Okupazioa: sistemari alternatiba

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkola Agirrezabala 2016ko aza. 20a, 11:56

Squatter izenarekin sortu bazen ere, okupa edo okupatzaile hitza ezagunagoa da Euskal Herrian. Mugimendua Ingalaterran sortu zen; bertan, familia pobreek okupatzen zituzten eraikinak, eta negoziorako erakundeak eta kooperatibak ere sortu zituzten. Italian, Holandan edota Alemanian okupatutako eraikinak etxebizitzak beharrean, zentro sozial bihurtu zituzten.

Europako mugez haratago, 80. hamarkadan zabaldu zen Euskal Herrira okupazio mugimendua. Garai hartan, okupazio mugimendu anitzak ezagutu ziren Euskal Herrian, eta okupazio eredu ezberdinak jarri ziren martxan; izan gaztetxeak, kultur edota aisialdirako gune autogestionatuak.

Hazkunde espekulatiboaren eta krisi orokorraren ondorioz, gazteen langabezia areagotu egin zen. Gazteek emantzipatzeko eta beren bizi proiektuak garatzeko zailtasunak izan zituzten, eta egoitza faltaren ondorioz, gaztetxeen mugimendua hedatu zen Euskal Herrian. Tolosaldea ere ez zen salbuespena izan, eta 80. hamarkadan hasi, eta 90. hamarkadan zehar, gaztetxeen mugimendua loratzen hasi zen eskualdean. Artikulu hau irakurtzen ari diren hainbatek eta hainbatek gogoratuko dute beren herriko gaztetxea lortzeko botatako izerdia eta egindako borroka. Hainbat herritako gazteek eraikinak okupatu zituzten, beren proiektuak aurrera ateratzeko gune autogestionatu bihurtzeko.

Hain zuzen, Alegiako tren estazioaren ondoan dagoen etxeak 29 urte beteko ditu hil honetan, eta urtemuga oparoa antolatu dute hori behar bezala ospatzeko. Alegiakoa ez ezik, Ibarrako gaztetxea ere okupatu zuten garai hartan, baita Bonberenea ere. Villabonako gazteek ere gaztetxea lortzeko hainbat saiakera egin zituzten; bertako gazteek borroka handia egin behar izan zuten gaztetxea lortu, eta gaur egun, Villabonako Onddo Gazte Asanbladaren egoitza dena lortu arte. 2009an, Inpernu Gazte Asanbladak apeadero ondoko eliza okupatu zuen, baina segituan desalojatu zituzten. Azken bi urteetan, Tolosako Gazte Asanbladak ere hainbat eraikin okupatu ditu gaztetxe bihurtzeko asmoz; eraikin guztietatik desalojatu egin dituzte, ordea, eta bertan behera utzi behar izan dituzte proiektuak.

Etxebizitza eskubideari erantzun

Historian zehar, gaztetxeen okupazioak izan dira ezagunagoak. Okupazioa, ordea, ez da gaztetxeak lortzeko bidea bakarrik; etxebizitzaren problematikari erantzun eta bizi eredu berriak sortzeko bidea ere bada okupazioa. Gaztetxeak bezalako gune autogestionatuetatik harago, etxebizitzaren problematikari aurre egiteko alternatiba. Hori horrela, Tolosako Etxebizitza Asanbladak San Blasko Gurutzeaga-Berri etxea okupatu zuen urrian. «Herritar orok duen oinarrizko eskubide zibil bat da etxebizitza eskubidea, eta teoria konstituzionaletik praktika politikora igarotzea erabaki dugu». Adierazi zuten orduan Tolosako Etxebizitza Asanbladako kideek.

Okupazio horrekin jarri zen martxan Tolosako Etxebizitza Asanblada eta bertako kide dira Unai Sukia eta Mikel Romero. «Eremu ezberdinetako gazteen artean hitz egiten hasi ginen, eta konturatu ginen kezka bera genuela: gazte moduan, ez genuen emantzipatzeko eta etxebizitza bat lortzeko aukerarik, ez eta eskubiderik ere. Hori kontuan hartuta, Tolosan horri aurre egiteko zein alternatiba eduki genitzakeen eztabaidatzen hasi ginen gure artean», adierazi du Romerok.

Bide beretik jo du Sukiak ere: «Gure iritziz, gazteria osoari, bere osotasunean, kolpatzen dio etxebizitzaren problematikak. Ondorioz, lanketa indibiduala baino, erantzun kolektiboa eman behar genuela iruditzen zitzaigun. Horretarako, etxebizitza bat okupatzea pentsatu genuen. Eraikin asko ikusi genituen Tolosan, eta potentzialitate handiena San Blasko etxebizitzak zuela iruditu zitzaigun».

Pentsatu eta egin. San Blasko etxebizitza okupatu zuten urriaren 15ean, eta egun horretan egin zen publiko Tolosako Etxebizitza Asanblada: «Ordura arte eztabaidatzen aritu ginen eta egun horretan egin ginen publiko».

Okupazioa: «Tresna politikoa»

Okupazioa «erreminta politikotzat» hartzen dute Sukiak eta Romerok. «Okupazioak jartzen du auzitan gaur egungo sistema kapitalistaren logikaren barruan dagoen jabetza pribatua. Jabetza pribatuaren izenean, jende ugarik ez du bere kabuz bizitzen jartzeko aukerarik, eta horri erantzuteko bidea da okupazioa», azaldu du Sukiak.

Zentzu horretan, etxebizitza pertsonen betebeharra eta eskubidea dela azpimarratu du Romerok: «Okupazioa tresna politiko bezala ulertuta, merkatu balorea kentzen diogu etxebizitzari. Horrela, logika kapitalista horretatik kanpo ateratzen dugu etxebizitza, gure etorkizuna merkatuaren ideietatik at sortuz».

Behar eta eskubide «esentzial» hori betetzeko okupatu zuten San Blas auzoko etxebizitza, eta orduz geroztik ez dira geldirik egon: «Gauzak txukuntzen eta bizitzeko baldintza egokietan jartzen aritu gara». Arazo batzuk ere izan dituzte udalarekin zein bizilagunekin. Orokorrean, baina, gustura daude jaso duten erantzunarekin: «Jendea gerturatu zaigu, eta laguntza eskaintzeko prest agertu da», adierazi du Romerok.

Auzolanaren eta elkarlanaren garrantzia

Etxebizitza problematikak bultzatuta hartu zuen okupazioaren bidea Ruth Alvarezek ere (Santa Marina, 1994), duela bi aste inguru. Donostian okupatutako etxe batean bizi da beste hiru lagunekin batera: «Ez nuen etxearen okupazioan parte hartu, baina bertan bizi ziren batzuk ezagutzen nituen. Ez neukan beste baliabiderik etxetik kanpo bizitzeko, eta proiektu horretan parte hartzea zen geratzen zitzaidan alternatiba. Horregatik erabaki nuen okupatutako etxe horretan sartzea», azpimarratu du. Etxebizitza problematika, ordea, ez du ulertzen zerbait isolatutzat, eta bere ustez, sistema kapitalistaren beste ondorioetako bat da. «Okupazioa, beraz, sistema kapitalista honetatik ateratzeko modua dela iruditzen zait. Sistema honetan bizitzera kondenatuta gaude, baina okupazioa sistema horretatik pixka bat aldentzeko bidea da», adierazi du Alvarezek.

 Okupazioaren bidez, sistema horren kontraesan eta hutsune guztiak azaleratzea dute helburu hirurek. «Okupazioaren bidez, demostratu da elkarlanean lor daitezkeela gauzak, sistemak inposatzen digun indibidualtasun horretatik haratago. Horrelako proiektu batean sartzen zarenean lan ugari dago egiteko: garbitu, txukundu, ura jarri, elektrizitatea jarri. Ezinbestekoa da kideen laguntza».

Iritzi berekoa da Romero ere: «Etxebizitza era indibidualizatuan saldu digute. Esperientzia horrek, gure arteko elkarlanak, auzolanak eta elkar laguntzeak beste zentzu bat eman dio okupazioari».

Kontzientzia zabaltzen

Behin etxea okupatuta, herriko gazteengana iristea da Tolosako Etxebizitza Asanbladako kideen helburu nagusia: «Gazteen artean kontzientzia zabaltzea da orain gure egiteko nagusia». Horretarako, Tolosako Etxebizitza Asanblada oinarri hartuta lanketa bat martxan jarriko dutela adierazi dute. Momentu honetan, etxebizitza asanblada asko «fokalizatu» da San Blasko etxean. Etxebizitza horretatik haratago, ordea, beste esparru, sektore eta jendearengana ailegatzea dute helburu: «Espazio hori zutabeetako bat izango da, baina ez da izango ezinbestekoa. Gure helburua okupazioa alternatiba bezala ikustaraztea da, hau da, okupazioaren bitartez benetan emantzipatu daitezkeela erakutsi nahi diegu gazteei. Gure kabuz, guk nahi dugulako eta gure eskubidea delako, gure etxebizitzetatik haratago, etxebizitza proiektu bat martxan jar dezakegula erakutsi nahi diegu».

Etxebizitzatik haratago, ordea, autogestio hori beste esparru batzuetan ere martxan jartzea gustatuko litzaieke Sukiari eta Romerori: elikadura burujabetza, kultura edota aisialdia, esaterako. Horren adibide garbia da Gasteizko Errekaleor auzoa, eta bertan bizi da Imanol Aldazabal (Ibarra, 1997) ibartarra.

Errekaleor Gasteiz kanpoaldean kokatuta dagoen auzoa da, eta 50. hamarkadan sortu zen. Garai hartan, Espainiako Estatuko hegoaldetik langile ugari etorri ziren Euskal Herrira lan bila, eta horiek bizitzeko eraiki zuten Errekaleor. Urteek aurrera egin zuten, eta auzoa hustu eta etxebizitzak eraikitzeko proiektua jarri zen mahai gainean. 2002an, bizilagunak lekualdatzen hasi ziren; burbuila inmobiliarioak eztanda egin zuen, ordea, eta proiektua bertan behera geratu zen.

Testuinguru horretan, hainbat ikaslek auzoko ezkaratz edo atari bat okupatu zuten duela hiru urte: «Auzoa ia hutsik geratu zen, eta 2013ko irailean, hainbat ikaslek okupazioaren hautua egin zuten, auzoan bertan bizi ziren pertsona batzuekin batera. Horrela, Errekaleor bizirik ekimena jarri zen abian» , azaldu du Aldazabalek. Hiru urte horietan sekulako indarra hartu du Errekaleorrek eta gaur egun 130 pertsona inguru bizi dira bertan: horietako bat da ibartarra. Irailean eman zuen bertan bizitzeko pausua: «Gasteizen hasi nintzen ikasten. Inertziaz, pisu batean sartu nintzen. Errekaleor ezagutzen nuen lehendik, baina iaz, bertan bizi zen jendea ezagutu nuen eta bertan bizitzeko aukera proposatu zidaten. Alternatiba bezala ikusi nuen eta bertan bizitzea erabaki nuen».

«Udaletxeak erosi egin zuen etxeak eraikitzeko, baina ez du ezertarako erabili. Ez diogu udaletxeari ezer kendu, herriarena den zerbait berreskuratu dugu». Hainbat problematikei erantzuten dien proiektuak sortu dira, eta alternatibak sortu dira sistemari aurre egiteko. «Horrek ahalbidetzen du modu altenatiboan bizitzea, sistemari ahalik eta gutxien emanez, edota are gehiago, sistema horri zerbait kendu eta herriaren eskutan jarriz».

Hiru urte horietan indar handia hartu du auzoak eta ekimen ugari jarri dituzte abian: baratzea, gaztetxea, zinema, okindegia edota frontoia, esaterako. «Etxebizitzaren problematikaz gain, bizitzaren beste esparru batzuk hartzen ditu kontuan ekimen horrek. Bizi ahal izateko bakarrik ez, gure beharrak asetzeko eta pertsona moduan aseta sentitu ahal izateko alternatibak eskaintzen dizkigu Errekaleor ekimenak», azaldu du.

Ekimen horien oinarria autogestioa da, eta autogestioaren eta auzolanaren bidez funtzionatzen dute. Lan talde ezberdinak daude eta lan talde horiek elkarrekin koordinatuta daude. Lan talde horiek antolatzen dituzte tailerrak, emanaldiak edota bestelako ekimenak. Horretaz gain, hilabetean behin, asanblada orokor bat egiten dute. Bilera horretan auzoaren norabidearen inguruan hausnartzen dute, auzoaren bidea egokitzeko eta berritzeko.

Hustuta zegoen auzoak bizia hartu du eta bizirik dago: «Gero eta jende gehiago dago, gogotsu, erritmo polita hartzen ari da auzoa, eta pausu garrantzitsuagoak emango ditugu etorkizunean ere. Sistema honetan bizitzera kondenatuta gaude, baina horren aurka egiteko alternatiba berriak sortu behar ditugu, ahal dugun neurrian sistema horretatik alde egiteko». Etorkizuna, beraz, badu Errekaleorrek; ez du inolako zalantzarik.

Etxebizitza pertsona ororen eskubidea dela dioten arren, ukaezina da eskubide hori ez dagoela bermatuta. Protagonistek argi utzi dute sistema kapitalistaren logikatik urruntzeko moduak badaudela. Bizi eredu berriak sortuz eta herriari berea dena bueltatuz, auzolana eta autogestioa ardatz. «Ez dago hori baina gauza politagorik».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!