Enirio-Aralar

Aranzadiren aurkezpenak erreakzio anitzak eragin ditu

Tolosaldeko Ataria 2017ko urt. 17a, 20:04
EHNE eta ENBA sindikatuetako ordezkariak, prentsa agerraldian.

Aranzadi Zientzia Elkarteak Batzar Nagusietan Aralarko pisten inguruan bere aurkezpena egin eta gero, erreakzioak eragin ditu hainbat arlotako eragileen artean.

EHNE eta ENBA nekazaritza sindikatuko ordezkariek, esaterako, prentsa agerraldia egin dute, eta euren ustez, Aranzadiren aurkezpenean «datu okerrak, gezurrak eta oinarri zientifikorik gabeko iritziak, uste subjektiboak eta argumenturik gabeko balorazioak» plazaratu ziren. «Ondorioz, onartezina den alarmismoa piztu zuen, etengabe aurreikusi gabe edo onartu gabe dauden bideak eta trazatuak onartuta baleude bezala aipatuz». Sindikatuek ez dute ulertzen «Aranzadi bezalako prestigiodun elkarte batek zein motibazio izan dezakeen erabat orkestratutako eszenografia honetan parte hartzeko».

Nezakaritza sindikatuek azaldu dutenez, «abeltzainok bi premisa ditugu: abeltzaintza estentsiboa natur eremuaren berme gisa aitortzea eta borda guztietara sarbide duinak izatea. Hain zuzen, horregatik eskatzen diogu Aranzadiri errespeta dezala Enirio-Aralarko Mankomunitateak onartu eta Batzar Nagusiek babestutako 2015-2019rako Inbertsio Plangintza, bideaz gain beste gai asko barneratzen dituen plangintza baita». Aralarren egiten duten abeltzaintza estentsiboak «etorkizuna duela sinesten» dutela diote eta «etorkizun duina» aldarrikatzen dute: «Gure jarduerak gizarte osoari ekarpen ugari egiten dizkio, maila paisajistikoan, ingurumenari dagokionean, maila ekonomikoan, baita kulturalean ere».

«KUDEAKETA INTEGRALAREN» ALDE AZALDU DA EAJ

Aranzadik azaldutakoa «alde batekoa eta iritzietan oinarritutakoa» dela dio EAJk. «Aranzadik emandako iritzi hauek gizarte kohesioa eta ingurunearen kudeaketa integrala eragozten dute: mendiko abeltzaintzak ez duela etorkizunik, beraz ez dagoela zertan pista berriak zabaldu beharrik, larreotako abeltzaintza ustiapena gehiegizkoa dela edota beraiek egindako 20 kilometroko pista ibilbidea». 

EAJren ustez, «kudeaketa arloa bere osotasunean hartuko duen ebaluazio eta diagnosi sakona egitea ezinbestekoa da, irizpide ekologiko eta sozioekonomikoei erreparatuz. Urte hauetan zehar naturaguneak urrunetik kudeatu nahi izan dira, lurraldeko eragileak kontutan hartu gabe. Denborak planteamenduaren akatsaz ohartarazi gaitu». EAJtik «lurraldeko eragile sozioekonomikoak ardatz, 'eredu holistiko'» baten alde egin dute, «naturaguneak urrunetik kudeatu nahi dituen 'eredu teorikoa' gainditu asmoz».

EH BILDU, «ARANZADIREN PROPOSAMENAREKIN» BAT

EH Bildutik esan dutenez, bat egiten dute «Aranzadik egin duen eskariarekin: Aldundiak aurrera eraman nahi duen proiektua alde batera utzi eta hausnarketa sakona bideratzea, betiere erakunde publiko guztien parte hartzearekin eta gizarte eragileekin elkarlanean».

Koalizioak gogora ekarri du abenduan Batzar Nagusietan eskatutakoa: «Mahai gainean dagoen proiektua gelditzea eta hausnarketarako eta adostasunak bilatzeko prozesu zabal bat irekitzea». Hain zuzen ere, koalizioak eskatu zuen sei hilabeteko epean burutzea «azterketa integral bat eta Aralarko kudeaketari buruzko Egitamu Plana berritzea». Bertan, EH Bilduren ustez, «bermatu behar dira artzaintza jasangarria, artzainen bizi baldintza duinak, egun txabolekiko sarrera egokiaren eskaerari ere irtenbidea emanez, eta Natura 2000ko eremu babestua den Aralar Parkeko ondare natural zein kulturalaren kontserbazio zuzena». Prozesu horretan «ezinbestekoa» ikusten du kontutan hartzea «Aranzadiren iritzi zientifiko kualifikatua».

AHAL DUGU-K BATZORDE BAT OSATZEA ESKATU DU

Podemos-Ahal Dugutik gustura azaldu dira Aranzadik aurkezpenean esandakoarekin, hots, «Aralar parke naturalean egiten diren jarduerak naturaren oreka babestuz egin daitezela». Bide batez, Ahal Duguk berretsi du «beharrezkoa» dela «parke naturalaren garapenean eta babesean inplikatuta dauden sektore guztien iritzia jasotzea, garapen jasangarri eta orekatua izateko», eta horretarako batzorde bat osatzea eskatu du.

NATURKON: «MARTXAN JARRI BIOANIZTASUNAREN MAHAIA»  

Naturkonek, Gipuzkoako talde ekologista eta naturazaleen kolektiboak, EHNE eta ENBA sindikatuek agerraldian esandakoari erantzuna eman diote ohar bidez, eta hauek Arazandiri egindako «salaketa larriak» azaltzeko, «zuzenak» ez diren «hainbat argudio» eman dituztela esan du. Aranzadik Aralarri buruz duen ezagutza zientifikoa zalantzan jartzea «zilegi» dela dio Naturkonek, «baldin eta horretarako argudio zientifikoak erabiltzen badira. Eta hor dago koska, ez dagoelako, publiko eginda behintzat, horretarako daturik».

Aurreko legealdian «Aranzadik proposatutako batzorde plurala diseinatzea» lortu zutela diote Naturkonetik: «Bioaniztasunaren Mahaia. Bere osaera eta funtzioak legez zehaztuak ditu, eta aldundiari dagokio martxan jartzea natur balioen ustiapenaren eta kontserbazioaren auzia behar den arduraz lantzeko».

LANDARLAN ETA ARALAR BIZIRIK-EN ESKARIAK 

Landarlan Ingurumen Elkartea eta Aralar Bizirik plataforma «biziki poztu» dira Aranzadik esandakoarekin. Aldundiari eta Enirio-Aralar Mankomunitateari lan talde bat sortzea eskatu diete, «sektore guztiekin Aralarko Parke Naturalaren beharrak lasaitasunez aztertzeko garapen bideragarri eta orekatu bat izan dezan». Bide batez, «pista proiektu guztiak» gelditzea eskatu diete, «Aralar Natur Parkeko araudi guztiak betez eta Aranzadiren irizpide zientifikoetan oinarrituz». Alderdi politikoei eskatu diete «onar ditzatela Aranzadiren irizpideak eta 2003an lortutako adostasunari berriro hel diezaiotela Aralar kontserbatu eta babestearen alde».

Bestalde, Eguzki eta Landarlan elkarteek Aranzadiren agerraldia Ingurumen Fiskaltzaren esku jarri dute, «Saltarriko pistaren aurkako salaketan aditu-frogatzat hartua izan dadin».

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!