Nola egin aurre eskola jazarpenari?

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko urt. 22a, 09:59

Bullying-a ez da fenomeno berria, baina azken urteetan ahoz aho dabil eta gizartean areagotu egin da jazarpen kasuen inguruko sentsibilitatea. Horiek horrela izanik, oraindik ere galdera asko sorrarazten dituen fenomenoa da. Zerk sortzen du? Zeintzuk dira biktima eta erasotzaileen ezaugarriak? Nola egin aurre eskola jazarpenari?... Zaila da erantzun bakar bat ematea, baina Finlandiako Kiva programa lantzeko egindako ikerketek eta bildutako datuek erantzunetara gerturatzen gaituzte.

Zerk sorrarazten du jazarpena?
Erantzuna ez da erraza. Jazarpena ez du osagai bakar batek sorrarazten. Hainbat faktorek areagotzen dute haurra erasotzaile edo biktima bihurtzeko aukera; ikasgelak, ikastetxeak, herrialdeak, kulturak...

Nor izan daiteke erasotzaile?
Badira ezaugarri jakin batzuk, haurrak erasotzaile bihurtzeko arriskuan jar ditzaketenak. Baliteke haur horiek oldarkorrak izatea edo besteekiko enpatia sentitzeko zailtasunak izatea. Nahiko haur arruntak eta atseginak dira hala ere, baina taldean daudenean era zitalean jokatu ahal dute.

Eta biktima?
Erasotzaileak taldean duen estatusa edo boterea sendotu nahi izaten du, eta beraz, baliteke bere buruarengan segurtasun handirik ez duen haur edo nerabe lotsatia izatea jazarritako pertsona. Edonor izan daiteke biktima, baina ikerketek agerian utzi dute badaudela errepikatzen diren ezaugarri edo berezitasun batzuk: ezohiko itxura, oso gizena edo argala izatea, baldarra izatea, herabetasuna, barnerakoitasuna edo oldarkortasuna. Baita ikasteko zailtasuna izatea, lotsatia izatea, segurtasun falta izatea... Honek ez du esan nahi, ezaugarri hauek betetzen dituen haur edo nerabeek jazarpena pairatuko dutenik, noski.

Taldean betetzen diren rolek, ba al dute eraginik?
Taldean lotutako hainbat faktorek ere eragiten dute jazarpenean. Erasotzailearen rolean dagoen pertsonengandik modu jakin batean jardun dadila espero da. Bestela esanda, pertsona batek bere rolaren arabera jokatzen duenean, besteek espero dutena betetzen du.

Erantzukizuna ere taldearena da, beraz?
Taldeak erasotzailearen jardunbidean duen eragina aintzat hartzeak ez du esan nahi gizabanakoak bere ekintzen ardura ez duenik edo ardura txikiagoa duenik, baizik eta jazarpena ikusten dela erasotzailearen bakarkako ezaugarriez haragoko hainbat faktoreren eragina duen fenomeno gisa.

Ba al daude uste okerrak?
Bai, eta ekidin behar dira. Uste aski hedatua da erasotzailea beti dela autoestimu apala duen eta jazarpenaren bidez bere sentimendu negatiboak kanporatzen dituen haur problematiko bat, baina ez da horrela. Askotan, dibertitze hutsa, besteak inpresionatzeko nahia edo begirune falta daude jazarpenaren atzean.

Zer egin dezakete gurasoek, seme-alaba jazarria izaten ari dela sumatzen badute?
Berarekin hitz egin, akaso ez du ezer esan nahiko edota ukatu egin dezake, baina garrantzitsua da haurra gaiaz hitz egitera animatu eta lagundu egin nahi diotela ziurtatzea. Haur edo nerabeari %100ean haren alde daudela azaldu behar diote. Garrantzitsua da ere, ezer ez duela gaizki egin jakinaraztea eta ez agintzea auzia isilean gordeko dutela, hori bai, lehendabizi berarekin hitz egin gabe ez dutela ezer esango esatea dago. Horrela haren konfiantza lortu eta hitz egiteko aukera zabaldu daiteke. Elkarrekin pentsatu behar da nola aurrera atera egoera horretatik, ekintza soilak direlarik egokienak. Era berean, bere buruan konfiantza lortzen lagundu daiteke; haur edo nerabea pozik eta alai dagoen argazki bat jarriz, argazkiaren inguruan babesa ematen diotenen mezuak jarriz... Ikastolako Kiva taldeak lagundu dezake honetan guztian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!