Mendiko eskiaren festarako izen ematea, zabalik

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko ots. 15a, 12:41
Mintxo Astiz, Nagore Salaberria eta Iñaki Mariño antolatzaileak, gaur, Bidaiarien Txokoan

Antxon Bandres tolosarraren eta Carlos Imirizaldu Karoloren izena daraman memoriala egingo dute, Izaban, martxoaren 4 eta 5ean; iaz ezin izan zuten egin ez zegoelako elur nahikorik.

Antxon Bandres zenak mendiko eskia maite zuen eta lan handia egin zuen gazteen artean bultzatzeko. Baita Carlos Imirizaldu Karolo getxotarrak ere. Horregatik erabaki zuen Noaingo Mendi Taldeak euren izenak jartzea 2012az geroztik Izaban egiten duten mendiko eskiko memorialari. Iaz, dena den, ezin izan zuten egin, antolatzaileak azken unera arte lanean egon baziren ere, ez baitzegoen elur nahikorik.


VI. Bandres-Karolo Memoriala martxoaren 4 eta 5ean egingo dute eta probaren barruan Euskal Herriko Txapelketa ere egongo da jokoan. Bi eguneko probak 200 bat parte hartzaile izaten ditu.
Egun batean krono-igoera egiten dute eta bestean, lineako proba. Normalean eguraldiaren arabera erabakitzen dute proba bakoitza zein egunetan egin, baina printzipioz lehen egunean, martxoaren 4an, krono-igoera egingo dute, eta lineako proba igandean. Oraindik goiz da krono-igoerak izango duen ibilbidea jakiteko, baina aurreko urteetan Izaba herritik bertatik edo Izaba Campingetik irten izan dira. Lineako probari dagokionez, bi ibilbide izango dira; A ibilbideak bataz beste, 1.750 metroko malda positiboa izango du eta B ibilbideak, 1.050 metroko malda positiboa, gutxi gorabehera. Ibilbideak proba egunak gerturatu ahala zehaztuko dituzte, hortaz, baina antolatzaileek esan dute beti saiatzen direla ibilbide berriak, erakargarriak, teknikoak eta parte hartzaileek gozatzeko modukoak prestatzen. Probak egiteko beharko den materialaren berri ere egunak gerturatu ahala emango dute. "Oinarrizko materiala eraman behar da noski; betaurrekoak, kaskoa... Baina hortaz gain, dagoen elurraren eta lotzen dugun ibilbideen arabera, beste zerbait ematea gomendatuko dugu; arnesak, kranpoiak... Aldez aurretik esango diegu parte hartzaileei", esan du Nagore Salaberria antolatzaileak.

Proba Noaingo Mendi Taldeak antolatzen du eta helburua jendea Erronkari eta Anso bailaretara gerturatu arazteko eskaintza bat sortzea da. Mendiko eskiaren praktika Nafarroako mendietan bultzatzeko asmoz ere antolatzen dute memoriala. Mintxo Astiz antolatzaileak esan duenez, mendi kutsua eman nahi izaten diote beti probari, alpinismo pixka bat egin ahal izateko, "baina beti segurtasuna zainduz". Gutxi gora behera 50 lagun aritzen dira antolakuntzan eta boluntario asko behar direla eta laguntza eskertzekoa dela gaineratu du Astizek. "Festa asteburu bat da guretzat", esan du.

Lasterketaren ohiko sariez gain, urtero Bandres-Karolo Saria ere banatzen dute. Aurten beterano bati emango diote «lasterketarekin beti izan duen jarrera ona» eskertzeko.

Camille Extreme
Aurten ere Izabako Kirol Elkarteak udan antolatzen duen Camille Extreme lasterketarekin sailkapen bateratua egingo dute. Bi probak Izaban direnez, bietan parte hartzen duten kirolariei ahalegina saritzea erabaki dute. Denek jasoko dute opari bat eta sailkapen bateratuan denbora onena egiten dutenek sari berezia ere jasoko dute.

Izan ere, eskiekin edo lasterka bi probek helburu bera dutela esan dute antolatzaileek: mendian kirol herrikoia sustatzea, naturari begirunea izaten laguntzea eta inguruneaz neguan zein udan berdin gozatzea.
Izena emateko epea zabaldu dute jada eta azken eguna martxoaren 1a izango da. Nafarroako Mendi Federazioaren Mendiz-Mendi plataformaren bidez egin daiteke. 200 parte hartzailek baino gehiagok ematen badute izena, itxaron-zerrenda irekiko dute. www.bandres-karolo.com webgunean aurkitu daiteke informazio gehiago, edo noaingomenditaldea@gmail.com eta info@banres-karolo.com helbidetara idatzita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!