Zelaiko saneamendua atzeratu dela salatu dute

Tolosaldeko Ataria 2017ko urt. 4a, 16:29

Eguzki talde ekologistak ibaiak saneatzeko hainbat proiektuk «atzerapena pilatzen jarraitzen» dutela salatu du, «Eusko Jaurlaritzak ez duelako horiek finantzatzeko konpromisorik betetzen». Horien artean dago Ibarra eta Berastegi zeharkatzen dituen Zelai erreka.

Eguzkik azaldu duenez, azken hamarkadetan aurreratu da saneamendu kontutan, baina «begi-bistakoa da oraindik asko direla ibaietara araztu gabe isurtzen diren ur zikinak, nahiz eta Europar Zuzentarauak arazo horiek 2000. urterako konponduta egon behar zutela agindu».

Saneamendu lan horiek Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoaren barruan kokatzen dira eta plan berriak Neurrien Programa delako bat dauka atxikita. «Programa hau ibaiekin zerikusia duten politika guztietan instituzioek datozen urteetan jarraitu beharreko bide-orri eguneratua da. Programak aurreikusitako neurriak (saneamendukoak barne) bi alditan banatzen ditu: 2016-2021 eta 2022-2027». Horren arabera, Zelai errekan lehen aldian 4 milioi euroko inbertsioa egin beharko da eta bigarrenean, 3,50 milioi eurokoa.

Eguzkik hala ere, Plan Hidrologiko berriaren Neurrien Programak berak hainbat saneamendu proiekturen atzerapena agerian uzten duela dio. «Izan ere, dagoeneko gauzatuta egon beharko luketen arren, berriro agertzen dira datozen urteetan gauzatu beharrekoen zerrendan».

EUSKO JAURLARITZA

Proiektu hauek besteak beste, bi gauza komun dituzte talde ekologistaren hitzetan; «bata, beren finantziazioaren % 100 edo % 75 Eusko Jaurlaritzari dagokiola; bestea, guztiak zeudela 2007-2011ko Hitzarmen Markoaren babespean. Alabaina, 2011 aspaldi geratu zen atzean, 2017ko atarian gaude, eta bistan da Jaurlaritzak ez dituela hartu zituen konpromisoak bete. Hori larria da, baina are larriagoa da jakitea Neurrien Programaren arabera, hau da, bide-orri berriaren arabera, horietako gehienak 2021. urtea baino lehen ere ez direla gauzatuko. Datuak argiak dira: guztira 2016-2021 aldian aurreikusitako inbertsioa 18,9 milioikoa da; 2022-2027 aldian, berriz, 31,25 milioikoa. Horrek, gauzak orain arte nola joan diren ikusita, hainbat saneamendu-proiektu ia sine die atzeratzea ekar dezake». Horregatik eskatu diote Iñigo Urkulluren gobernu berriari «arazoari merezi duen bezala heltzeko eta hori aurrekontuetan islatzeko».

EAJ eta PSEren artean izenpetutako gobernu akordioak honakoa diola ere esan du Eguzkik: «Uraren hornikuntza, saneamendu eta arazketa azpiegitura hidraulikoak garatu eta eraikiko dira, dagoen plangintzaren arabera». Baina plangintza urratu dela gaineratu du eta beraz, «Jaurlaritzak saneamenduan orain arte baino diru gehiago inbertitu ezean, plangintza urratzen jarraituko du eta gobernu-akordioaren zati hau ezerezean geratuko da».

Era berean, Abiadura Handiko Trena era aipatu du Eguzki taldeak eta esan du «AHTa finantzatzea berez ez dagokio Eusko Jaurlaritzari eta saneamendua berriz, bai».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!