Jolasa gauza serioa da

Arantza Iruretagoiena 2016ko abe. 25a, 14:02

“Haurrak jostailuarekin jolastu beharko luke eta ez jostailuak haurrarekin" (Anna Tardós)

Eguberrien atarian, jolasa eta jostailuak zer diren argitzea funtsezkoa da haurren mesederako. Batetik, bi kontzeptu horien erabilera orokorra ezdeusa eta komertziala baino ez delako, eta, bestetik, mezu kontrajarriak eta askotarikoak hedatzen direlako. Helburua ez da jostailurik egokiena oparitzea, jolasa zer den ezagutzea eta horren barruan jokatzea baizik.

Jolasa haurrak baliatzen duen ekintza naturala da, librea, bat batekoa, borondatezkoa. Bere adierazpidea. Era berean, helduen mundua ulertzeko dituen zailtasunak aditzera emateko bidea da. Bere beldurrak, nahiak, emozioak eta gatazkak jakinarazten ditu jolasaren bitartez. Haurraren garapen globalerako lagungarria da, azken finean.

Haurrarentzat arnasa hartzea bezain garrantzitsua da jolasa. Osasuntsu dagoen edozein haur aritzen da jolasean, eta, oinarri-oinarrian, horixe da egin behar duena: jolastu.

Jolasa ez da lan-tresna bat. Ez da erreminta pedagogiko bat, ezta, entretenimendua ere. Jolasa ez da erosten. Jolastea denbora-pasa edo denbora betetzeko ekintza gisa ezin da hartu. Kontu serioa da, hots, hazteko eta bizitza heldurako prestatzeko era.

Jostailu, jolaserako balio duen guztia da eta edozerekin jolas daiteke. Dena izan daiteke jolaserako arrazoi, motibo. Ez dago ezinbesteko jostailurik.

Jostailu komertzialek, elkarreragileek eta futuristek, erabiltzaile eta kontsumitzaile hutsak bihurtzen dituzte haurrak. Pasiboak. Izan ere, eraldatu ordez, helduek sortutako zerbait erabili baino ez dute egin behar, xede komertzialaz harago, beste funtziorik ez duen zerbait. Diru askorekin etxea jostailu pobrez eta tristez bete dezakegu, alegia, sormenari, aukerei edo irudimenari dagokionez pobre. Eta hutsal, aldi berean, moldakaitzak, hauskorrak edo bihurriegiak izateagatik.

Haurren goiztiartasuna eragite aldera, zinez zailak diren jostailuak bilatzeko joera izaten dugu. Geure gizartearen gaixotasuna da, beharbada, horrela jokatzea. Askoz ere onuragarriagoa izango litzateke haurrek euren aukeren baitan jardutea, aktiboki, aberastasunez eta aniztasunez; euren erritmoan eta mailan. Eta ez alderantziz, izan litekeenarekiko gabeziak jota.

 Beren kabuz ahalik eta gehien ikasi behar dute haurrek. Berebiziko garrantzia du horrek. Zer ikasia emana badatorkie, euren garapena gabetzen ari gara.

Adinean oinarritutako sailkapenak arriskutsuak dira, normaltasun eta garapen irizpide bezala erabiltzera jotzen baitugu. Jolas gehienek, etapa kronologikoei baino, beharrei erantzuten diete.

Horrenbestez, zer ezaugarri bete behar dituzte haurrei eskainitako jostailuek?

· Haurrak manipulatzeko aukera izatea, helduen laguntzarik gabe hartu eta erabiltzeko.

· Bere heldutasunaren araberakoa izatea (helduen esku-hartzerik gabe jolasteko aukera izatea), ez bere etapa kronologikoaren araberakoa.

· Guztiz erreala ez izatea.

· Norberarekin eta besteekin elkar eragiteko aukera eskaintzea.

· Transformatzeko aukera edukitzea, sormen eta irudimena ahalbidetzen duena.

· Neutroa.

· Ez didaktikoa edo hezigarria (erabilpen zehatza eta mugatua dute)

Haurrari lehen jostailua noiz?

Haurra bere eskuekin jolasten hasi eta bere ingurumariarekiko interesa azaltzen duen arte itxarongo dugu objekturen bat eskaintzeko. 3 hilabete dituenean edo zertxobait beranduago. Ukitu, begiratu, miazkatu, hozkatu edota jaurti dezakeen jostailua izango da, hartara, mugitzen doan heinean, zer-nolako ondorioak sortzen dituen barneratzeko. Adibide bat: oraindik arrastaka edota katuka ibiltzen ez den haurrari pilota edo baloi bat ez genioke eman beharko, ezingo baitu berreskuratu.

Zer rol betetzen dute gurasoek haurraren jolasean?

Haurrari ez zaio jolasten irakatsi behar. Aditua da horretan. Jostailuek edo helduok ez dugu jolasa sinboliko bihurtzen; hori haurrek egiten dute. Objektu dena jostailu bilakatzen da haurraren eskuetan. Hori horrela, jolas sinbolikoa haurrak sortzen du, ez jostailuak. Haurra jolasaren egilea, aktorea eta zuzendaria da aldi berean.

Helduen zeregina da, bestalde, hasiera-hasieratik haurraren iniziatiba autonomoen aukera guztiak bermatzea, mugimendu askea eta jolas independentea helburu, betiere. Esperientzia egokiak ahalbidetuko dizkion jostailuak eskainiko dizkiote haurrari, eta, bidenabar, modu independentean erabili ahal izango direnak.

Guraso onak izateko ez da beharrezkoa haurra jostailuz inguratzea, uneoro bere peskizan egotea, gertu edo etengabe berarekin zerbait egiten aritzea. Bere jarduna eta garapena ikuskatzea, harekin gozatzea eta harremanetan egotea da gakoa. Laburbilduz, pertsona garrantzitsu bezain maitea dela sentiaraztea.

Helduok…

Kalitatezko eta aukera anitzeko espazio ludiko bat (plaza, parkea, etxea) prestatu edo proposatu dezakegu.

· Haurrari bere kabuz egiten utzi eta bere ekintzak errespetatu ditzakegu.

· Ez irakatsi, ez derrigortu.

· Elkarrekin gozatzeko egoerak erraztu ditzakegu.

· Elkarrekin egoteak duen garrantziaz jabetu gaitezke, baina baita bakarrik egotearen garrantziaz ere.

Helduok, Gabonetan, zera oparitu dezakegu…

Espazioa eta denbora partekatzeko aukeragatik poztasuna.

· Haurraren aurrera pausuen harira alaitasuna.

· Eskuratzen dituen gaitasun eta esperientzia berrien aurrean harrotasuna.

· Bere jolasarekiko begirunea.

· Behar adina denbora, espazioa eta objektu egokiak eskaintzeko ahalmena.

· Euren garapena ahalbidetzearekin bat, hazteko abenturan seme-alaben alboan aurreiritzirik gabe jardun

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!