Komikia eta euskara batean

IƱigo Terradillos - Eneritz Maiz 2016ko abe. 2a, 08:03

Bederatzigarren Ibarra Galtzakomik komiki lehiaketa da aurtengoa. Galtzaundi Euskara Taldeak, Ibarrako Udalaren laguntzarekin antolatzen du. Baina, Tamayo paper dendaren, Xabiroi argitaletxearen, Ibarrako merkataritza elkartearen, Eluska jatetxearen, Danon Txokoa edaritegiaren eta Mahala baserriko produktuen babesa ere ezinbestekoa du, euskarazko komiki lehiaketak aurrera egiteko.

Edozeinek parte hartzeko aukera izan du, eta gaia librea izanagatik ere, lehiaketa honen helburu nagusia euskarazko komikigintza sustatzea denez, lanak euskara hutsean aurkeztu behar izan dira.

Epaimahaia astelehenean bildu zen aurtengo lehiaketara aurkeztu diren lan guztiak aztertu eta saridunak aukeratzeko. Lan horren ardura, Joseba Antxustegietxartek (Galtzaundiko zuzendaritzako kidea), Maite Gurrutxagak (ilustratzailea) eta Idoia Olanok (Euskara teknikaria) izan dute.

Ezusteko saria

Javi Navarro tolosarra da Basamortuaren sekretuak lanarekin lehen sari potoloa eskuratu duena, eta berria jakitean poz handia sentitu zuen: «Urtero aurkeztu izan naiz, eta jada ez zutenez deitu ez nuen espero aste honetan deituko nindutenik. Ezustekoa izan da eta izugarrizko poza hartu nuen», dio Navarrok.

Urtero aurkeztu izan da, eta ahal duen guztia ematen duela azaldu du. Aurten ere, eta denboraz larri ibili bada ere, espresuki egin du komikia lehiaketarako: «Oso zaila da irabaztea, maila dago eta horregatik hartu dut hainbesteko poza. Urtero jarraitzen dut eta urtero ikusten ditut komiki saridunak», argitu du. Hala ere, ez da lortu duen lehen saria aurtengoa, eta «ohore bat» dela adierazi du honelako lehiaketa bat etxe ondoan izatearena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!