«TAKen trainerua amets bat bezala geratuko da»

Tolosaldeko Ataria 2017ko mar. 9a, 11:09

Gipuzkoako Batel Ligan sei estropada jokatu eta seiak irabazi ditu Tolosaldeko Arraun Klubeko jubenilen taldeak, nagusitasunez. Ligako hurrengo jardunaldia igande honetan jokatuko da Trintxerpeko uretan, 10:30ean hasita. Malen Oiarzabal (Tolosa, 1999) eta bere taldekideak zazpigarren garaipenaren bila joango dira.

Gipuzkoako Batel Ligan atentzioa deitzen duen talderen bat baldin bada, zuena da. Zuek ere harritu al zarete?
Bai. Indartsu ibiliko ginela bagenekien, baina ez genuen inondik espero jokatu diren jardunaldi guztiak irabaztea.


Zergatik uste zenuten indartsu ibiliko zinetela?
Duela bi urteko talde berdina delako. Orduan, kadeteen bigarren urtean, elkarrekin goiko postuetan ibili ginen. Espainiako Txapelketan, adibidez, bigarren geratu ginen. Ondorioz, bagenekien talde hori errepikatzen zenean indartsu ibiliko ginela. Baina 1.000 metrotan ibiltzetik 2.000ra pasa gara, eta hori aldaketa handia da. Ez genuen uste hain ondo ibiliko ginenik.


Kontua ez da jardunaldi guztiak irabazi izana bakarrik; bigarrengoei ateratzen diezuen tarte handia ere hor dago.
Helburua hori da; Tolosan ditugun baliabideekin ahalik eta ondoen lan egitea. Hemen azken finean erreka batean gaude, eta  ditugun baliabideekin. Horregatik, gure lana egitean bakarrik pentsatzen dugu, ez besteak non geratuko diren.


Ez dakit kirolari batentzat hain ona den bigarrena urrun izatea. Aurkaria gertuago ibiliko balitz zuen burua gehiago estutuko zenukete.  
Eta ikusten ari gara, horietako batean erori egingo garela. Orduan izugarrizko kolpea hartuko dugu. Baina hori ez gertatzeko pixkanaka lanean jarraitu behar dugu, maila honetan ahalik eta denbora gehien segitzeko.  


Zein da zuen sekretua? Nolako arraunketa da zuena?
Arraunketa luzea daukagu, eta hori bai, burua hotz mantentzen saiatzen gara momentu guztian. Azkeneko luzean, berriz, lehertzera joaten gara; arraunean luze eginez eta burua hotz mantenduz.


Test moduan hartzen al dituzue estropadak?
Txapelketak izan ohi dira beti helburu hemen, baina hortik harago, uretara ateratzen garen bakoitzean, dena ematera joaten gara, denaren bila.


Txapelketa horietan beste talde batzuk sartuko dira zuekin. Gipuzkoatik kanpoko talde horien erreferentziarik ba al daukazue?
Beti ibiltzen gara bizkaitarrei edo galiziarrei begira, baina arraunketa eremuak oso desberdinak direnez, ezin da konfiantzarik hartu. Batzuetan gerturatzen zaizkigula ikusten dugu, baina gehienetan azpitik geratzen dira. Baina lehen esan bezala, ezin da konfiantzarik hartu.


Gipuzkoako Batel Liga jokatzen ari zarete. Zer etorriko da ondoren?
Zazpi jardunaldi jokatu dira, baina bat bertan behera geratu zen itsasontzi batengatik. Beste sei geratzen zaizkigu liga amaitzeko. Ondoren Gipuzkoako Txapelketa etorriko da, eta gero Euskadikoa. Hor sailkapena lortzen baldin badugu, Espainiako Txapelketara joango gara.


Kadeteetan indartsu ibili zineten. Bilakaerak etenik ez duela izan erakusten ari zarete jubeniletan. Aurrera begira jarraitzen baldin badugu, non ikusten zara?
Pertsonalki azken bi denboraldiak, udan, Hernaniko traineruan egin ditut. Eta noski, aurrera begira jartzen zara. Azken finean, batelak gaztetako gauza bat da, baina gero trainerura egin nahi izaten duzu jauzi. Eta hor hasten zara nora joan nahi duzun begiratzen.  


 TAK-ek ez dauka trainerurik, eta jubenilen ondoren, zuen ibilbidea hor amaituko da.
Askotan entzun dugu «TAK-eko nesken trainerua! TAK-eko nesken trainerua!»; baina amets bat bezala geratuko da. Herriaren izenean traineru bat ateratzea izugarria izango zen. Baina amets batean geratuko da. Azkenean ez baitaukagu baliabiderik; errekan ezingo genuke trainerurik atera ere egin.
Eta pena, taldea zatitu egingo delako.
Bakoitzak bere gustuak ditu, eta hemendik ateratzean, bat alde batera eta bestea bestera joango da. Taldea zentzu horretan galdu egingo da.

Taldekideak
Nagore Urdapilleta (Tolosa)
Ainhoa Tolosa  (Tolosa)
Naroa Leonet  (Tolosa)
Ainhoa Manterola (Tolosa)
Leire Galarraga, (Amasa-Villabona)
Itsaso Aizpurua, (Andoain)
Irati Romero, (Ibarra, patroia)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!