22 eta 20, eta agur urte zaharrari

Tolosaldeko Ataria 2016ko abe. 25a, 13:17
Peña II artxiboko argazkian

Tolosako Beotibarren atzo jokatu ziren profesionalen arteko urteko azken partidak. Gazi gozoa izan zen jardunaldia eskualdeko pilotarientzat. Gazia Jon Ander Peñak eta Jon Erasunentzat, ez baitzuten urtea garaipenarekin agurtzerik izan. Gozoa Iñaki Artolarentzat, gozamenez ikusi ahal izan baitzuen nola txapelketako hirugarren puntua eskuratzen zuen Jon Ander Albisuk Bictor errioxarraren laguntzarekin

Ez zuen betekada handiegia izan Beotibarrek, baina pilotazale asko bildu zen. Gabon jai giroa antzematen zen eta pilotariei eskainitako aupada eta txalo zaparradez gain, tartean tartean, ikusleek kantatutako  "Hator hator mutil etxera" kantua eta garaiko besteren bat ere entzun zen.

Peña II eta Erasun erraz irabazten aritzetik galtzera: 20 eta 22.

Tolosarrak eta zizurkildarrak 20 eta 22 galdu zuten Arteaga II eta Iturriagaren aurka. Agintzen ekin zioten partidari eskualdekoek eta 1-8 irabazten ari ziren ohartzerako. Partidak bide beretik jarraitu zuen, Iturriaga huts gehitxo egiten, Arteaga ere distira handiegirik gabe, eta gure mutilak txukun jokatzen, tanto onak tartekatuz, eta tantoak pilatzen: 7-17 ziren aurretik, eta bazirudie partidak bereak eginak zituela.

Ez da aurrenekoa izango, baina irakaspen bikaina hartu zuten handik aurrera Peñak eta Erasunek urtea bukatzeko. Ezker airez, gantxo posturan, txokora botatzen hasi zen Peña eta pilota lurrera joan zitzaion. Aurkariek pilota aldatu zuten, eta Erasun pilota kendu ezinik hastea, Iturriaga asentatzea, Arteaga jokoan sartzen hastea eta Peña izkutatzea, dena, aldi berean gertatu zen. Arteaga eta Iturriaga hasi ziren orduan tantoak pilatzen, Arteaga zetorkiona bukatzen ari zen, eta buelta eman zioten partidari: 18-17. Lortu zuen Peñak bolada etetea eskuin bolea baztarretik zabalera joz tanto bikaina eginda. Baina alferrik izan zen. Arteaga eta Iturriaga sinistuta zeuden odurako partida beraientzat izango zela eta hala izan zen: 22 eta 20 irabazi zuten Orendaingo Erotako Anaren semeak eta zartagudatarrak.

Partida estua eta hirugarren puntua Artola-Albisurentzat: 22 eta 20.

Txapelketa nagusiko ligaxkako laugarren jardunaldiko partida etorri zen gero, urteko azkena Beotibarren. Oinatz Bengoetxea eta Larunbe ziren Bictor, mina hartuta dagoen Iñaki Artolaren ordezkoa, eta Albisuren aurkariak. 22 eta 20 irabazi zuten azken hauek ere, partida estua jokatu eta gero. Lau partidatik hiru irabazita, egoera bikainean utziko dute urtea atzean.

Ez zen punta-puntako partida izan, baina emozioa bai, azken unera arte izan zuen. Albisu izan zen partidako onena ezbairik gabe; Bictorrek tanto bikainak egin bazituen ere, zailtasunak izan zituen zenbait pilotari eusteko, errazaren batzuk ere galdu zituen, eta behar ez zuen pilota dezentetan sartu zen ia partidaren amierara arte: antzeman zitzaien elkarrekin gutxi samar jokatuta daudela. Halere irabazi egin zuten bikote oso ona osa dezaketela erakutsita.

Bengoetxeak ez zuen egun borobila izan, ofizioa erakutsi zuen Bictorrek ez bezala, baina ez zuen beste askotako distirarik izan tantoa bukatzerakoan. Baina aipatutako ofizioari eta Larunberen partida txukunari esker partidan sartuta egon ziren azken unera arte, irabazteko zorian. Pentsa, 18 eta 20 irabazten ari ziren azken tantotan. Orduan, baina, Bictor eustera eta Albisuri berea egin zezan uztera jarri zen eta berauek heldu ziren 22ra. Honekin, puntu garrantzitsua eskuratu dute, eta hasiera batean lau onenetan sartzeko faboritoen listan sartzen zenetako bikote bat urrundu gainera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!