Urtarrilaren 14a, hatz erakuslea «injustizien kontra» jasotzeko eguna

Tolosaldeko Ataria 2017ko urt. 5a, 08:02

Sare dinamikak euskal presoen giza eskubideak errespetatuak izan daitezen eskatzeko manifestazioa deitu du Bilbon; autobusak antolatu dituzte eskualdean.

«Hatz erakuslea jasota aldarrikatu nahi dut hemen nagoela, mundu honen parte naizela. Hatz erakuslea jasota nahi dut ikusi nazatela izarretatik ere: hemen nago, ikusgarria naiz. Ikus nazatela izarretatik ere. Ikus nazatela hemen badela herri bat giza eskubideen alde dagoena, nirea ere baden herri bat, zure ere baden herri bat. Zatoz, eta jaso ezazu eskua nirekin, oraingoan ikusiko baikaituzte». Sare dinamikak abiarazitako #SalatzenDut kanpainaren zergatia laburbiltzen du esanak. Izan ere, euskal presoen giza eskubideak errespetatuak izan behar dutela aldarrikatzeko kanpaina da #SalatzenDut Guk salatzen dugu, Euskal Herriak salatzen du. Eta honen barruan manifestazioa egingo dute urtarrilaren 14an Bilbon.

Urteroko hitzordua da, urtero-urtero egiten baita Bilbon presoen askatasuna eta giza eskubideen errespetua aldarrikatzeko manifestazioa. Deialdia jendetsua izaten da oso eta milaka herritar bildu ohi dira.

Manifestazioa 17:30ean irtengo da La Casillatik eta eskualdeko 14 herritan antolatu dituzte autobusak.

Sarek aipatu duenez, bada garaia «isilik egoteko 'ohitura on' horri gaina hartzeko» eta kalera ateratzeko. Salatzen Dut kanpainaren irudia hatz erakuslea jasota duen esku erraldoi bat da eta mezu horri jarraiki «hatza jaso nahi dut injustiziaren kontra; hatza jaso nahi dut arduraz, herritar naizen aldetik nire ardura ere bada gertatzen ari dena seinalatzea», esan dute Sareko arduradunek.

Tolosaldeko Sarek hortaz, urtarrilaren 14an Bilbora joateko deia egin du eta horretarako antolatu diren autobusetan izena emateko eskatu du.

AUTOBUSAK

Asteasu. Iturriondo.

Zizurkil. Atxulondo, Egarri eta Iriarte.

Villabona. Xiker, Iru Aldeta, Erreka, Errota Txiki eta Apatx.

Irura. Ogi Berri eta Errekalde.

Anoeta. Itzuli, Arkupe eta Goikoetxea.

Tolosa. Raku, Orbela eta Xirimiri.

Ibarra. Zubiaurre, Sendi Ekintza, Ataria eta Karlatz.

Berrobi. Okindegia.

Berastegi. Urepele, Basurde eta Ategi.

Lizartza. Ostatua, Joxe Mari eta Itzala.

Gaztelu. Elkartea.

Altzo. Kultur etxea eta udaletxea.

Amezketa. Herriko 5 tabernak.

Alegia. Erretirodunen taberna, Ixkina, Etxeberria eta Hilario.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!