutu duenak eta zein eragin duen dakienak, gerrarekin pixka bat atzera egiten dute. Politikoki irtenbide bat lortzen saiatzen dira. Baina kontuan izan behar da belaunaldi desberdinek kanpalekua bakarrik ezagutu dutela. Egun guztian ez dute zer eginik. Berdin da astelehena edo ostirala izan. Egun guztiak berdinak dira. Ez daukate lanik. Ez daukate etorkizunik han. Hauek prest daude beraien herrialdea berreskuratzera joateko. Sentimendu kontrajarriak daude, beraz. Batzuk ez dute nahi sarraski berri bat; eta gazteak, prest daude bere bizia ematera joateko, bere lurraldea berreskuratzen saiatzeko.


Atzerrira begiratzen dutenean, zer ikusten dute?
Esperantza mantentzen dute oraindik, atzerriko herrialdeetatik laguntza iritsiko zaielakoan. Amerikako Estatu Batuetan gauzak aldatzen ari zirela ematen zuen azken aldian, baina orain Trump-ekin ez dakigu zer gertatuko den. Gauzak aldatzen jarraituko duten edo berriro ere atzeraka joango ote diren. Indarra egin beharra dago, Frantziak ez dezan behin eta berriz betoa erabili aurkezten diren proiektu guztien aurka. Espainia ere salatu behar da, erabateko erantzulea baita. Deskolonizazio prozesua ez da eraman. Oraindik legalki Espainiako lurraldea da. Deskolonizazio prozesua abiarazi egin behar zaio Espainiari, eta subiranotasuna bertako biztanleei eman behar zaio. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!