Denboraldi eta kolore berria, eskualdeko zenbait arraunlarirentzat

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko abe. 8a, 11:29

Kantauriko traineruen lehia hasia da lehorreko entrenamenduetan eta, neguko lanekin batera, fitxaketa eta aldaketak iristen dira arraunera.

Tolosaldetik urrun ikusten da arraun denboraldiaren hasiera, baina, antzinako arrantzaleen jardunetik sortutako kirolak, hilabeteko etenaldia baino ez du izaten; udako lorien atzean, neguan ondo egindako sukalde-lanak izaten dira.

Sukaldekoak, bai, lehen asteetan lana aterpean egiten baitute arraunlariek. Hilabete bada ergometroak dantzan jarri zituztela, baina, gimnasioetako mugimenduarekin batera hasi dira, tostetako joan-etorriak ere.

Izan ere, arraunak udazkenean hartzen du futbolaren antza gehien, zurrumurru, azken orduko fitxaketa eta irrati-kateei eskainitako lehen adierazpenak tarteko. Eta, eskualdeko arraunlariak ez dira lerroburu-sorta horietatik kanpo geratu, aurten ere. Batzuk hara, besteak hona; lehendik jantzi izandako elastikoaren azpira zenbait, eta kolore berri batekin proba egitera, beste asko. Edo, besterik gabe, lehorrera.

Kantauriko traineruen hamalaukoak ez dira, ordea, 2017ak ekarriko dituen nobedade bakarrak izango: ligak berak ere izena aldatuko du. Urteak dira TKE ligak San Migel izena hartu zuela, baina babesle nagusiak bigarren lerrora pasatzea erabaki du, eta datorren denboraldiko koroa preziatuak beste izen bat izango du.

Oraindik ere iritsiko da informazio-olatu berriren bat, baina, besteak beste, honakoak dira hurrengo denboraldiak ekarriko dituen berrikuntzak, Tolosaldeko arraunlarien eskutik.

OLATU GAINETIK, LEHORREKO BARERA

Urtetan TKE ligako gain-gainean aritu eta gero, Iñigo Jauregi tolosarrak (1989) Ama Guadalupekoa trainerua utzi du 2016-2017 denboraldian, azaro erdialdean jakinarazi zutenaren arabera.

Gaztetasunak ez dio ibilbide oparorik lapurtzen, Jauregi 2005az geroztik aritu izan baita, tostaz tostakoan. Tolosaldeko Arraun Klubean ekindako bideari Orio Arraunketa Elkartean jarraitu zion, 2008tik 2010era bitarte, bigarren traineruan. 2011. urtean, berriz, Zierbenako traineruan hasi zen, eta 2012an eman zuen ligarik gorenerako jauzia, talde berberarekin.

Talde bizkaitarrean denboraldi bat gehiago eginda, 2014. urtean iritsi zen, Iñigo Jauregi, Mikel Orbañanosen taldera. Bertan eskuratu ditu arraunlari batek eskura ditzakeen lorpenik garrantzitsuenak: besteak beste, 2014ko eta 2015eko San Migel ligako koroa, eta horrek atzean daramatzan bandera guztiak.

BERDETIK ARROSARA

Hondarribia utzi batek, eta Hondarribiara iritsi bestea, Endika Lopez (Tolosa, 1991) izango baita talde berdeko berrikuntzetako bat.

Jauregiren bide beretik, Lopezek ere TAKen eman zituen bere lehen paladak, 2008an, eta 2010. urtean Orioko tostetan hasi zen, itsaso zabalean trebatzen. Azken bi urteak, ordea, Pasaia aldean eman ditu, San Juango Erreka traineruan.

ETA, ARROSATIK BERDERA

Hasi berri duten denboraldian, Endika Lopezen aurkako bidea egin du, hain justu, Estibaliz Segurola tolosarrak (1990). Hondarribiako trainerua utzi, eta San Juango Batelerakontzian ari da neguko prestakuntza lanetan.

Tolosarra iaz hasi zen tostakoan, Hondarribiak emakumezkoen trainerua berreskuratzearekin batera 2013az geroztik ez zuten uretaratu. Ez zuten Euskotren ligan sartzerik lortu, baina Gipuzkoako ligan lehiatu ziren.

KORTAREN UBERAN

San Pedroko Libian aritu zen, beste hiru billabonatarrekin batera, baina 2009az geroztik ez zuen arraunik toletan kateatu.

Arraunaren harrak, ordea, erraz bizirauten du urteen joanaren aurrean, eta Joseba Larrarte (Villabona, 1978) berriro ontziratuko da, handienen alboan aritzeko. Kaikun hasi du entrenamendu denboraldia, eta Kortaren uberan zaildu beharko ditu, berriro, aspaldi ikasitakoak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!