Perla beltza eta festa, lapiko berean

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko aza. 18a, 07:56

Perla beltza. Banabarra. Phaseolus vulgaris. Edo Tolosaldeko harribitxia. Hitz horiek eta beste hainbeste erabil litezke leka barruan ondutako zentimetroko ale ilun bakoitza izendatzeko, baina Tolosako Babarruna hitzetatik harago doa. Hala uste dute, behintzat, Tolosako Babarrunaren Kofradiako kideek.

Uste horri tiraz ekin zioten, joan den maiatzean, Babarrun bat, bizitza bat proiektuari. Eskualdeko pertsona ezagunei galdetu zieten, lehenik, babarrunaren inguruan; ondoren, ikastetxeetako haurren txanda iritsi zen, ereitearekin. Ekarpen horiek guztiak bildu dituzte jada, eta asteburu honetan plazara aterako dute babarrunaren itzal luzea, usain, zapore, forma eta doinu desberdinekin: «Hausnartzera bultzatu nahi genituen herritarrak, Tolosako Babarrunak herritarron bizitzetan zer nolako garrantzia duen ikusarazteko. Oso pozik gaude Babarrun bat, bizitza bat egitasmoak emandako fruituekin, ikusi dugulako, babarrunak gure historia direla, eta gure hizkuntza ere bai. Baserria dira, etxea, mahaiaren bueltan esertzea, epeltasuna, amona edo aitona kutunak», azaldu zuen Imanol Zubeltzu Tolosako Babarrunaren Kofradiako buruak.

Joan den udaberrian iragarri zuten Tolosako Babarrunaren Kofradiako lekuko aldaketa, eta uzta berri horren lehen alea izan da aipaturiko kanpaina.

Aleak biltzen jarraitu nahi dute, ordea, eta, orain, «kontzeptu horiek guztiak festa batean uztartzea ezinbestekotzat» jo dute. Babarrunaren egunak kolore gorri eta dirdiratsua izan ohi du urtero, tolosarren egutegietan; egunik handienen parekoa da. Baina, urteroko giro epela berotzera dator, bihar, Tolosako Euskal Jaia: babarrunari berari eta ekoizleen lanari gorazarre egitearekin batera, Tolosako belaunaldi berrienganaino zabaldu nahi dute urteroko ohitura eta, noski, horretarako festa da zubigilerik onena. 

Mende bete eta gero

1913koak dira, Tolosan Fiestas Euskaras ospatu zireneko kartel eta afixak eta, mende bete eta gero, bueltan da hitzordua.

Antoine D´Abaddie zientzialari eta bidaiariak abiarazitako Euskal Lore Jokoek literatura, kirola, nekazaritza, abeltzaintza nahiz musika zerabiltzaten, euskalduntasuna sustatzeko. Estreinakoz 1853. urtean antolatu zituen, Urruñan (Lapurdi) eta, hurrengo urteetan, Saran (Lapurdi), Donapaleun (Nafarroa Beherea), Elizondon (Nafarroa) nahiz Beran (Nafarroa) izan ziren Lore Jokoak.

Antza, orduko agintariei interesgarri suertatu zitzaien Abaddiek sustatutako egitasmoa eta, horrela, Gipuzkoako Foru Aldundia Fiestas Euskaras zirelakoak ospatzen hasi zen, bere kabuz. 18 herriko zerrenda osatu eta, herriz herri, Fiestas Euskaras urtean behin antolatzen hasi ziren.

Arrasatekoak izan ziren Gipuzkoako lehen Euskal Jaiak (Fiestas Euskaras) eta Tolosari, berriz, 1913an egokitu zitzaion euskal nortasuna goratzeko egitarauaren plaza izatea; uztailaren 24tik 29ra bitarte ospatu zituzten jaiak.

Zapi eta txapelak, buruan

Eguerdian hasita, Babarrunaren egunak berezkoa duen indarra biderkatuko du, aurten, Tolosako Euskal Jaiak. Horretarako, ordea, kofradiako antolatzaileek lege bakarra ezarri diete herritarrei: baserritar jantzia soinean izatea.

Zapia eta txapela buruan hasiko dute, beraz, eguna, eta Tolosako hainbat eragileren laguntza izango dute, festaren lapikoa plo-plo-plo hasi dadin.

Ezinbestean, babarrun ekoizleek beren alea jarriko dute festa eraberrituan: «Belaunaldiz belaunaldi kontserbatutako produktu zoragarria da babarruna, mahaiaren bueltan elkartzeko arrazoia, eta Tolosaren izena mugaz kanpo zabaltzeko baliagarria. Denon artean hori gogoan izaten saiatu behar dugu, eta gazteei ilusio hori transmititzen», azaldu zuen Mari Karmen Iradi ekoizleak.

Nekazariek lehengaia jarriko duten bide beretik, dantza eta musika jarriko dituzte Udaberri dantza taldeko kideek: «12:00etan, irekiera ekitaldiaren ondoren, kalejiran irtengo gara Alde Zaharrean barrena, eta herritarrak animatu nahi ditugu parte hartzera. Betiko plaza dantzak egingo ditugu, fanfarrearen doinura», zehaztu zuen Oinatz Martinezek.

Babarrunak elkartasunari ere bide eman diezaiokeenez, Haurkizuna fundazioak postutxoa jarriko du babarrunaren azoka berezian eta, Ignacio Malkorrak azaldu zuenez, Ekuadorrera bideratuko dute eskuratutako dirua: «Festa berria izaki, parte hartu nahi izan dugu, eta zapi bereziak egin ditugu Trianguloko postuan saltzeko. Horrela, bi helburu ekintza bakarrean bilduko ditugu: euskal jairako zapia gure postuan erosi ahal izango dute herritarrek, elkartasun egitasmo bati diruz laguntzearekin batera».

«Euskarari heltzeko eta eusteko» ezinbesteko tradiziotzat du, Galtzaundi euskara taldeko Imanol Artolak, lehen sektorea; eurak ere Euskal Jaian izango dira: «Baserritarrek eta nekazariek beti estuago eutsi izan diote tradizioari, baina gizartea etengabe ari da lanean, tradizioa modernitate bilakatzeko. Hala ere, badirudi gaur egun gero eta kontzientzia handiagoa dagoela bertako produktuen kontsumoa sustatze horretan, eta bertako hizkuntzari ere kontzientzia berberarekin heltzea nahi dugu guk. Gero eta gazte gehiago euskararen aterkiaren azpian daude eta, uztardura zilegi bada, babarrunaren aterkia ere izan dadila euskararen aterki».

Azkenik, Tolosaldeko Giltzarria izango da larunbateko leka osatuko duen alea. Jone Amonarrizek «herritarren aktibazioan» ari direla nabarmendu zuen agerraldian, eta aktibazio hori bertako produktu, ohitura eta hizkuntzaren egunean garatzea ideia bikaina iruditu zaie: «Giltzarria martxan da, eta ilusio handiz heldu diogu Tolosako Babarrunaren Kofradiako proposamenari. Gure alea taloak egiten jarriko dugu, eta Plaza Berrian izango gara, 17:00etatik 22:00etara bitarte».



Aje egunaren ohorea

Azoka, festa eta bazkariak direla eta, larunbatak hartuko du Babarrun asteko pisu nabarmenena. Horrek ez dio, ordea, igandeko aje egunari ohorerik kenduko.

Izan ere, Tolosako Babarrunaren Kofradiak lekukoa aldatu eta berrikuntzak martxan jarri dituen arren, betiko ohiturei ere eutsi diete, eta igandean XXVI. kapitulua ospatuko dute.

Besteak beste, 2016ko ohorezko kofradeak izendatuko dituzte, 12:00etatik aurrera, udaletxeko pleno aretoan, hainbat esparrutako gizon-emakumeei beren errekonozimendua eskainiz.

Euskalgintzaren munduari begira jarriz, Kike Amonarriz tolosarra ohorezko kofrade izango da aurrerantzean, eta baita Irene Larraza ere, kulturgintzaren esparrutik. Interpretazioan aritzen direnei ere jaramon egin nahi izan diete, eta Aitziber Garmendia zaldibiarra aukeratu dute aurten. Babarrunaren bueltan ari direnez, gastronomiak tarte zabala izan ohi du beti ohorezko izendatzeen artean, eta aurten Oriora begira jartzea erabaki dute Tolosako Babarrunaren Kofradiako kideek: Katxiña erretegiko Joxe Migel Zendoia eta Xixario erretegiko Luis Mari Uranga ere ohorezko kofrade izango dira. Azkenik, Daniel Innerarity filosofo eta pentsalariari eskainiko diote ohorezko postua.

Horrez gain, babarrun lapiko beroen usaina asteburua amaitu arte bizi-bizirik izango da Tolosako kaleetan, eta horren errudunak izango dira, besteak beste, Gure Kaiola elkarteak antolaturiko lehiaketa gastronomikoko parte hartzaileak. Goiz osoan barrena sukaldean aritu beharko dute, Trianguloan, eta herri bazkaria izango da, ondoren, Zerkausian.

Aitzakiarik onenak ere ez du baliorik izango datozen bi egunetan, leka zuriaren perla beltzaz nahierara gozatzeko.

 

BABARRUNAREN ASTEA

AZAROAREN 19A, LARUNBATA

07:30. Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketaren hasiera Trianguloa plazan. 08:30. XXIV. Odolki Lehiaketaren hasiera San Frantzisko pasealekuan. 09:00-14:00. Azoka berezia Trianguloa plazan. 10:00. Trikitilariak Trianguloa plazan.

10:45. Bertsolariak Trianguloa plazan. 11:00. Erraldoiak eta buruhandiak kalean barrena.

11:30. Udaberri dantza taldearen saioa Trianguloan. Ondoren, kalejira Alde Zaharrean barrena. 11:30. Ekoizleen lehiaketako epaimahaiak lanari ekingo dio. 12:00. Tolosako Babarrunaren Kofradiaren eskutik, Tolosako Babarrunak dastatzeko aukera, Trianguloa plazan. 12:30. Erraldoiak eta buruhandiak kalean barrena. 13:00. Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketako sari banaketa Trianguloan. 13:15. Babarrun irabazlearen lakari baten enkantea Trianguloa plazan. 13:30. XXIV. Odolki lehiaketako sari banaketa Trianguloa plazan. 14:30. Tolosako elkarte eta tabernetan babarrun jatea. 12:00-17:00. Basque Fest gunea Alondegian, HAZIren eskutik. Euskal labeldun produktuan jateko eta edateko gunea izango da. 17:00-20:30. Kantu jira, Benta Zaharreko Mutiko Alaien eskutik, Tolosan barrena. 22:30-00:30. Kalean txaranga kalez kale ibiliko da.

AZAROAREN 20A, IGANDEA

08:00. Tolosako Babarrunaren XXX. Lehiaketa Gastronomikoaren hasiera Trianguloan, Gure Kaiola elkarteak antolatuta. 12:00. Tolosako Babarrunaren Kofradiaren kapituluaren hasiera, pleno aretoan. 12:00. Aizkora apustua zezen plazan: Julen Kañamares eta Arkaitz Jauregi, Arria VI.aren aurka. 13:00. Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoko epaimahaiak lanari ekingo dio Trianguloa plazan. 14:30. Herri bazkaria Zerkausian. 16:30. Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoko sari banaketa Zerkausian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!