Urtebetean ia bi puntu jaitsi da Tolosaldeko langabezia tasa

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko urt. 10a, 08:02

Guztira 2.508 herritar daude langabezian, %10,89ko tasa osatuz, eta Orexa da langabeziarik ez duen herri bakarra; Gipuzkoan, zortzigarren postuan legoke eskualdea.

2015 amaierako datuak joan den abendukoekin alderatuta, ia bi puntu baxuagoa da, orain, eskualdeko langabezia tasa; hala azaldu dute EUSTAT institutuko azken datuek. 2015a, Tolosaldean, 2.813 langaberekin amaitu baldin bazen, bukatu berri den urtea 2.508 langaberekin itxi dute 28 herriek.

Izan ere, azken urtebetea pixkanakako errekuperatze bat izan da eta, hiruhilekoz hiruhileko, langabe kopurua murriztu egin da, oro har.

Altzo izan da errealitate horren oihartzuna jaso duen herrietako bat, 2016ko irailetik abendura lau puntu jaitsi baita langabezia: 24 langaberekin, tasa %14,37koa zen irailean, eta %8,38koa da orain, 14 langaberekin.

Hain alde handiarekin ez bada ere, Altzoko datuen bide beretik joan dira beste zenbait herritakoak ere. Berrobin, esaterako, %13,09ko tasa %11,41era jaitsi da, eta 34 herritar dira, gaur egun, lanik gabe daudenak.

Beherakada bertsua izan du Ibarrako langabezia tasak ere, ia bi puntu jaitsiz, eta %11,84koa da egun; guztira, 240 herritar. Eta, herri txikiagoei begira jarriz, Orendain da nabarmentzekoa, irailetik abendura bitarte hiru puntuko beherakada izan baitu datuak: 3 langabek %3ko tasa osatzen dute.

Dena den, zenbakiak zenbaki, langabezia datuen inguruko albisterik onena Orexan jaso dute: herritar guztiak lanean ari dira eta, beraz, tasa %0koa da. Daturik kaskarrena 2015eko ekainean eman zuen, ia %9ko langabeziarekin eta, orduz geroztik, beheranzkoa izan da Orexako joera.

HURRENGO DATUEN ZAIN

Orobat langabeziaren beherakada nagusi izan baldin bada ere, zenbait herri galtzen atera dira 2015 eta 2016 urteen arteko alderaketatik.

Urte gorabeheratsua izan dute, adibidez, Albizturren, baina urtebetean ia bi puntu gora egin du tasak. Iruran ere berdintsu igaro dute urtea, hiruhilekoz hiruhileko tasa igoz edo jaitsiz; 2015 amaieraren ondoan, ordea, 2016a sei langabe gehiagorekin itxi dute herrian.

Azkenik, Larraul, Leaburu eta Lizartzan ere, tasek gora egin dute, bai aurreko hiruhilekotik, baita 2015 amaierakotik ere.

ZORTZIGARREN POSTUAN

Gipuzkoako beste zenbait eskualderenak baino kezkagarriagotzat jo litezke Tolosaldeko langabezia datuak, jaitsierak jaitsera. Izan ere, eskualdea zortzigarren postuan legoke balizko ranking bat eginez gero, eta aurretik leuzkake, lehen postutik hasita, Urola Kosta (%8,98), Goierri (%9,18), Donostia (%9,76), Debagoiena (%9,90), Buruntzaldea (%10,26), Urola (%10,72) eta Urola Garaia (%10,72).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!