«Gaur egungoa inoizko belaunaldirik babestuena da»

Iñigo Terradillos 2017ko ots. 2a, 09:02

Hezkuntzaren baitako hainbat adituk ohartarazi dute haur babestuegiak ari direla hezten, eta ondorioz, ahulegiak izango direla gazte direnean; gizartearen zikloak omen dira. Idoia Apaolaza psikopedagogori elkarrizketa egin diogu: 

Haurrari motxila eskolaraino eramatea, etxeko lanak haurraren ordez egitea, klaseko onenak ez saritzea eskatzea gainerako haurrak traumatizatuko direlakoan, azterketen errebisioetara joatea... Horrelako jarrerak dituzten gurasoak al zarete? Izan daiteke norbera jakitun izanik portaera hori izatea haurrarekiko; edo, aitzitik, seme-alabaren onerako egiten denaren ustetan, konturatu gabe jarrera horietan erortzea. Hainbat adituk ohartarazi dute horrelakoekin haur ahulak, hiperbabestuak eta eraginkorrak ez direnak hezten direla. Idoia Apaolaza psikopedagogoaren ustetan «ez da gehiegi orokortu behar, eta baliabide handiak dituzten gazte ugari dago gaur egun».

Maiz errepikatzen al dira gurasoek haurrekiko dituzten jarrera horiek?

Batzuetan bai, baina, horiek muturreko jarrerak direla esango nuke. Dena den, gurasoek badute seme-alabak babesteko joera. Gaur egungo belaunaldia inoizko babestuena da, baina, babesteko moduan denetarik topa dezakegu. 

Haur ahulak, babestuegiak eta eraginkorrak ez direnak ari omen dira guraso asko hezten.

Ez naiz orokortzearen aldekoa. Gehiegi babesten diren kasuak badira, eta horrek ondorioak izan ditzake, autoestimuan, bizitzako erronkei aurre egitekoan edota frustrazioa jasan behar denean. Garrantzitsua da norberak sentitzea eta estretegia garatzea egoera horri aurre egiteko.

Haurra lurrera erori da, eta bere kabuz altxa ordez, lagunduko dion gurasoaren eskuaren zain geratu da. Horrrela al da?

Hori ere batzuetan ikus daiteke, baina, askotan izaten da haurrak nahi duelako gurasoen arreta lortu. Haurrak oso argiak izaten dira, eta jakiten dute nork altxatuko duen eta nork ez. Gertatzen da, baita ere, norekin dagoen kontuan hartuta negar egiten duela haurrak. Haurrak gehiegi babestearen beste ondorio bat izan daiteke.

«Gaizki ohituta dago» bezalakoak erabiltzen ziren lehen.

Egia da gaur egun ere entzuten direla «gaur egungo gazteak...» bezalakoak. Esan beharra dago jende gaztea badagoela aurrera egiteko estrategia askorekin.

Gai honek arduratuta hainbat eskoletan hasiak dira hausnarketa egiten, eta lurralde batzuetan haurrak izan beharko lukeen jarrera hezkuntzaren parte da.

Beste irakasgai bat bezala hartzen dute kontuan. Haurrak motxilan ekarri beharreko guztia ekarri duen, berokia uzten duen, agendaren erabilera egokia egin duen... haurraren autonomia bultzatze aldera. Gakoa familian dago: motxila prestatu behar dutenean gurasoak gainean egotea egokia da, baina, semeak edo alabak egin dezala; agendarekin ere berdin, gurasoek ikus dezatela baina, seme-alabek bete behar dute; gurasoek etxeko lanetan laguntzea ondo dago, baina, noski haurrak egin behar ditu.

Agian norbera ez da konturatzen haurra gehiegi babesten ari dela.

Bai, baina, kontrakoa sortzen da. Hau da, etxeko lanak gurasoek egiten badituzte, haurrak ez du ikasiko; kasu batzuetan ama edo aita koadernoa ateratzen ere hasten dira, baina, hori seme-alaben ardura da, eta bestela horretara ari zara ohitzen. Motxila ere haurrak egitea komeni da, ardura bat da, eta berak jakin behar du non sartu dituen gauzak. Eta, horrela beste hainbat gauzekin. Garrantzitsua da haurrek ardurak hartzea txikitatik.

Adinaren arabera komeni da ardurak handitzen joatea.

Etxeko lanak famili guztiaren lanak dira. Lanak eginez autoestimua eta autonomia garatzen da. Bi urtetik aurrera hasi daiteke bere jostailuak gordetzen, arropa zikinaren ontzia eramaten, platerak jarri eta kentzen... Ikasten joan behar dute.

Jardutea, akziora igarotzea falta zaiela ere badiote. Alegia, haurrek badakitela noiz sentitu behar duten gaizki edo ondo egoera desberdinen aurrean, baina, sentimendu horretan baino ez direla geratzen, pauso bat ematea falta zaiela.

Izan daiteke kasu batzuetan bultzada falta zaiela. Adinak eta beharrak sortzen dute hori. Zenbait haur eta gaztetxo eskolan modu batera portatzen dira, eta gero lagunekin edo gurasoekin beste era batera portatzen dira. Heldutasun mailaren arabera.

Zikloak omen dira. Hau da, gurasoek beraiek igarotako zailtasunak haurrek pasa ez ditzaten gehiegi ematen diete, edo asko eman nahi diete, eta konturatu gabe horrelako ondorioak ari dira sortzen.

Ongizate eta kontsumoaren gizartean gaudela kontuan hartu behar da. Egia da guraso batzuek haurrak zirenean gutxiagorekin egiten zuten aurrera. Lehen ez zen hainbeste behar, edo ez zegoen hainbesterako aukera. Orain, berriz, oparotasun bat ikusten da, eta gurasoek, beraiek eduki ez zuten hori seme-alabari eman nahi izaten diote. Kontua da, gauza guztiek bezala, hor ere muga bat egon behar dela. Ez badugu mugarik jartzen, adinean aurrera egin ahala eskaera eta exijentziekin jarraitu daiteke gure seme-alaba. Haurrak jakin behar du ezetza hartzen eta frustrazioa onartzen. Helduok hainbat ezezko jasotzen ditugu, eta haurrek ere jasoko dituzte. Beti ezin dela dena lortu, eta ezin dugula beti denetarik eduki ulertu eta jakin behar du haurrak, eta frustrazioari buelta ematen jakin behar du. Nahiz eta aukera eduki gauzak erosteko, komenigarria da eskatzen duen guztietan ez ematea. Hori oso garrantzitsua da. Ezezkoari, frustrazioari aurre egiteko baliabideak edukitzea oso garrantzitsua da bizitzan, eta hori txikitatik ikasten joan behar duten zerbait da.

Portaera horiek, dena den, ez zenituzke orokortuko, ezta?

Nik esango nuke egoeraren zati bat direla. Lehen aipatu moduan, orokortzearen alde ez nago, izan ere, mugak jartzen dituzten gurasoak ikusten ditut, euren seme-alabez kezkatzen direnak, Londresera edo Frantziara lan bila joaten diren eta baliabide handiak dituzten gazteak ikusten ditut, nerabeak argi dutenak zein ikasketa burutu nahi dituzten, ikasketak bukatu eta lana ikasi duten horretaz topatu ez arren ostalaritzan edo beste arloren batean lanean ari direnak... Bi aldekoak daude, beraz. Zaku berean ez nituzke gazte guztiak sartuko.

Demagun haurra gehiegi mimatu dugula, eta horretaz konturatzen garela. Haurra hainbat portaera eta jarreratan gaizki ohitu dugu agian, baina, izan dezake atzera bueltarik? Ohitura onak berreskuratzea erraza al da?

Zaila da, batez ere adinaren arabera. Honetan, adina izaten da gakoa. Nerabe bat erabat babestua eta mimatua izan bada, denetarik izan duena, motxila gurasoek eramaten zioten eskolako ateraino, irakasleekin haserretu izan dena haurra defendatuz... oso zaila izaten da buelta ematea. Familiaren, gurasoen gainetik jartzeraino iristen dira gaztetxo eta nerabe batzuk, eta puntu horretara iristen badira, zaila da bestelako jarrera batzuetara bideratzea. Baina, haurtzaroan baldin badago, eta orduan konturatu badira gurasoak agian urrunegi joan direla bai beraiek, bai eta haurra ere, errazagoa da seme-alabaren jarreran eragitea.

Zure kontsultan seme-alaben portaerarekin kezkatuta dauden gurasoak izaten al dituzu?

Nerabeen motibazio falta ikusten dut nik asko. Ikasteko motibazio falta handia, esaterako. «Zertarako ikasi gero lanik ez badut topatuko?» Hori esaten dute, edo pentsakera hori dute askok gaur egun. Egia dena da nerabeek ez dutela izaten epe luzerako aurreikuspena, normalean unean unekoa bizi izaten dute. Batzuek fantasia handiak izaten dituzte euren buruetan; esaterako, pertsonaia ezaguna izateko nahia nerabe askoren artean errepikatzen da. Gero, gazte horiek mundu horretatik jaistea nahiko zaila izaten da. Nerabeek euren lekua topatzea da garrantzitsua, eta lehen aipatutako frustrazioari aurre egitea ere bai, baina, hori, esan moduan, txikitatik ikasten duzun zerbait da.

Haurren kasuan?

Haurrek kasketa egoera ugari izaten dituzte, etenik gabeko haserrealdiak, gurasoei hitz itsusiak edo isekak egiten dizkiete... Horrelakoak ematen direnean arriskutsua izan daitekeen desoreka bat ikusten duzu. Egoera horietan haurra bera ez dago ondo, izan ere, inork ez du gurasoekin gaizki egon nahi. Haurrak bere lekua behar du, eta lekua bilatze horretan gertatu daiteke gurasoekin talka egitea. Nerabeen kasuan, talka hori maiz aitarekin errepikatzen da. Figura hori behar dutelako. Ezetz esango dien eta mugak jarriko dizkien, eta era berean, segurtasuna emango dien irudi hori beharrezko dute. Mugek nolabaiteko segurtasuna ematen dute. Beraz, komenigarria da ahalik eta azkarren hastea haurrarekin lanean, eta portaeran eta jarreretan aldaketa nabarituko dute gurasoek. Baina, gurasoen kolaborazioa da funtsezkoa honetan. Haurren portaera eta egoera hori arriskutsua dela jakitun izan behar dute gurasoek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!