http://ataria.eus

«Korrika ez da ezer korrikalaririk gabe, euskara euskal hiztunik gabe bezala»

  Euskara  Tolosaldea

Kazetaria da ofizioz Edurne Ayuso Apaolaza (Itsasondo, 1977). Komunikazio munduan duen eskarmentua Korrika 20ren zerbitzura jarriko du datozen hilabeteetan, eskualdeko euskaltzaleak, herriz herri eta kilometroz kilometro «josiz».

Nola jaso zenuen Tolosaldeko Korrika arduradun izateko proposamena?

Irurakoa den AEKide batek, aipatu zidan nola pertsona bat behar zuten Tolosaldean Korrika zetorrela-eta ardura batzuk hartuko zituena, ea nire burua aurkeztu nahi ote nuen lanpostu horretarako. Pentsatu nuen lan polita izan zitekeela eta nire burua aurkeztu nuen. Aukeratu egin ninduten eta beraz, aurtengoan oso modu berezian biziko dut lasterketa, barrutik.

Zein da zure egiteko nagusia Tolosaldeko Korrika arduradun gisa?

28 herriak eta Andoain elkarrekin jostea. Elkarren arteko komunikazioa erraztea eta lanak ondo partitzen jakitea. Ikusiko dugu gero asmatzen dugun edo ez. Urtea hastearekin batera hasi gara serioski lanean eta hemendik aurrera etorriko da zeregin potoloena; denbora gutxikoa baina oso lan bizia da.

'Batzuk' leloa eramango du 20. Korrikak.

Lelo borobila da, hitz bakarrean dena esaten da. Bat izan daiteke hizkuntza bat, lehen hizkuntza, euskara, festa bat, poz bat. Aurten Korrikak azpimarra jarri nahi izan du, euskaltzaleak diren eta euskaraz hitz egiten ez duten horiengan. Korrika, batek eta zuk, guztiok osatzen dugu. Tantaz tanta osatzen den itsaso bat da, batek bakarrik ez du egingo, guztiok batuta baizik.

Nola lagundu ahal da Korrika?

Bai udalei, bai erakundeei zein norbanakoei esan nahi diegu kilometroen salmenta ezinbestekoa dela, oso garrantzitsua. Datozen asteetan joango gara lekukoak banatuz. Tolosaldean inork erosi nahi balu Andoaingo AEKra dei dezala, 943 59 17 04 telefono zenbakira eta niregana bideratuko dute. Horrekin batera, eskualdeko enpresa eta saltokietara joko dugu datozen asteetan laguntza eske. Zenbatekoa? Norberak ikusiko du, badakigu ez direla garai errazak. Zenbait kasutan, dirurik emateko modurik ez duenak generoarekin lagundu dezake.

'Korrika Lagun' kanpaina horrekin batera, 'Korrika laguntzailearen' kanpaina ere martxan duzue.

Oso kanpaina polita da hori, norbanako eta taldeoi festa handi honi hauspoa emateko aukera ematen baitigu. Euskararen aldeko festa bati laguntza ematen diozu, 12 euro ordainduta eta trukean, sinbolo moduan, pin bat eta txartel bat jasoko dituzu. Euskal Herriko ehundik gora dendatan deskontuak izango ditu txartelaren jabeak eta aurten nobedade gisa zozketak egingo dira laguntzaileen artean. Korrika korrikalari gabe, euskara euskal hiztunik gabe ez da ezer, beraz egin dadila jendea laguntzaile.

Korrika kulturalak izango al du geldialdirik gure eskualdean?

Bi ekitaldi potolo egingo dira: Andoaingo Basteron, martxoaren 11n, Erradikalak gara saioa izango da, bakarrizketa eta bertsoa uztartzen dituzte Beatriz Egiazabal eta Ane Labakak; Eta dagoeneko Korrikaren hondarrean, apirilaren 7an, Ez dok hiru, euskal musikagintzaren benetako historia saioa eskainiko dute Leidorren Patxo Telleriak eta Mikel Martinezek. Horiekin batera, ahaleginduko gara herrietako ordezkariekin elkartu eta herri txikiagoetan ere zerbait antolatzen. Badugu beste sorpresa bat, Korrika Festa egingo baitugu martxoaren 11n, larunbatez, Tolosako Berdura plazan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa