Tolosatik Belgradera

Kea eta beltza

Iñigo Terradillos 2017ko ots. 1a, 16:16

Kamioiari itxaron eta bere etorrera eta materialaren banaketa kudeatzen ari garen bitartean, bizipenez eta sentsazioz betetzen ari gara.

Badirudi egun mordoxka bat igaro dela, hainbeste ikusi eta entzun dugu dagoeneko. Baina, atzokoa, asteartekoa, izan zen Belgradera iritsi osteko lehendabiziko eguna.

Astelehen iluntzean, iritsi eta tren geltokitik gertu lekutu genuen furgoneta. Toki egokia gure zereginerako, bertatik gertu igarotzen baitituzte egunak eta gauak, egoera gogorrean, ehunka errefuxiatuk. Egokia, halaber, handik minutu gutxira lekutu direlako hainbat gobernuz kanpoko erakunde, errefuxiatuak izan ditzaketen beharrak betetzera etorriak.

Refugee Aid Serbia elkarteak duen egoitzara jotzea izan zen lehendabiziko pausoa, haiekin hitzartu baitzuten, errefuxiatuei banatzeko neguko arropa honaino ekartzea. Lehendabiziko hartu-emanean kamioia iritsi bitarte egin beharrekoen berri izan genuen. Batetik, kamioiak Serbiako mugan arazorik izan ez zezan dokumentazio osagarri bat prestatu behar zen badaezpada eta, bestetik, genekarren material kopuruarentzat lekua egin beharra zegoen Belgraden bertan.

Hurrengo egunerako zeregin horiek zerrendatu ostean, hainbat elkartek euren egoitza duten eraikinera sartzea erabaki genuen, errefuxiatuen joan-etorria handia baitzen han. Mugarik Gabeko Medikuak, Save The Children, Achnur nahiz Medicus Mundi bezalako erakundeek egiten dute lan, hainbeste jende artatzeko espazio txiki batean.

Mugikorra arnas

Sartu orduko, edonoren arreta pizten duena kolorea da. Beltza. Errefuxiatuek soinean duten txamarren eta berokien kolorea. Gerora jakin genuen kolorearen zergatia. Usaina ere deigarria da bertan. Ez hainbeste garbitasun ezarena delako, baina hori ere hurrengo egunean gogoratuko genuen. Soinean daramaten arropa eta oinetakoak errepikatu egiten dira pertsonaz pertsona, beraz, pentsatzekoa da elkarteren batetik edo laguntzaren batetik jasoak direla. Baita estaltzeko daramatzaten mantak ere.

Gizonezkoak dira gehienak, 16 eta 35 urte bitartekoak, eta tarteka gaztetxoagoak ere ikusten dira, baita emakumeren bat edo beste ere. Bart iritsi zen familia batengana gerturatu eta berezi egin zaigu euren seme gaztearekin –10 edo 12 urte izango ditu– komunikatu beharra; bera da ingelesez moldatzen den bakarra. Afganistandik eta Pakistandik etorritako bi gazte ere gertu ditugu. Italiara eta Belgikara iristea da beren asmoa, eta Serbiara iristeko oinez egin behar izan duten bidaia gogorraz hitz egin digute.

Batzuk etzanda, besteak zutik, beteta dago lokala, etengabeko mugimenduan. Asko mugikorrak kargatzen ari dira. Irudia ikusgarria da, lapurrak bata besteari gehituta kargatzen baitituzte hainbat, aldi berean. Euren familiekin harremana mantentzeko, nola dauden kontatzeko, beharrezko erreminta dutela esan digute.

Eskailerak gora, arropa banaketa ari dira egiten. Tailerrak ere antolatzen dituztela azaldu digu elkarteren bateko kide batek eta, esaterako, ingelesa ikasteko tailerrak izaten dira. Haurrentzat, berriz, marrazketa tailerrak ere badirela jabetu gara, horma batean itsatsita eta hari batekin zintzilik dauden marrazkiengatik. Irudi batek mila hitzek baino gehiago esaten omen du eta, kasu honetan, azalpenik behar ez duten irudiak dira. Hitzik gabe geratzekoak. Gogorrak.

Afganistango haur batek marraztutakoari begira jarri gara. Sedik du izena. Duela zortzi hilabete bere lurraldetik irten eta Serbiara iritsi bitarteko bidaia azaldu du paperean. Iran, Turkia, Bulgaria, Hungaria eta Serbia. Adierazi du lurralde horietatik gogokoena berea duela, Afganistan. Besteen artean, Iran, Bulgaria eta Hungariaren oroitzapen onik ez duela gordetzen, eta Turkia eta Serbia onak direla jarri du. Bidaia taxiz, autobusez edota oinez nola egin duen deskribatu du, lurralde bakoitzeko iraupena eta errefuxiatuen kanpalekuren batean egon bada horiek ere zer moduzkoak diren kontatu du.

Ukituta, egoitza honetatik atera gara, hurrengo egunean izango dugu-eta tarte handiagoa bertaratzeko. Afaldu, hurrengo egunerako eginbeharrak eta egitaraua pixka bat antolatu, eta lotara.

Laguntzea ogibide dutenen entzule

30 orduko bidaia luzearen ostean, ederki lo egin eta gero, indarberrituta ekin diogu astearteari. Harremanetan gauden elkarteko kideekin genuen hitzordua goizerako, egin beharreko dokumentu eta kudeaketak eurekin batera edo euren laguntzarekin egiten joateko. Era berean, Dani Burguik, gurekin etorri den kazetari iruindarrak, elkarrizketa lotua zekarren Mugarik Gabeko Medikuak elkarteko kide batekin. Oraindik ere tartetxoa bagenuela ikusita, bezperan izandako egoitzara bueltatzea pentsatu dugu. Aurreko egunean ikusi dugun antzekoa da bertako irudia. Errefuxiatuen joan-etorria eta elkarteetako boluntario eta langileak batera eta bestera.

Kanpoan errefuxiatu bat gerturatu zaigu eta, bere oinetakoetara seinalatuz, banaketa batean gabe geratu dela kontatu digu. Zulatuak ditu, eta esan digu, hotzari aurre egiteko behar dituela sendoago eta egoera hobean dauden beste batzuk. Furgonetan ere arropa daramagula ikusita, zer edo zer emateko gai izango garela-eta, ordu pare batean ondoko zuhaitzaren alboan geratu gara berarekin.

Mugarik Gabeko Medikuak elkarteko Andrea italiarra zain dugu ordurako. Euren zereginaz, Belgradeko egoeraz eta artatzen dituzten errefuxiatuen sintomez hitz egin digu. Mediku eta erizainen artean sei laguneko taldea du elkarteak, eta egunean ehun pertsona inguru igarotzen dira bertatik. Azaleko eta arnasketa arazoak dira gehien errepikatzen direnak. Errefuxiatu horiek etorkizun hurbilean izango dituzten osasun arazoez ere ohartarazi du, eta kontatu digu, elkartearen egoitzara dutxa bat hartzera gerturatzen direnak ehunka direla.

Medikuren batekin solastu eta berriro bueltatzekotan agurtu dugu Andrea. Atsedenik apenas duen, euren egoitzan ere mugimendu handia nabari baita. Atera, eta Fabrizio italiarrarekin egin dugu topo; kudeaketa kontuak egiten ditu. Berak aholku eta kontaktuak eman dizkigu, kamioiko materiala gordetzeko lekua aurkitzeko. Bruno asturiarra ere ezagutu dugu, italiarrarekin ari ginen bitartean. Hainbat kataluniarrez eta espainiarrez osaturiko lagun talde bat errefuxiatuak dauden pabiloietan ari da laguntzen. Greziatik Belgradera iritsi ziren duela bi aste, eta zonaldea ederki ezagutzen dutela ikusita, eurekin egin dugu hitzordua, arratsaldean pabiloietara lehen bisita egiteko.

Furgonetatik arropa aukeraketa egin, eta laguntza eske etorritako errefuxiatuentzat bi poltsa banatu ditugu. Pozez hartu dituzte, eta gure laguntza txikia eskertu dute hunkituta. Gu ere hunkitu gara.

Danubioren ertzari kea dario

Bazkarirako ordua mokadutxo bat ahoratzeko baliatu, eta hurrengo hitzordura abiatu gara. Urrutian Danubio ibaia atzematen den aparkalekura gerturatu gara, bertan material eta arropa banaketa egitekoa baita, egunero moduan, Refugee Aid Serbia elkartea. 50 errefuxiatu ingururi neguko arropa, oinetakoak, lurrerako esterilak, hortzetakoak edota bizarra moztekoak banatuko dizkiete, eta horren lekuko izan nahi genuen. Banaketa horretan laguntzearekin batera, materialaren zain ilaran itxaroten zeuden hainbat errefuxiaturekin hitz egiteko ere baliatu dugu. Batzuk, 17 urteko Abderahmin eta bere anaia kasu, hirian bertan dagoen errefuxiatuen kanpalekutik datoz. Afganistangoa dela azaldu digu, familia han duela, eta Italiara iritsi nahi duela. Farsieraz hainbat hitz erakutsi dizkigu. Deigarria da, pertsona hauek euren egoera gogorra kontuan hartuta irribarrea eta itxaropena mantentzeko duten indarra.

 

Handik gertu dago tren geltokia, eta han geratu gara Bruno eta bere taldekideekin. Haietako bat medikua da, eta pabiloietan dauden errefuxiatuengana joaten da egunero, ahal duenean, laguntzera. Pabiloietan gobernuz kanpoko erakunde batek otordu bakarra banatzen duela ikusita, eta jakinda asko horrekin geratzen direla, kontatu digute, bigarren otordu bat banatzea ahalbidetuko dien proiektua gauzatzea dutela helburu. Ideia polita eta interesgarria iruditu zaigu.

Ilundu du, eta eguneko unerik gogorrenetakoari ekin diogu. Abandonaturiko pabiloi hauetan errefuxiatuak taldeka daude banatuta, eta bakoitzak sua piztua du; jakiak prestatzeko batzuek, berotasun pixka bat sentitzeko orokorrean. Arazoa eragiten duena sua pizteko erabiltzen dutena eta horrek sortzen duen kea dira. Guk egin dugun epe laburrean jasangaitz egin zaigula kontuan hartuta, han egunak eta gauak igarotzea zer den jakin dugu. Halaber, ulertu dugu arnasteko arazoak zerk eragindakoak diren ere.

Baina, hori arazoetako bat baino ez da. Leku hauetan hotz handia egiten du, zikintasuna da nagusi, higiene falta handia dago, bainurik eta argirik ez dago... Amaigabea da bertan duintasun pixka batekin bizi ahal izateko falta denaren zerrenda. Eta, hala ere, talderik talde igaro garenean eta agurtu ditugunean, jaso dugun erantzun jatorra eta adeitasuna errepikatu da behin eta berriro.

Konturatu gara, elkarteek egoitza duten eraikinean sumatzen den usaina nondik datorren, guk ere soinean baitaramagu, leku ikaragarri horretatik irten garenean, sute horien keak zabaltzen duen kiratsa. Kolore beltzaren zergatia ere azaldu digute bisita horretan lagundu gaituzten espainiar eta kataluniarrek. Errefuxiatu hauek ez dira epe luzerako iritsi Belgradera. Lehenago edo beranduago Serbiako muga gurutzatzea eta beste lurralde batera joatea dute helburu eta, oinez egingo duten bide horretan, egokiago zaie mugak gauez eta ezkutuan pasatzeko kolore beltza. Ulertuta.

Ikusi ditugun irudiekin eta entzun ditugun istorioekin, norbere hausnarketak partekatu ditugu. Lotara goaz.

Asteazkena epelago esnatu da, tenperaturari dagokionez. Albiste ona, kale gorrian bizi diren ehunka pertsonarentzat. Gosaldu eta gure zereginei ekin diegu. Kamioia ostiralean iristea aurreikusten da, beraz, denbora dago etorrera behar bezala prestatzeko. Bitartean, aurreko egunean ikusitakoetan sakontzea da asmoa, berriro ere boluntario moduan lanean ari diren pertsona horiekin egongo gara, euren lana gertutik ezagutzen.

Erlazionatuak

Errefuxiatuen gunean dira dagoeneko

Tolosaldeko Ataria 2017 ots 01 Tolosaldea

Lehen eguna: egoera ezagutzen

Iñigo Terradillos 2017 ots 01 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!