Durangoko Azoka, ohi baino lehenago

Eneritz Maiz Etxarri 2016ko abe. 2a, 10:00

Egutegiak horrela eskatuta ohi baino zertxobait lehenago iritsi da Durangoko Azoka. Mende erdiko marra pasa, eta guztia prest du Gerediaga elkarteak 51. ediziorako. Aurtengoak, iazkoak bezala, egun bat gehiago izango du. Baina, aurten, esan behar, 7an eta 8an ez dela azokara joateko aukerarik izango.

Gaurtik hasi eta asteartera, 10:30etik 20:00ak bitartean Landako Gunean ateak zabal-zabalik izango dira euskaltzale guztientzat. Disko eta liburu artean galtzeko aukera, gustukoa bilatu eta erostekoa, egileekin egotekoa, lagunekin elkartzekoa, aspaldi ikusi gabekoekin hitz egitekoa, ... askotarako ematen du Durangoko Azokak: 349 nobedade eta 246 erakustoki.

Euskara eta kulturaren plaza bilakatzen da urte sasoi honetan Durango eta, nola ez, Tolosaldeak ere bere aletxoa jartzen du. Azokan izango dira eskualdekoak ditugun hainbat idazle, ilustratzaile edota musikari. Hirugarren urtez, autoekoizpenek ere beren tokia izango dute, eta guztira 16 kide izango dira, liburu, disko edota aldizkariekin; tartean, Bonberenea Ekintzak 2016ko uztarekin. Zehazki, zazpi disko berri kaleratu dituzte aurtengorako eta Durangon izango dira.

Areto Nagusia, Ahotsenea, Saguganbara, Plateruena, Irudienean, Szenatokia, Kabi@ eta Azoka TB guneetan banatuko dira 200 kultur ekitaldietatik gora. Aurkezpenak, solasaldiak, mahai inguruak, filmak, dokumentalak, tailerrak, kontzertuak, antzerkiak, eduki libreak... aukera zabala izango da aurtengoan ere bost egunetan banatuta.

Bestetik, 1992. urteaz geroztik, Argizaiola Saria banatzen du Gerediaga elkarteak. Aurten, euskararen eta euskal kulturaren alde lan egin duten inurriak omenduko ditu Argizaiola sariarekin, hau da, «oinarrizko kultur langileek» jasoko dute. Milaka izan daitezkeela omenduak adierazi dute elkartetik, baina denen izenean lurralde bakoitzeko pertsona batek jasoko du: Kepa Mendia (Araba), Justo Alberdi (Bizkaia), Jaime Albillos (Gipuzkoa), Patxika Erramuzpe(Ipar Euskal Herria), Mari Karmen Belaza (Nafarroa) eta Jose Ramon Zengotitabengoa (Diaspora).

 

AZOKA ZENBAKITAN:

Stand kopurua: 246

Autoekoizleak: 16

Partaideak: 135 eta 16 autoekoizle.

Aurkeztuko diren nobedadeak: 349

Liburuak: 233

Diskoak: 61

Aldizkariak: 19

Bestelakoak (joko, agenda, egutegi, ... ): 31

Bideoak: 5

 

LIBURUAK ETA DISKOAK

Iñaki Martiarena 'MATTIN'. Zarrakamalda (Txalaparta)

Iñaki Zubeldia. Zestoako loroa (Erein)

Garikoitz Goikoetxea. Euskara irabazteko bidean (Berria-Jakin-Elkar)

Juan Kruz Igerabide. Ur: erori nahi ez zuen tanta (Denonartean)

Maite Gurrutxaga. Martin (Elkar)

Pirritx, Porrotx eta Marimotots. Tipi-Tapa, Korrika! /Haizearen herrira (Katxiporreta)

Vendetta. Bother (Maldito Records)

Belarmiñak. Haztearen izerdia. (Bonberenea ekintzak)

Bernardo Atxaga - Jabier Muguruza. Harriaren hiztegia. (Mara Mara diskak)

Egurra ta kitto. Gure ordua. (Mauka)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!