Haurrak askatasunez mugitzearen garrantzia

Bakarne Regillaga 2017ko mar. 13a, 07:46

Zein adinarekin hasi ginen oinez ibiltzen? Gure curriculumean azaldu beharko litzateke? Badirudi, txikiak garenean behinik behin, garrantzi handiko gaia dela. Bada esan behar dudana sinestezina dirudien arren, osasun ona duten haurrak, buruz gora egotetik oinez ibili arteko prozesua bakarrik egiteko gai dira, elementu «arrotzen» (gure eskuak, taka-taka…) beharrik gabe.

Ados gaude haurrak helduaren beharra duela, baina ahaztu egiten zaigu gaitasunak dituela eta pertsona aktiboa ere badela. Arreta jarriz gero, gauza ugari egiteko gai dela ikus dezakegu (zenbat aldiz esaten da jaio berriak ez duela ezer egiten…).

Jaioberriak, hasieran, buruz gora dagoela, burua, lepoa, hankak, eskuak… intentziorik gabe mugituko ditu eta poliki-poliki, mugimendu hauek geroz eta gehiago menperatuko ditu. Haurrari denbora emanez gero, bakoitza desberdina delako, bere begien aurretik pasako den eskuaz jabetuko da, ahora eramanez, mugituz, berarekin jolastuz…. begi-esku koordinazioa garatzen hasiko da. Objektuak eskaintzeko unea iritsi da!

Egun batean, haurra buruz behera jarri dela konturatuko gara, nola demontre egin du? Buruz gora egotetik buruz behera jartzerakoan, espazioan eta inguruan dagoen ikusteko modua (perspektiba) aldatu egiten da. Posizio honetan dagoela, bere burua altxatzen hasiko da, bere gerrialdea indartuz joango da ... Geroz eta indar gehiagorekin burua eustea lortuko du.

Eskuak ere izugarrizko ariketa egiten ari dira. Gorputz osoaren giharrak tope daude.

 Gerta daiteke ikustea nola burua, eskuak eta hankak airean dituela, bere pisu guztia triparen gainean eustea lortzen duen, hori bai dela ariketa egitea!

 

Prozesua aurrera doala, desplazamendua ikusten hasiko gara, hala nola, atzeraka/aurreraka, errodatu, biratu…

Bere gorputza poliki-poliki bertikaltzen hasiko da eta lurraren gainean dagoen gorputz azalera txikituz joango da, grabitate zentroa urrunduz.

Lau hanketan mugitzen da. Aldi berean edo beranduago, esertzea etorriko da, bai!

Haurra gai da bera bakarrik esertzeko!

Belauniko jarriko da, gerrialdearen bertikaltasuna praktikan jarriz. Ondoren, altzari edo objektu bati helduz haurra zutik ikusiko dugu eta oinez ibiltzen hasiko da, hasieran alboetarantz (haurraren lehenengo pausoak ez dira aurreraka izaten, alboetara zerbaiti eutsita baizik). Gero, zutik bakarrik mantenduko da eta amaitzeko, ibiltzen hasiko da. 

Oso modu orokor batean, hainbat ñabardura egin daitezkeelarik, hauxe da horizontaltasunetik bertikaltasunera haur batek burutzen duen bidea.

Zergatik honen aldeko apustua egin?

-Lehenengo 2 urteetan, haurra, aro sentso-motorrean dago, hau da, bere inteligentziaren garapena zentzumenak eta mugimenduak uztartuz burutzen da (haurrak, mugitzeko askatasuna behar du harmonikoki garatzeko).

-Bere gorputza ezagutzen joango da, inguruarekin erlazionatuko da, esplorazioan murgilduko da… Bere garuna bizitako esperientzien bidez garatuz joango da (neuronen arteko sinapsiak). Ekintzek egiten dute pentsamendua.

-Bereganako konfiantza irabazten du: «Saiatu egingo naiz»; «Ea zer gertatzen den hau egiten badut»; «Gai naiz»…

-Fisikoki seguru sentitzen ez denean, berak bakarrik, menperatzen duen postura batera itzultzeko aukera izango du. Bere limiteak zeintzuk diren ezagutzen joango da.

-Haurraren erritmoa errespetatzerakoan bere heltze prozesua ere errespetatzen ari gara, zein zentzu izan dezake haurra zutitzea, bere hankek oraindik indarrik ez badute?

-Postura bakoitzak eta mugimendu bakoitzak dute garrantzia, kate honen jarraipenak hurrengo urratserako bidea prestatzen baitute. Zergatik aurreratu?

-Prozesu guztian zehar hainbat kontzeptu dabiltza dantzan: autonomoa, aktiboa, autoestimua, zoriontasuna, errespetua, denbora, segurtasuna, koordinazioa, kalkulua, oreka, azalera, grabitatea, distantzien kalkulua…

-Eta amaitzeko, galderatxo bat: Posible izango litzateke heldu batentzat haur bat horrela ipintzea?

Beraz, utz diezaiogun bere bidea egiten! Askatasunez mugitzen! Prozesuak berak duen garrantzia aitortzen! Garapen naturala errespetatuz, haurrari bere sena jarraitzen uzten!


Jasotako ekarpenak, Emmi Pikler pediatra hungariarraren (1902-1984) haur txikien hazkuntza eta garapenaren alorretan eginiko aurkikuntzetan oinarritzen dira.

Irurako Haurreskolako haurrak: Erik, Eneko, Lorea, Lucia, Ekaitz, Nikola, Aldara, Irati, Hodei eta Jone.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!