[Gutuna] «Gure Esku Dago: galdera bat edo beste»

Pablo Sastre Forest 2017ko urt. 17a, 10:00

Iazko azaroaren 27an, galdera honi erantzuteko aukera izan zuten dimoztarrek: «Euskal Estatu burujabe bateko herritarra izan gura dozu?». Datorren maiatzean, antzeko galdera egingo omen da Zestoan, Getarian eta Gipuzkoako beste zenbait herritan.

Bada, nik, Tolosaldean, demokrazia zuzeneko independentzia modu bati, estaturik gabeko independentzia modu bati, utziko nioke atea zabalik.

Posible al da, bada, estaturik gabe independentzia izaterik? Estatukoa ez den antolamendu politikorik, imajina al liteke? Hainbaten ustez, bai: Herri Batzarren Konfederazioaren bidetik...

Ez naiz luzatuko bertan, bakarrik esan, estatuaren ideiatik eta ahaleginetik abiatuta, edo herri-batzarren ideiatik eta ahaleginetik abiatuta, oso toki ezberdinetara irits gaitezkeela.

Estatuaren aldeko ekimenean, dominazio-era «arrotz antzeko» batetik dominazio-era «bertako antzeko» batera pasatuko ginateke. Bestela esateko: «Euskal estatuak independentzia ekarriko luke, baina estatuaren independentzia, ez jendearen edo herritarren independentzia» (Iñaki Segurola, Urola Kostako Hitza, 2016ko maiatzean). Independentziari buruz, eredugarria zait Galiziako zenbait mendi-komunitatek 2015eko abenduan plazaratu zutena: «Declaraçao Unilateral de Independência desde Abaixo».

Egia da, aldebakarreko aldarrikapenetarako giro handirik ez dagoela...

Hortaz, eta bukatzeko, Tolosaldeko martxoko kontsultan, azaroaren 27an bakaikuarrek egin zuten galdera bera egingo nuke nik: «Euskal Herri independente bateko herritarra izan nahi duzu?».

Pablo Sastre Forest (Tolosa)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!