Enirio-Aralar

Oiduegiko txabola erreta azaldu dela-eta urgentziazko bilera egingo du mankomunitateak gaur

Tolosaldeko Ataria 2017ko ots. 6a, 11:33
Oiduegiko txabola erreta. ZALDIBIA.ORG

Oiduegi mendizale txabola, Enirio-Aralarko lur komunetan dagoena, “nahita” su eman eta kiskali dutela diote hainbat elkartek eta sindikatuk sare sozialetako mezuen bidez, Goierriko Hitza-k jaso duenez.

Lehen adierazpen horiek iradokitzen dutenez, Aralarren mankomunitateak pistak eraikitzeko duen asmoaren inguruan sortu den sesioa legoke atzean. Enirio-Aralar Mankomunitateko zuzendaritzak ez ohiko eta urgentziazko bilera egingo du gaur, Ordizian, 19:00etan. Batzarra itxia izango da, hortaz mankomunitateko zuzendaritza batzordea osatzen duten ordezkarientzat izango da bakarrik.

Ertzaintzak azaldu duenez, suhiltzaileen txostenaren zain daude ikerketa osatzeko. Beraz, ikerketa zabalik dagoela azaldu du, eta ez du zehaztu gaur bertan ondorioztatu ahalko duen sutea eragindakoa izan den ala ez.

Erreketa nahita sortutakoa izan zela Landarlan ingurumen taldeak eta Aralar Bizirik taldeak jaulki zuten larunbat iluntzean: “Sua sortu den puntuan sua eragiteko iturririk ez dagoela egiaztatu ondoren, sua nahita eragindakoa izan dela ondorioztatu da”, esan zuten. Gailurrerantz mendi elkarteak –Oiduegiko txabolaren kudeatzaileak– Aralarren pistak eraikitzearen aurkako iritzia plazaratua zuela gogorarazi zuten Landarlanek eta Aralar Bizirikek. Txabolara gerturatu ziren suhiltzaileek eurek atera zuten ondorio hori, larunbat eguerdirako. Sutea txabola barruko lolekutik hasi zen, literak zeuden gela batetik. Han ez zegoen berez sua pitz zezakeen sorgailurik, Goierriko Hitzak azaldu duenez.

Oiduegiko txabola Gailurrerantz mendizale elkarte zaldibiarrak kudeatzen du (1970eko hamarkadaren hasieran sortua da taldea). Txabola erre zela jakin orduko, pena-sentimendu handia zabaldu zen Zaldibian, erabiltzaileen eta mendizaleen artean. Toki goxoa, estimatua eta atsedenekoa zela diote.

Larunbat gauean Zaldibiako plazan egindako batzarrean, aurrera begira jarri ziren elkarteko kideak: “Oidui altxatuko dugu” esan, eta atzo goizean hastekoak dira auzolanean lehenengo lanak egiten: aire librean geratu diren horma zatiak babesten.

Suhiltzaileak Oiduegiko txabolan, azken sugarrak itzaltzeko segurtatze lanak egiten. ZALDIBIA.ORG

Mankomunitateko lehendakariaren gaitzespena

Jose Miguel Santamaria Enirio-Aralar Mankomunitateko lehendakariak ohar bidez azaldu duenez, "lehenik eta behin, susmoak baieztatzen badira eta propio emandakoa izan dela egiaztatzen bada, indar guztiekin salatu ekintza hau eta egileari pertsona arbuiagarria dela esan zuzen-zuzenean". Santamariak gaineratu duenez, "honelako ekintzek ez daukate lekurik bide baketsu eta demokratikoetatik ekimenak aurrera eramaten diren gure gizartean".

Gertakariaren aurrean "tristura" azaldu du lehendakariak, "bai mendi elkarte horretako kide direnei, baita ere aterpe horretaz baliatu izan direnei ere". Horrez gain, "gertakari tamalgarri hau pisten auziarekin maltzurki nahastea" ez duela "inondik inora onartuko" zehaztu du. Bestalde, "gaiaren larritasuna" dela-eta Enirio Aralar Mankomunitateko zuzendaritza batzordearen ez ohiko eta urgentziazko deia egin duela jakinarazi du. Mankomunitateko herri bakoitzeko ordezkariak parte hartzen du zuzendaritza batzordean. Tolosaldeko bost herri daude mankomunitatean: Abaltzisketa, Amezketa, Baliarrain, Ikaztegieta eta Orendain.

Abeltzainen eta nekazaritza sindikatuak:  "Erantzuleak aurkitu eta zigortzea nahi dugu"

Aralarko abeltzainek, EHNE eta ENBA nekazaritza sindikatuekin batera, "gaitzespenik irmoena" azaldu dute "ekintza basati" honen aurrean.

Horrelako ekintzek "konfrontazioa" baino ez dutela bilatzen eta sortzen gaineratu dute, eta "inolaz ere" ez dutela bat egiten "eraso horrekin". "Gertatutakoa argitzea nahi dugu, erantzuleak aurkitu eta zigortzea". Lehendik ere bizi izan dituztela antzeko egoerak esan dute: "Erretako artzain txabolak eta jeztokiak, apurtutako harrapalekuak, eta abar luzeegi bat. Zoritxarrez, argitu gabe geratu zirenak".

"Ekintzak honek zaldibiar denen bihotzera egin du eraso", esan dute. "Kaletar eta abeltzainak denetarik dira mendi elkarteko kide, eta Oiduko erabiltzaile". Aurrera bidea "elkarren errespetuan oinarritu beharko dela" ziur ikusten dute, eta horrelako "ekintzek kalte izugarria egiten diote bilatzen dugun helburuari".

Azkenik, abeltzainek eta sindikatuek beraien elkartasuna adierazi nahi diete Gailurrerantz Mendi Elkarteari eta Zaldibiako herriari. "Egoera asko gordindu dezakeen gertaera dela badakigu, baina dei berezi bat luzatu nahi genuke eztabaida dagokion tokian kokatzeko, gure prestutasuna agertzearekin batera, lehen egin bezalaxe, auzolanean berreraikitzen laguntzeko", zehaztu dute.


EH Bilduk sutea salatu du eta "elkarrizketarako" deia egin du

EH Bilduk "erasoa" salatu du eta elkartasuna adierazi die bai mendizaleen elkarteko kideei bai "Aralar bizi eta maite" duten gipuzkoar guztiei.

EH Bilduren ustez, "eraso" hori "azken hilabeteetan bizi izan den krispazioarekin eta sektore batzuk izan dituzten jarrera okerrekin batera, ez dira bide egokiak Aralarko parke naturalak behar duen babesa bultzatzeko eta etorkizunerako irtenbideak bilatzeko".

Hori dela eta, "elkarrizketarako eta akordiorako" deia egin du EH Bilduk, "Aralar denona delako eta denon artean babestu egin behar dugulako". Zentzu honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen diote "tentsio handiko dinamika honetatik" ateratzeko eta "kudeaketa zuzena" bermatzeko, "hausnarketarako eta adostasunak bilatzeko prozesu zabal bat sustatuz".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!