Jon Erasunek finala bost tantora dauka

Tolosaldeko Ataria 2017ko mar. 14a, 10:16

Binakako Promozio Mailako pilota txapelketaren finalerdietako azken partida jokatuko da asteburuan.

ASTEBURUKO PILOTA EMAITZAK
Promozio txapelketa
Finalerdiak, bigarren jardunaldia
Arteaga II-Erasun     22
Peña II-Salaverri    10

Sailkapena
1. Arteaga II-Erasun    2-0
2. Laso-Iturriaga    1-1
3. Peña II-Salaverri    1-1
4. Errandonea-Martija    0-2

Hurrengo jardunaldia
Arteaga II-Erasun
Laso-Iturriaga


Peña II-Salaverri
Errandonea-Martija

Esku pilota jaialdiak
Lasarte, ostirala
Victor-Albisu     22
Artola-Beroiz    17


Iruñea, larunbata
Victor-Imaz     18
Artola-Galarza    22


Eibar, igandea
Jaka-Merino II    16
Altuna III-Erostarbe    22

Jon Erasun eta Jon Ander Peña Promozio Mailako Txapelketaren finalerdiak jokatzen ari dira, ligaxka moduan. Asteburuan hirugarren eta azken jardunaldia jokatuko dute. Finalerako bi txartelen lehian hiru bikote daude. Horietan aukera gehien Arteaga II.ak eta Erasunek dituzte. Euren partida irabazten baldin badute finalean izango dira, eta 22-5etik gora galtzen baldin badute, emaitza hori barne, berdin.
Tolosarraren kasua ez da hori. Peña II-Salaverrik irabazi eta Laso-Iturriagak galdu egiten baldin badute, tolosarra finalean izango litzateke. Baina hiru bikoteren arteko berdinketa ematen baldin bada, bi garaipenekin edo garaipen bakarrarekin, bikote horien arteko sailkapena egin beharko litzateke; elkarren artean jokatutako partidak bakarrik kontuan hartuta. Aldeko eta aurkako tantoak begiratuta erabakiko litzateke nork egingo lukeen aurrera.

Jardunaldi erabakigarria ostiralean hasiko da, Oñatin, 22:00etan. Bertan, Arteaga II-Erasunek Laso eta Iturriagaren aurka jokatuko dute. Hurrengo egunean, hilaren 18an, Peña II-Salaverriren eta Errandonea-Martijaren artekoa jokatuko da. Pilota jaialdia Iruñeko Labrit pilotalekuan izango da, 16:45etik aurrera.  

Aiztondo pilota topaketa
Martxan da jada Aiztondoko XX. Pilota Topaketa. Aurtengoan ere, Aiztondoko bailara osatzen duten sei herrietako pilota taldeetako arduradunek antolatu dute txapelketa, Aiztondo Zerbitzu Mankomunitatearen eta Amasa-Villabona eta Asteasuko udalen sostegu ekonomikoa dutelarik.
XX. ekitaldi honetan Aduna, Amasa-Villabona, Larraul, Alkiza, Zizurkil eta Asteasuko haurrek jokatuko dute eta 144 pilotari ariko dira aurrebenjamin, benjamin, alebin eta infantil mailetan eskuz. Alebin eta infantil mailan neskek palaz jokatzeko aukera izango dute.
Txapelketa pasa den asteburu honetan hasi da, eta bost jardunaldiz luzatuko da. Maila guztietako finalak aurtengoan Adunako pilotalekuan jokatuko dira, apirilaren 29an, larunbatez, eta 16:00etan hasita.
Partidak larunbat eta igandeetan jokatuko dira; larunbatetan benjaminak Villabonan eta Larraulen eta alebin eta infantilak Adunan; guztiak 15:00etan hasita. Igandeetan, berriz, aurrebenjaminak Alkizan jokatuko dute, eta neskak palaz Asteasun; guztiak 10:00etan hasita.


Finalerdiak Zizurkil eta Alkizan jokatuko dira apirilaren 23an eta final guztiak aipatu bezala Adunan.

Padel txapelketa
Asteburu honetan, Donostiako Trinketean, Gipuzkoako padel eskolarteko zirkuitoa jokatu da. Alebin mailan, Tolosako Peru Garin eta Altzoko Markel Lizarribar izan dira irabazleak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!