«Erasotzaileak gainetik sentitu beharrean, senti daitezela azpitik, gizarte osoa aurka daukatelako»

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko abe. 1a, 08:02

Gipuzkoako Foru Aldundiak indarkeria matxista jasaten duten emakumeentzako larrialdi zentroak nahiz egonaldi luzeko zentroak ditu, eta horietan lanean dihardu gizarte langile tolosarrak.

Lo gutxi eginda iritsi da hitzordura, lanetik. Ez omen da hain gau gogorra izan, eta loari emanda pasatu ahal izan ditu bizpahiru ordu. Izan zitekeen medikua, erizaina edo abokatua, baina gizarte langilea da. Eta, egiazki, hori da bere ogibidea deskribatzeko esan dezakeen ia bakarra, herritar askoren segurtasunerako. Indarkeria matxista jasaten duten emakumeentzako zentro babestuetan aritzen da eta, tamalez, bi bideren aukeraketa ikusten du zentrotik irteten diren emakumeen artean: bizitza autonomo bati ekiten diote zenbaitek, baina erasotzailearekin elkarbizitzera itzultzen dira beste hainbat.

Eraso matxistak salatzen dituzten emakumeetatik nortzuk bideratzen dituzte zentro babestuetara?

Emakumeek laguntza eskatzen dutenean, ertzainengana, gizarte langileengana edo larrialdi zerbitzuetara jotzen dute eta, bertan, segurtasun neurriak hartzen dituzte, egoeraren aurrean. Azken finean, emakume horiek behar izaten dute gizonek ezagutzen ez duten leku bat, eta egoerak halako segurtasun neurri bat eskatzen badu, emakumeak larrialdi zentrora bideratzen dituzte. Izan ere, bi harrera zentro babestu daude: larrialdi zentroa eta egonaldi ertain-luzeko zentroa. Larrialdi zentroan emakumeekin lehen kontaktua egiten da, indarkeriaren ondorioz sortutako egoera psikologikoa landuz. Babesa eta ostatua emanez, emakumeak seguru sentitzeko leku bat bilakatzen da zentroa.

Larrialdietakoan zenbat denbora pasatzen dute gehienez?

Zehaztutakoaren arabera, gehienez ere, hilabete egon daitezke larrialdi gunean. Emakume horrek denbora gehiago behar duela erabakitzen bada, luzatzeko aukera izaten dute. Gehienak egonaldi ertain-luzeko zentrora bideratzen dituzte, eta han sei hilabeteko lanketa bat egiten da beraiekin. Izan ere, indarkeria fisiko edo psikologikoaren kargaz gain, emakume horiek ia ezer gabe iristen dira: ez dute ia inguru sozialik, ez dute jende asko ezagutzen,... Erasotzaileak ezer gabe uzten du emakumea askotan.

Menpekotasun egoeran bizi dira gehienak, beraz. 

Bai, menpekotasuna erabatekoa izaten da. Askok ez dute lanik egiten, eta menpekotasun ekonomiko erabatekoa izaten dute; beren ekonomia gizonek kontrolatzen dute. Eta, esan bezala, sare sozial oso eskasa izaten dute inori laguntza eskatzeko ere. Beraz, horrelako zentroetan bizitza berri bat hasteko bidea irekitzen laguntzen diegu.

Zentroetara iristen diren kasuak oso muturrekoak izaten dira, ala denetik dago?

Berez eraso matxistak jasaten dituzen emakume guztiek dute zentroetara joateko eskubidea, baina, egia da, jendeak ez duela bide hori lehen aukeratzat hartzen. Iruditzen zaie horrelako zerbitzu batean laguntza eskatzea oso muturrekoa dela, eta beren kabuz aurre egin diezaioketela egoerari: «Lagunduko didan norbait aurkituko dut», «Baditut nire baliabideak»,... Halakoak pentsatzen dituzte. Eta gizarteak ere ez du begi onez ikusten horrelako leku batera jotzea. Dena den, uste dut emakume horiei iristen zaiela «ezin dut gehiago» esaten duten une bat, eta laguntza eskatzen hasten dira.

Nork kudeatzen du zerbitzua?

Gipuzkoako Foru Aldundiaren zerbitzu bat da, baina azpikontratatutako enpresa batek kudeatzen du. Ni udan hasi nintzen, ordezkapen bat egiten.

Eta, zein sentsazio duzu lanean hasi zinenez geroztik? Gogorra al da? 

Hala da, baina gauza asko lantzen ditugu emakumeekin. Argi dago emakume horiek indarkeria matxistagatik iristen direla zentrora, baina, beren egoerak arlo eta esparru asko lantzea eskatzen duenez, indarkeria matxistak ez du erdigunea hartzen; bestelako baliabideak bilatzen ere saiatzen gara.

Beren autonomia bilatzen duzue? 

Bai, hori da helburua. Indarkeriazko egoera batetik atera behar dute, eta jakin egin behar dute bizitza autonomo bat ematen. Ordura arte menpekotasunean bizi izan dira, eta horrek bizimodu berri bati ekiteko gaitasunak kentzen dizkie askori.

Zentroetan, egunero artatu behar izaten dira kasuak? 

Larrialdietako zentroan edozein unetan etor daiteke emakume bat. Egonaldi ertain-luzeko zentroan, aldiz, aurreikus daiteke larrialdi zentroetako emakumeak noiz iritsiko diren, eskaeren arabera. Gerta daiteke larrialdi zentroa emakume zenbaitentzat arrisku-puntu bat izatea, erasotzaileak zentroa ezagutzen duelako-edo. Kasu horietan, zuzenean egonaldi ertain-luzeko zentrora bideratzen dira emakumeak.

Egoiliarren artean bada errepikatzen den profilik? 

Oro har, esango nuke baztertze sozial handia jasaten duten sektoreetako emakumeak izaten direla, nahiz eta denetik egon. Asko migratzaileak izaten dira: hemen ez dute harreman sarerik, eta horregatik jotzen dute laguntza eske, bertako zenbaitek baino lehenago.

Biktimen garapena ikusten al duzue? 

Zenbait emakume berriro itzultzen da eraso dituen gizonarengana, beren kulturak edo pentsamoldeak bigarren aukera bat ematea agintzen dielako. Horrelakoetan, gu saiatzen gara ulertarazten biolentziak zikloak izaten dituela eta, zenbaitetan gizona oso maitakor egongo den arren, eta barkamena eskatuko dion arren, berriro muturreko egoerara iritsiko dela. Kontrara, dena den, beste emakume askok bizi berri bat hasten dute zentrotik pasatu eta gero. Diru laguntzak eskatzen laguntzen diegu eta, baiezkoa jasotzen dutenean, beren dirua kudeatzen ikasten dute, lan bila hasten dira, eta bide berri bat irekitzen dute, pixkana. Badaude irteten direnak.

Beldurra izan liteke lehengora itzultzeko arrazoi bat? 

Oraindik erakarrita sentitzen dira bikoteagatik eta, era berean, gizonaren ondoan bizitza egonkorrago bat ikusten dute. Noizbait maitatu izan dute eraso dituen pertsona hori eta, egin dieten guztia eginagatik ere, maitasun hori ez da guztiz desagertzen.

Askok seme-alabak izango dituzte. Nola bizi dute eurek egoera?  

Askotan indarkeria emakumeak bakarrik jasaten duen arren, seme-alabak ere hor bizi dira. Iruditzen zaigu haurrek ez dutela ezer ikusten, baina uste baino gehiagoz jabetzen dira etxean duten egoeraz.

Beraz, zentroetan haurrak ere egoten dira? 

Bai. Indarkeria kasu baten aurrean, haurrak zuzenean amarekin geratzen dira. Gero, prozesu judizialaren garapenaren arabera, bisitak izan ditzakete, elkargune izateko prestatutako zentroetan. Ondoren, epaiketan erabakitzen da aitak bisitak izango dituen edo ez eta, bisitak izatekotan, zenbat aldiz izango dituen.

Behar dutenek ba al dute nahikoa informaizo horrelako lekuen inguruan?

Beharbada ez dago informazio esplizituegirik, baina, aldi berean, hala izatea komeni da, zerbitzu horren beharra duten emakumeak arriskuan daudelako. Garrantzitsuagoa da indarkeria matxista jasaten ari diren emakumeek laguntza izango dutela jakitea, laguntza zerbitzua non eta nola ematen den jakitea baino. Ezkutuan mantentzen saiatzen gara arriskua dagoelako, baina, beharbada, ezkutatze horrek berak ere laguntza eskatzea moteltzen du.

Azpimarra jarriko zenuke, beraz, laguntza eskatzearen garrantzian? 

Bai, hori da. Inork bere burua horrelako egoera batean ikusten duen lehenengo momentutik, laguntza eskatu behar du; ezin da pentsatu egoera aldatuko denik. Behin zure gainetik, modu horretan, jarri den pertsona batek, ez du bere jarrera egun batetik bestera aldatuko. Laguntza eskatu behar da, eta horrekin ez dut esan nahi, derrigor, zentro babestu batera sartu behar denik. Baina psikologoak nahiz gizarte langileak laguntza emateko daude, eta gizarte zerbitzuak herritar guztientzako dira.

Menpekotasun ekonomikoa eta psikologikoa aipatu dituzu, baina, lotsaren zantzurik ere badago laguntza ez eskatzeko? Jendeak esango duenaren beldurra?

Baietz uste dut. Gizartean bada indarkeria matxistaren aurkako jarrera erakusteko gogo bat, baina, aldi berean, gizarte patriarkatu eta kuxkuxero batean bizi gara. Esamesak gustuko ditugu, eta indarkeria matxista jasaten ari den pertsonak, akaso ez du txutxumutxu horien erdigunea izan nahi. Horregatik, askok mina isilpean eramateko hautua egiten dute.

Bestaldean leudeke biktimaren inguruko herritarrak. Zure ustez, oraindik ere bada indarkeria kasuak salatzeko beldurrik? 

Bai. Askotan, ez dugu gustuko izaten horrelako zerbaitetan sartzea, gero norberari ekar diezazkiokeen eraginengatik. Eta, horregatik, «beste norbaitek dei dezala» pentsatzen dute askok. Nik halakoak salatzeko deialdia egin nahi nuke: emakume izate hutsagatik menpekotasun egoera larrian bizi dira. Beti errepikatzen da, baina komeni da beste behin esatea, indarkeria matxista kasuen aurrean deitu egin behar dela, halakorik gertatuko ez den eguna iritsi dadin.

Erasotzaileek presio sozial handiagoa behar dute? 

Bai. Beraiek gainetik sentitu beharrean, senti daitezela azpitik, gizarte osoa aurka daukatelako. Eta ikus dezatela egiten ari direnak ez duela inongo justifikaziorik.

Kasu hauetarako telefonoa 016a al da?

016ak telefono fakturan arrastoa uzten du, baina bada beste telefono luzeago bat ere, eta ez da erregistratzen fakturan: 900 840 111. Horrek segurtasuna ematen die emakumeei.

 

900 840 111

TELEFONORIK SEGURUENA

016a da ezagunena, baina beste zenbaki horrek ez du arrastorik uzten telefono fakturan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!